Euskararen aurkako oldarraldi juridikoa geldiarazteko neurriak eskatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko LABek
Azkenaldi honetan, etengabeak izan dira Administrazio Publikoaren euskalduntze prozesuaren ardatz nagusietako bat diren lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen aurkako errekurtsoak eta ebazpen juridikoak.
EAE osoan gertatzen ari den eraso horietatik Gipuzkoako Foru Aldundia bera ere ez da libratu, bere egunean Uliazpiko gertakariek argi eta garbi erakutsi zuten moduan. Hori dela eta, Aldundiko langileek mobilizazioa egin dute Donostiako epaitegiaren aurrean, beste eraso juridiko baten atarian gauden honetan. Oraingoan, zaintzaile lanpostuen Hizkuntza Eskakizunen aurkako epaiketa izan da.
Etengabe indartzen doan oldarraldi juridiko horri galga jartzea euskal klase politikoari dagokion ardura da, Euskara Legea egokituz ala Hizkuntza Eskakizunen Dekretu birformulatu berria berregokituz.
Adituek zenbait proposamen mahaigaineratu dituzte. Hor dago, adibidez, Iñigo Urrutia legegileak berak mahai gainean jarritako irtenbidea. Euskal klase politikoak ezin du beste aldera begiratu. Jakin behar du horrelako eraso juridikoen aurrean ahoa berotzeaz gain, neurriak hartu behar direla, hori egin gabe oldarraldiak ez baitu etenik izango.
Norberak bere ardura politikoak hartu behar ditu. LABek garbi dauka langileak euskaraz lan eta bizi daitezen neurriak bultzatzea dagokiola, eta euskal klase politikoari hori posible izan dadin beharrezko neurri legalak hartzea dagokio.