Euskararen etorkizunaz gogoetatu eta gazteei entzuteko jardunaldiak antolatu dituzte
Euskararen etorkizunaz gogoetatu eta gazteei entzuteko jardunaldiak antolatu dituzte –
Euskararen etorkizunaz gogoetatu eta gazteei entzuteko jardunaldiak antolatu dituzte Kontseiluak eta Jaurlaritzak lankidetzan.
Adituen eta gazteen ahotsak tartekatuz, euskaratik ditugun erronkak aletuko dira: periferiak, nortasuna, digitalizazioa, hezkuntza…
Ekainaren 1 eta 2an Bilboko BBK Kuna gunean egingo dira jardunaldiak.
Doakoak dira eta maiatzaren 29ra arte eman daiteke izena www.kontseilua.eus webgunean.
Ekainaren 1ean eta 2an Bilboko BBK Kuna gunean egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak. Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen izena izango dute, euskararen etorkizunaz eta gazteen ahotik jasotako erronkei erantzuteko beharraz hausnartzea izango dute xede.
Jardunaldiak doakoak izango dira, baina beharrezkoa da izena ematea www.kontseilua.eus webgunean, maiatzaren 29ra arte. Halaber, jardunaldiei buruzko informazio guztia bertan dago jasota.
Jardunaldietan hainbat galdera planteatuko dituzte eta erantzuna bilatzeko saiaketa egingo dute: zein dira gazteentzako euskara hizkuntza-hautu erakargarri egiteko sustatu beharreko ildo eta politikak? Zein dira epe ertainean datozen aldaketa eta erronkak? Eta garrantzitsuena: zer diote gazteek honen guztiaren inguruan? Zer behar dute? Galdera horien garrantziak gazteengan zama handia jartzera eramaten gaituzte sarri, eta askotan, eurei entzun gabe erantzunak proposatzera. Hortaz, galdera horiek denak aletzeko hainbat arlotako adituek ez ezik gazteek ere izango dute hitza.
.
Hezkuntza, periferiak eta arnasguneak
Azken urteetan areagotu egin da kezka bat: eredu euskalduneko ikastetxeetan ere gero eta gehiago sumatzen ari diren joera da gaztetxo eta gazteek ez dutela euskaraz egiten, ezta ikasgela barruan ere. Fenomeno horretan sakontzeko, Iratxe Retozala ikerlari eta UEUko GOI institutuko kidea hezkuntza-esparruan euskal hiztun aktiboak sortzeko egin beharreko urratsez eta etxeko-lanez arituko da lehen egunean. Jarraian, gazteen hizkuntza hautuetan jatorri soziolinguistikoak eta hizkuntza-ideologiak duten eragina aztertu duen ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu Nekane Arratibel HUHEZIko irakasle eta ikertzaileak.
Naroa Jauregizuria soziologo eta hizkuntza-kudeaketa aholkulariak Bilbo Handiko 15-18 urte bitarteko gazteek ikastetxeetan euskara eta euskal kulturarekin zein harreman duten ezagutzen saiatzeko proiektua azalduko du. Bertan, euskara eta euskarazko kulturaren transmisioan lagun dezaketen hainbat jarraibide identifikatu dituzte, eta euskararen periferia terminoaren definizioa landu dute.
Halaber, arnasguneak ere euskararen biziberritze prozesuan gune garrantzitsuak dira. Baina azken boladan aldaketa handiak ari dira gertatzen arnasguneetan: aldaketa demografikoak, sozioekonomikoak, ingurune digitala… Erronka eta galdera berriak ari dira pizten arnasguneen inguruan, gaztetxo eta gazteekin harreman zuzen-zuzena dutenak. Hauei erantzuten saiatuko da UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateko ordezkari bat.
Ondoren, Itxaso Paya euskal sortzaile, antzezle eta bertsolariak hartuko du hitza. Azken hilabeteetan, hainbat gazterekin «Nolakoa nahi zenuke izatea gazte euskaldun baten bizitza etorkizunean?» galderari erantzuna bilatzeko egindako prozesua azalduko du.
Lehen egunari amaiera emateko, gazteen hitza zuzenean presente izango duen mahaiingurua egingo da. Euskal Herriko ertz diferentetan bizi diren bost gazte elkartuko dira euskararen inguruko galdera-hausnarketa batzuen bueltan, bakoitzak bere bizipen eta errealitatetik erantzun diezaien. Sorterriak eta bizilekuak, generoak, inguruak eta hautu pertsonalek duten eragin eta garrantziaz arituko dira, batik bat, Odei Barroso rapero eta bertsolaria (Urruña, 1988), Laura Ré podcastgilea (Lorca, 1995), Asier Urkiza literatur kritikaria (Bilbo, 1997), Cristina Osés soziologoa (Azkoien, 1994) eta Carlos Martinez musikaria (Murtxante, 1997).
.
Digitalizazioa, aisialdia, nortasuna eta iritziak
Bigarren egunean, Josu Aztiria Orai NPL Teknologiak-eko koordinatzaileak gazteen artean ingurune digitalaren orokortzeak eta ingelesaren presentzia gorakorrak euskararentzat eta hizkuntza gutxituentzat ekarri dituen beharrak eta erronkak aurkeztuko ditu. Halaber, egungo gizarte mediatizatuan sare sozialek duten eragina aintzat harturik, Agurtzane Elordui eta Jokin Aiestaran EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakasle eta ikerlariek aztertuko dute gazteek haien praktiketan eta diskurtsoetan zein balio, sinesmen, iruditeria kultural eta soziopolitiko lotzen dizkioten euskarari.
Ondoren, Amaia Perez Hezten elkarteko soziolinguistika lantaldeko koordinatzaileak gazte euskaldun oso eta aktiboak eratzeko prozesuan hezkuntza ez-formalak eta astialdiak duten eragina eta garrantzia azalduko ditu. Eta etorkizuneko erronkak pentsatzerakoan ezinbestekoa delako gazteen ahotsa jasotzea, Goiatz Oiartzabal Badalab hizkuntza eta gizarte berrikuntzarako laborategiko zuzendariak gazte talde batekin egindako fabula ariketa aurkeztuko du, gazteek hizkuntz auziarekin nolako harremana duten eta nolakoa izan nahi duten jakiteko.
Azkenik, Amets Aranguren Kontseiluko proiektu buruak EHUko eta NUPeko ikasleekin egindako bi focus group-en emaitzak azalduko ditu, hizkuntza-ohituren inguruan dituzten iritziak, egunerokotasunean presente dituzten hizkuntzak, oztopoak eta hauek gainditzeko ardurak izan dituztenak hizpide. Jardunaldiei amaiera emateko, ondorioen laburbilduma bat egingo da bertsotan.
.
Lankidetzarako espazioak
Jardunaldietako antolatzaile Kontseiluak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak azpimarratu nahi izan dute bi erakundeen arteko lankidetza-markoan kokatu behar direla jardunaldiok. Biek beharrezkotzat jotzen dute euskararen etorkizunaz eta gazteak entzuteko erronkaz hausnartzea, orain arte egindako ikerketak eta zuzeneko esperientziak partekatuz. Hartara, Zer behar dute gazteek? jardunaldiek horretarako parada ezin hobea eskainiko dutela uste dute.
Euskararen etorkizunaz gogoetatu eta gazteei entzuteko Euskararen etorkizunaz gogoetatu eta gazteei entzuteko Euskararen etorkizunaz gogoetatu eta gazteei entzuteko