Euskararen aurkako sententzia Galdakaoko Udalean: erantzun zabala datorren ostegunean

Euskararen aurkako sententzia Galdakaoko Udalean: ostegunean –

  • Bilboko auzitegiak Galdakaoko Udalaren aurka eman duen sententziaren aurrean erantzun zabala emango diote datorren ostegunean.
  • Elkarretaratzea ekainaren 20an 19:30ean Galdakaoko Ardanza parkean izango da. Euskalgintzak deitu eta Udaleko langile batzordeak bat egin du.
  • Salatu dute botere judiziala hizkuntza politika egiten ari dela Galdakaoko Udalaren eskumenaren eta herritarren hizkuntza-eskubideen kaltetan.

Gaur jakin dugu Galdakaoko Udalak 2022an egindako gizarteratzeko eta laneratzeko teknikari lanpostua egonkortzeko deialdian ezarritako euskara eskakizuna baliogabetu duela Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4. epaitegiak. Galdakaoko euskalgintzak, eragileek eta herritarrek erantzun zabala emango diote euskararen normalizazioaren aurkako azken sententzia honi datorren ostegunean, ekainak 20, deitu duten elkarretaratzearekin.

Berriz ere, udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena izan dute auzitegiek jo puntuan. Udalek hizkuntza-politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dute, alegia. Horregatik, ozen salatu nahi dugu botere judizialaren esku-hartzea hizkuntza politiketan, bereziki adostasun politiko eta sozial zabalen gainetik egiten denean eta herritarroi hizkuntza-eskubideak, oinarrizko eskubideak, ukatzen dizkigutenean, euskal hiztunak bigarren mailako herritar izatera kondenatuz.

Onartezina zaigu, gainera, epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa da: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntza-eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Galdakaoko Udaleko gehiengo sindikalak sententzia honen aurrean erakutsitako arbuio irmoa dugu horren froga.

Hala ere, sententziaz sententzia argi ikusten ari gara ia edozerk balio duela epaitegietatik euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurriak baliogabetzeko. Kasu honetan, epaileak “gehiegizkotzat” jo du euskara eskakizuna. Batetik, oinarri juridiko erabat eztabaidagarria duen salbuespena aplikatuz eta, bestetik, Galdakaoko euskararen ezagutzan oinarritutako derrigortasun-indizearen interpretazio murriztaile bat eginez. Hala, kristalezko sabaia ezartzen zaio euskararen normalizazio prozesuari, hizkuntza-berdintasuna hautsiz eta orain arte ezagutu dugun euskararen ofizialtasuna kolokan jarriz.

Horregatik, Galdakaoko Udalari euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko dei egiten diogu. Eta horrekin batera, euskarari dagokion egiazko ofizialtasun estatusa bermatuko dion zoru juridikoa bermatu eta hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko akordio soziopolitiko berri baten beharra aldarrikatzen dugu.

Honenbestez, Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa aktibatu ondoren, Bagabiz Galdakaoko euskara elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarretaratzea deitu dugu datorren ostegunerako, hilak 20, 19:30ean Ardanza parkean.

Eraso honen aurrean, herritar guztien hizkuntza-eskubideen defentsan sinesten duten herriko eragile eta elkarteen babesa eta atxikimendua jasotzeko formularioa sortu dugu (binke.eus/zure-atxikimendua-hemen-euskararen-aurkako-erasoak-salatzeko). Datorren ostegunean, pasa den azaroaren 4an Bilboko kaleak bete zituen aldarri berarekin aterako gara: «Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!»

Euskalgintzaren Kontseilua, Galdakaoko Bagabiz Euskara Elkartea, ELA sindikatua eta LAB sindikatua

 

Euskararen aurkako sententzia Galdakaoko Udalean: erantzun zabala datorren ostegunean

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude