Euskararen Geroa

Euskararen Geroa –

Ez nauzue ni 2015eko aldaketa instituzionalak Nafarroa Garaian abiatu zuen Aldaketari osoko zuzenketa egiten dien horietakoa. Horretan ez nauzue aurkituko. UPNk egiten zuena eta Geroa Bairen Gobernuak -bertze hiru alderdien babesarekin-egiten duena konparatuta, gai naiz ikusteko ez direla gauza bera. Baina, noski, denok baditugu gure intereseko kontuak eta neureetan, bederen, badira arantza batzuk min egiten didatenak.

Euskara da horietako bat, jakina.

Euskararen Geroa

Eta, zera, gaurko manifestu honetan etengabe lehen pertsona erabiltzen ari naizenez, utz iezadazue neure burua berriz aipatzen eta 2015eko ekainean idatzi nuen artikulu bat honera ekartzen. Ordu hartan, Gobernu berriari eskatu nion 2000. urtean UPNk euskararen kontra abiaturiko erasoa gogoratzea. Nola dekretuz dekretu, euskarak administrazioan zuen presentzia txikia zokoratzen joan zen UPN, paria euskaldunak are ikusezinago bilakatzeko asmoz.

Eta Uxue Barkosen Gobernuari eskatu nion gutxien-gutxienik, oldarraldi haren aurreko egoerara itzultzea nafar administrazioa. Eta hortik gora.

Bada, normala denez, ez didate kasurik egin, eta dekretu haiei buelta emateko ezer gutxi egin dute.

Geroa Bairendako euskara gaztelaniaren gibelean baitago, bigarren edo hirugarren maila batean, eta ez du batere arazorik jarrera hori erakusteko. Konparazio batera, aurrekoan Espainiako bozetara aurkeztuko dituen hautagaiekin agerraldia egin zuen Geroa Baik, hauteskunde kanpainaren leloak zituen atril bat erabilita. Atrilean “NAVARRA NO SE TOCA”, gaztelaniaz; goi-goian eta hizki larritan idatzita. Eta azpian, “Nik, Nafarroa!” euskaraz, hizki hagitzez txikiagoetan, hizki etzanetan, eta kolore intentsitate baxuagoan; alegia, euskaldun miopeok nekez ikusteko moduan.

Bistan da UPNk umezurtz utzi duen erregionalismoa bereganatu nahi duela Geroa Baik, eta batzuen ustez hori gauza ona da Aldaketarako. Baina asmo horretan euskara eta, beraz, euskaldunak, baztertzeak niri neuri min egiten dit.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko apirilaren 2koa]

Euskararen Geroa

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.

22 pentsamendu “Euskararen Geroa”-ri buruz

  • Ganbaratxotik 2019-04-05 11:45

    Hala da bai. Eta zein berezia den gure Euskal Herri bedeinkatu hau honatx beste adibide bat: Gipuzkoako herri industriadun eta erdaldunean EH Bilduk bere alkategaia aurkeztu zuen kale gorrian. Ordubetean hitz jario oparoa dinamizatzaile eta ahaldundirako hautagaiak lagunduta. Euskera hutsean egin zen nahiz eta jakin aurrean zeuden 100 entzuletariko askok.ez ulertu piperrik ere.
    Zein da bide egokia? Asmazan/k!!

  • Nafarroako egoera ez da batere xamurra. Nafartarrak hirutan banatzen dira, batetik euskararen aldekoak, bestetik indiferenteak eta azkenik euskararen kontrakoak. HIru talde hauek gutxi gora behera berdintsu banatzen dira baina kontrakoak aldekoak baino piska bat gehiago dira. Hori da eskualde horren errealitate trixtea. Horregatik, gai horren inguruan testimonialismo hutsalak eta larritasuna bultzatzea baino hobe da nafartarren konzientzia aldatzea, gutxinaka eta indar itxurazko ezer erabili gabe.

  • euskaldun bat 2019-04-05 20:57

    Geroa Bairen jarrera ulergarria da. Berak badaki euskararekin botoak ez dituela irabaziko, galdu baizik. Euskaldunak seduzitzeko beharrik ez dute, euskaldunak burua makurtuta (beti bezala) astoak bezala euskaldunei emango die bozka. Erdaldunak seduzitu beharra daude ordea, beti erdaldunak dira garrantzitsuenak. Nafarroan gertatzen dena da, euskaldunak beharko luketen asko erdaldunak direla, hori da eskualde horretako miseririk handiena. Hainbestekoa da eskualde horretan dagoen fondo tradizionalista eliztarra. Beraz Asier, ulertzen zaitut, zuri gertatzen zaizuna da jeloskor zaudela, goxotasuna besteentzat dutela sentitzen duzula eta zuretzat ezer ez dagoela. Baina burua makurtu eta astotxo baten moduan euskaldunei bozkatzea beste erremediorik ez duzu, nik bezalaxe. Animo!

  • Nafarroan euskaldunok hobe dugu esnatu eta antolatu, guztiz urtu baino lehen.
    Ez gaude Geroa Bairen lehentasunen artean, baina ezta ezker abertzalearen lehentasunen artean ere. Utzikeria da nagusi euskaldunekiko. Ez gara nor.
    Adibide oso esanguratsuak daude. Sartu adibidez Altsasuko gurasoen twitterreko edo facebookeko kontuetan. Españolez daude edukien %90. Tuterakoak izan balira euskara gehiago erabiliko zuten beharbada.
    Labur esanda, Nafarroan euskaldunak desagertzeko bidean gaude, Iparraldean bezala.

  • Benat Castorene 2019-04-07 09:22

    Juantxo, erran nahi luke Altsasuko twitter egileek edo errazago egiten dutela erdaraz edo erdaldunekin ere komunikatu nahi dutela. Diglosiaren agerraldi beste bat dateke.Edo prozezua martxan dagoela bederen.
    Gogoratzen dut garai bat nun euskaldun zaharrek freantsesez kondatzen zuten, beste batzu hasi zirelarik esaldi guziak euskaraz hasten eta erdaraz bukatzen.
    Espero dut halere Sakanako euskara ez dela momentuz Lapurdikoa bezainbat desagertzeko arriskuan.
    Toki batzuetan nabarmen da desagertuko dela beste batzuetan jadaniko desagertu den bezala. Zer egin dezakegu toki horietan, aldaketa politiko erabateko bat gertatu artean?

  • juan inazio hartsuaga 2019-04-07 12:08

    Alderdi politikoek aspaldi utzi zioten gizartearen gidari izateko asmoari. Orain gizartearen zati batekin sintonian agertzen saiatzen dira. Alderdiak egokitzen zaizkie gizarte taldeei eta ez dira saiatzen alderantzizkoa eragiten. Gizartea euskaltzaletzen denean bihurtuko dira alderdiak euskaltzale. Bestalde, aspaldiko euskaldunek babak eltzetik norberak ateratzeko zuten ohitura sanoa badirudi galbidean dela ziztu bizian. Guztia da eskatzea. Honi, hari, alderdi politikoei eta sursum cordari. Eta norberak egin dezakeenaz noiz mintzatuko gara? Hor aipatzen direnak egia dira noski, baina begira dezagun gure inguruan, gizarte mailan egitea gure esku dauden gauzei. Non daude euskara hutsez funtzionatzen duten kirol elkarteak? Non euskara hutsez funtzionatzen duten abesbatzak? Non, elkarte gastronomikoak? Non danborradak? Non zine-klubak? Non janari-bankuak? Non Txarangak? Non …..?

  • Azken Portu 2019-04-07 12:41

    Bat nator Hartsuagarekin. Horregatik ez da kasualitatea artikuluaren egilea sindikalista izatea. Berauek baitira jitokristau (beti negarrez edota eskatuz) kultura honen adierazlerik nabarmenenetakoak.

  • Gizarteak alderdiak aldarazteko modu bat da bati eta besteari eta sunsuncordari ere eskatzea ba.
    Alderdi eta sindikatu abertzaleei koherentzia exijitu behar diegu

  • Alderdiak aldarazteko modu bat da bati eta besteari eta sunsuncordari ere eskatzea ba. Hori ere norberak ekitea da. Erakunde horietan euskaldunok ahalduntzea eta berdintasuna exijitzea ez ote da eraginkorra?
    Alderdi eta sindikatu abertzaleei koherentzia da exijitu beharreko gutxieneko bat, horietan oraindik euskaldunak gehiengo izan gaitezkeelako, eta abertzale erdaltzaleengan eragin dezakegulako.
    Euskara hutsez diharduten talde eta erakundeak sortzea bide askoz zailagoa, egingaitzagoa iruditzen zait.

  • Benat Castorene 2019-04-07 15:44

    sunsuncorda????

  • euskaldun bat 2019-04-07 18:20

    Sunsuncorda: esateko modu bat da, Benat, auskalo nor hori aditzera emateko erabiltzen da. Nik beste modu batzutan adierazten dut, adibidez, “etxekoneko Juan Inaxio” eta antzekoak.

  • euskaldun bat 2019-04-07 18:24

    Baina hiztegiak dioenez, “Aita Santua” esan nahi du. Baina aurrez azaldu dizudan adiera hori du.

  • Benat Castorene 2019-04-07 19:08

    Orduan iduritzen zait ulertu dutala:
    Hartxuagak “Honi, hari, alderdi politikoei eta sursum cordari…” erran ordez
    Berdin hemen bezala erran zezakeen:
    “Honi, hari, alderdi politikoei eta… nik dakita nori?”
    Eskerrik asko EB.

  • Horixe da, bai, sursumcorda delako horren adiera,
    Ez nator bat Juaninaziorekin horretan. Hemen ez zaie sekula ardurarik eskatu alderdi politikoei euskararen normalizioaz edo euskaldunen bazterketaz. Hutsuneak betetzeko lanak euskalgintzari utzi zaizkio (eta euskalgintzak bere arduratzat aldarrikatu), burutu ezinezko helburu.
    Horretan alderdi abertzaleek “azti” jokatu dute duela hainbat urtetatik hona: euskalgintzako eragileei biziraun zezaten eskupeko batzuk emanez, eta euskaldunekiko ardurak haien lepo utziz. Emaitzak bistan dira.
    Bestalde, “Gizartea euskaltzaletzen denean bihurtuko dira alderdiak euskaltzale” egia da, baina egiaren parte bat baino ez. Izan ere, nondik eragin behar da gizartea euskaltzaletu dadin? Horretan ere alderdiak ardura handia dute. Are handiagoa, kontrako indarrek (unionistek) gobernatutako gizarte batean murgiltzen garelarik.
    Alderdi, sindikatu eta beste eragile abertzale batzuen apustu sendorik gabe, ezingo da sekula gizartea, edo zati esanguratsu bat sikiera, euskaltzaletu.
    Eta norberak egin dezakeenaz noiz mintzatuko garen? Agintari abertzaleak etengabe ari zaizkigu “norberak egin dezakeenaz” mintzatzen, euskararen berreskurapenaren ardura norbanakoen bizkar jarriz. Ahalegin kolektibo antolatu barik, ez dugu zer eginik. Nori berea eskatu beharra dago, eta EAJk nahiz EHBilduk baliabide eta tresna asko dauzkate erabiltzeke. Norbanakoen zeregina, euskaraz egiteko aukerak baliatu eta agintariei exijitzea ere bada. Behingoz.

  • Alderdi politikoei exijitu dakieke, berbarako, POSTUREO euskaltzale antzuari azkena eman diezaioten.
    Geroa Baiko (EAJ – independenteak) Uxue Barkos, Koldo Martinez, Maria Solana eta Unai Hualde buruzagien Facebookeko profiletan sartu besterik ez dago, euskaldunekiko ardura zein neurrikoa den ikusteko.
    Uxue da euskara (ere) erabiltzeko ohitura duen bakarra (bigarren maila batean beti baina).
    Hori bai, egunotan Korrikan ibili dira arnasestuka, “euskararen alde”…
    https://www.facebook.com/profile.php?id=100012683201449
    https://www.facebook.com/UnaiHualde/
    https://www.facebook.com/solanarana/
    https://www.facebook.com/uxuebarkos/

  • juan inazio hartsuaga 2019-04-08 11:18

    Norberak ekitea ala besteei eskatzea (edo exijitzea). Bietan zein den eraginkorren eta bietan zeini atxikitzea merezi duen, denborak eta emaitzek erakutsiko dute. Bitartean nork bereari eutsi diezaiola, gustukoen duen bidea hautatuz, guztien beharra eta gehiago izango da eta.. Niri, eskatu eta erantzunaren zain geratzeko pazientzia agortu zait. Adinaren kontuak izango dira.

  • Azken portu 2019-04-08 16:26

    JJ-ri:
    Heteroexijentziaren aldekoa zarenez, ez duzu uste euskarari dagokionez postureoan gure sindikatuak (ni ere ELA-ko afiliatua naiz) zer aldatu asko baduela?

  • Ez dakit ELAkidea zaren ala ez, baina bai. Zer aldatu asko dauka ELAk ere.

  • Ganbaratxotik 2019-04-09 10:28

    Pragmatismo erdatazalea batetik mutur batean. Koherentzia euskaltzale xaloa edo ingenuoa bestean. Zeguraski tartean aurkitu beharko d(it)ugu irtenbidea(k) tokian tokiko errealitateetara doituak. Betiere oinarrizko printzipio bati eutsiz nere ustetan: hizkuntza TRESNA bat da eta gizakiok beti-beti geronek sortutako tresnak erabiltzeko PREMIArik ez badagu(ekonomikoa, afektiboa, legala,…) baztarrean uzten ditugu..

  • Baneteuanba 2019-04-09 16:32

    Erdi bidie! Jakintsu danak aitatu eta non dagoan inork ez dakien hori. Majo.

  • Ados. BEHARRA da gakoa. Baina behar hori nekez sortuko du txiki-txiki eginda, zatituta eta erdi-asimilatuta dagoen komunitate gero eta urriago honek bere ekimen hutsez.
    Behar hori sortzeko daude alderdi politiko, sindikatu eta bestelako erakunde abertzaleak. Eta horiek denek, EAJk eta EHBilduk bereziki, badituzte TRESNAK egun dena baino askoz beharrezkoagoa egiteko euskara.
    Horiek dauzkate tresnak (erakunde publikoak, diru publikoak, hedabideak…) komunitate honetan eragiteko, euskaldunokin elkar eragiteko, orain arte baino askoz gehiago. Komunitateak, guztiak, gero eta ahulagoak eta zaurgarriagoak direlako, boteretik hori ere ereiten baita.
    Gauza bat ahaztu zaizu hala ere, Ganbaratxo: BORONDATEA. Horretatik ez dute aski. Batzuek beste batzuek baino gutxiago. Horregatik gaude horrela.

  • Euskararen geroa ziurtatuta egongo da, batzuek hemen ondo esan duten gisa euskara BEHARREZKOA BADA. Esparru oso gutxietan eta txikietan da beharrezkoa gaur egun, denok dakizkigun ondorioekin. Eskala handiago batean euskara nagusi izatea nahi badugu lehenengo baldintza euskal komunitate indartsua eta trinkoa edukitzea da, behar hau efektiboa izan dadin.

    Horretarako, alderdiei itxaroten egon gabe kaleko euskaldunoi dagokigu iniziatiba hartzea. Bizitzako esparru eta hautu guztietan euskara eta euskaldunak lehenestea, eta aukera ez denean exigitzea. Hau bai dagoela gure esku.

    Euskara lehenengo, euskaldunok lehenengo!