Euskararen herri nortasuna
Euskararen herri nortasuna –
Duela egun gutxi, aspaldiko lagun min izandako bat galdu izanak, eta “bazterretik” denbora ihesi doala ikusirik, elkar, mendian bizi izandako hainbat gertakizun -ez denak lasai eta zorionekoak- eta oroitzapen ugari ekarri dizkit burura. Jakina, ez dut pasadizorik mamituko, baina bai argitu bere euskaldun nortasun sendoa.
Nire laguna, beste euskaldun asko bezala, ez zegoen batere gustora “goikoek” erakutsitako hainbat jarrerekin, baina oso ongi zakien herritarren esku dagoela benetako agintaritza. Ez dut nola nahi ahaztuko –gaueko izarrak teilatu- bere ahots sendoari hainbat aldiz entzundakoa: euskarak dakarren euskal nortasuna da gure armarik zorrotz eta eraginkorrena.
Nire lagunak zioen bezala, ez dirudi zalantzagarria denik Euskal Herria izena, euskarari loturik doala eta hasiera batez hizkuntzak markatzen zuela Euskal Herriaren espazioa. Lekuko jendearen mintzaira izanik, mugak nekez izaten ahal ziren finkoak, beraz, hiztunen araberakoak ziren.
Denborarekin, ordea, euskaraz hitz egiten zen espazioa finkatuz joan zen, eta euskara alde batzuetatik galdu arren, historian zehar eraikitako erakundeetatik iraun zuten zazpiei, Euskal Herri izena ematen zaie egun.
Lurraldetasuna dela eta, egia da, maila politikoa dela agerian geratzen dena, baina hala ere, askoz sakonagoa den maila soziala gaineratu nahi nuke. Lehena ikusten da gehien, baina bestea sakonagoa dela uste dut.
Abertzaletasunaren lurralde helburu estrategikoa, maila politikoan eskatzen dena baino eskakizun zabalagoa da. Denboran zehar, gizarte euskaldunak argi agertu du hori. Estatua osatzea baita abertzaletasunaren helburu politikoa, eta asmo horren aurka, eraikitako estatuaren edo estatuen erreakzio bortitza etor daiteke, aspaldian datorren bezala.
Horrela gertatu da euskal abertzaletasunaren kasuan, Espainiak eta Frantziak behar adina arma erabiltzen dituzte. Ongi dakiguenez, euskal lurraldetasuna galdatzea eta haren alde borrokatzea ez da erraza izaten ari abertzaleentzat. Horregatik, helburu zen eta den burujabetza, “oraindik” ez da lortzerik izan.
Emaitzak, dena den, ez dira hain kaskarrak. Abertzaletasunak jakin izan baitu zazpi herrialdeko Euskal Herriaren irudia ezagutarazten eta hedatzen, marko hori baita aspaldidanik, agenda politikoaren eta eguneroko bizitzan, eztabaiden zati handien biltzen duena.
Urteak igaro hala ikasi dugu, askok uste baino prozesu gogorragoa izaten ari dela. Kanpotik, bi estatuetatik asma zitezkeen erasoak jasan behar izana aski ez, eta barrutik ere, desadostasun ugariak eta sakonak izaten ari dira. Alde batetik, biztanleen zati batek Espainia eta Frantziarekiko lotura nahi duelako. Eta bestetik, abertzaleen artean, batzuetan lurralde helburu desberdinak direla medio, eta bestetan, urrats taktiko-ekonomikoak ez direlako modu berean ulertzen.
Hainbeste ezadostasun nabarmen tartean izanik, hala ere, nolabaiteko lotura bat bilatu beharko bagenu, euskal abertzaletasunaren nahia eta autodeterminazio eskubidearen eskaera aipatuko nituzke. Eta biak aplikatzeko marko fisikoa, gaur egun aldarrikatzen diren zazpi herrialdeak.
Lurralde ikuspuntutik begiratuta, baieztapen horiek abertzale guztiek onartu beharrekoak direla esango nuke, eta horrela ez egitekotan, euskal abertzalearen definizio berria egin beharko litzateke. Orain arteko araua -nik dakitenez- hori izan baita.
Hori dela eta, bitarteko urratsak ezin dute lurralde helburu estrategikoa nahita gorde. Horrela, autonomia markoen lurraldetasunak bultzatuta, benetako marko “orokorra” ahazteko arriskua izan daitekeelako. Jakinik horixe dela estatuaren helburua.
Horregatik eta erregionalistak -aurrera begira “oraindik” Estatutua bultzatzen dutenak- beste zerbait erabakitzen badute ere, zazpi herrialdeko Euskal Herria da eta izango da, abertzalearen azken helburua.
Horrez gain, maila politikoan eskatzen denak, maila sozial honetan onartua izan beharko luke, nahi eta behar duen arrakasta eduki dezan, bestela iruzurtzat hartua izan daiteke.
Horrela gertatzen da. Estatuak nolabaiteko autonomia maila eskaintzen duenean, erakunde abertzaleak eskatzen duena baretu nahian, edo multzo horretako “beste talderen batek”, neurri apalagoko lurralde eskaera egingo balu, -Eusko Alderdi Jeltzaleak Nafarroarekin egindakoa kasu-.
Beraz, bi maila horietako helburuak batzen ez direnean, bien arteko lotura eraiki behar da, beharrezkoa izango den herri sostengua lortzeko. Gaur egun horrela ez da baina horrela beharko da izan, nahiz bakarren batzuk ez duten “begi onez” ikusten.
Horrelako jarrera ezkor bezain harro plazaratzen dutenen aurrean, nahi nuke agertu, abertzaletasun guztietan bezala, asko direla erabiltzen diren moduak, helburu horri eusteko elementuak eta jokaerak. Euskarak, antzinako instituzioek, historiak, paisaiak, ohitura edo kirolak, denek lotura elementu gisara eragiten dute, eta batasun sentimendua sortzen eta indartzen laguntzen dute.
Euskarak dakarren nortasuna dela eta -nire lagunaren esaldia berreskuratuz- esan beharra dago, euskararen egoera aztertuz asko idazten dela, eta baliteke gehienak mesederako izatea. Baino nire ustez, bihotza eta maitasunean oinarritzen dugunean euskarak galdutakoa berreskuratzeko, hanka sartzen ari gara.
Egoera honi aurre egiteko ez da aski, herriak bere nazio hizkuntza zaharrari miresteak, iragarki baikor eta alaitsuak aski ez diran bezala. Nik ez dut uste, herria “jo eta su” abiatuko denik, jatorrizko hizkuntza berea duelako soilik, hizkuntza hortaz jabetzera. Nik ez dut uste.
Euskaldunak, -hiztun ez direnak barne- Euskal Herria osatzen dugun guztiok mugiarazteko arrazoiak, ezin izan liteke hizkuntzaren zahartasuna edo edertasuna. Jendeak “ikusi” egin behar du, euskaldunak zertarako duen euskara. Ikusi eta jabetu, nola eta zergatik euskaldun askoren bozak, erabiltzen dituzten euskarari erasotzeko.
Inork ez dezake uka, herri bati hizkuntza ordezkatzean, arrotz-prozesuan sartzen dela, eta hizkuntza komunitatea osatzen duen jendeari, bere elementurik funtsezkoena aldatzean, kide izate ere aldatu egiten zaiola. Hizkuntzaren bidez beste herri baten partaide egiten baita.