Euskararen herria harrera herria

Euskararen herria harrera herria –

Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.

Euskararen herria harrera herria
Arg: Danbolin

Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo Asiako bere sorterritik, lotsagabeki, “lehen mundua” deiturikora iristeko asmotan, bizirauteko etorkizun baten bila ateratzen den pertsona migranteak.

Eta tipi-tapa, baina, oraingoan, dardarka, beldurrez eta ziurgabetasunez beteta, bizia arriskuan jarriz, ematen dituzte pertsona horiek beraien urratsak Europara sartu ahal izateko harresiak eta alanbre hesiak gainditzeko ahaleginean; edota itsasoa zeharkatu nahian pateran oinak sartzen dituztenean, jakin gabe zeharkaldiaren amaieran berriz ere oinak tipi-tapa lurrean jarri ahal izango dituzten ala ez.

Migrazioaren gaia jorratzen denean, ia aipamenik ez duen arren, pertsona horietako asko, jatorriz, hizkuntza gutxituetako hiztunak dira; gehienak desagertze bidean dauden hizkuntza komunitateetako partaideak. Izan ere, beraien bizi baldintza materialen degradazioa mendetan eragin duen azpiratze kolonial berberak beraien herrien nortasun- eta hizkuntza-azpiratzea ere eragin du. Mendetan zehar, beraien lurren aberastasunak arpilatuak izan diren bezala, beraien berezko hizkuntzak ere zapalduak izan dira, egun jarraitzen duen hizkuntza-ordezkapen glotozidan. Euskaldunok gure larrutan pairatu izan dugun zigor eta bortxa berdina pairatu dute, orain, guregana iristen ari diren hizkuntza-gutxituetako hiztun horiek eta euren arbasoek.

Euskaldunok oso ongi dakigu inperioen kolonizazioaren eraginak eta ondorioak zeintzuk diren. Zein da, bestela, egun idealizatzen dugun euskal diasporaren jatorria, gehienak ez badira gosete, pobrezia eta gerretatik ihes egin behar izan zuten euskaldunen ondorengoak? Milaka izan ziren baserrian jatekorik ez eta Ameriketarako bidea hartu zuten euskaldunak. Milaka izan ziren bezala, Frantziako Iraultzaren, Karlistaden edo 1936ko gerraren errepresiotik ihesi, itsasoa gurutzatu zutenak. Horiek ere, tipi-tapa, sorterritik joan behar izan zuten inoiz ez bueltatzeko, euskaldun horiek ere migrante bihurtuz. Egun pobreziatik eta gerretatik ihesi gurera iristen diren pertsonen beldur eta ziurgabetasun berak barnean zeramatzatela.

Gu ere herri zapaldua eta migraziora kondenatua izan garenez, oso ongi dakigu bereizten zeintzuk diren kolonizatzaile glotozidak eta zeintzuk migranteak; zeintzuk diren euskarak dituen mehatxuak eta zeintzuk erronkak; zeintzuk diren euskararen desagerpena bilatzen duten estatu nahiz indar politikoak eta nortzuk gure herrira gurekin batera bizitzera datozenak; are, nortzuk diren gure hizkuntza ikasteko prest daudenak, horretan erraztasunak eman eta laguntzen baditugu. Argi diogu, beraz: migranteak ez dira euskararen etsaiak.

Horregatik, euskaltzaleok ez dugu onartuko inolako “euskal faxismorik” sustraitzea gure herrian. Ustez euskararen alde egiteko pertsona migranteen aurka egiten duten horien aurrean, irmo jarriko gara. Faxismoa faxismoa baita beti, “euskalduna” izanagatik ere.

“Tipi-tapa, Korrika!” oihukatzen gindoazen iazko martxoan, Santiagoko Zubia gurutzatzen ari ginen hainbat migratzaile gure artean genituela, gure herria zatitzen duen muga inposatua elkarrekin gurutzatuz. Korrika euskaldunok bereziki hunkitzen gaituen ekimena izanik, azken edizio hori horrelako elkartasun ekimena egiteko baliatu izanak harrotasun gehitua sortu zigun.

Igandean, irailaren 26an, berriz ere muga bera gurutzatuko dugu, oraingoan, ekimen hartan parte hartzeagatik epaituko dituzten kideekin zein pertsona migrante guztiekin elkartasunean. Izan ere, euskararen zapalkuntzaren aurka borrokatzen dugunean, zapalkuntza ororen aurka borrokatzen ari gara. Abestiak dioen moduan, “batek gose diraueno ez gara gu asetuko, bat inon loturik deino ez gara libre izango”.

Irati Areitio, Luken Etxabe, Sugoi Etxarri, Intza Gurrutxaga eta Ibon Leibar
Euskal Herrian Euskarazeko kideak

 

Euskararen herria harrera herria  Euskararen herria harrera herria

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara

Zer duzu buruan “Euskararen herria harrera herria”-ri buruz

  • Globalismoaren defentsa euskararen biziraupenaren izenean egiteak inteligentziarako iraina da. Gure herriaren kolonizazioa ematen den bitartean, euskal aurrerakoiak mundua salbatu nahian zabiltzate, a ze itsukeria!!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude