Euskararen aurkako eldarnio paranoikoa
Euskararen aurkako eldarnio paranoikoa –
Navarra Sumaren (UPNren) helegitearen ondorioz, Nafarroako Administrazio Auzitegiak (NAA) ebatzi du Antsoaingo Udalean euskarak ez dezala meritu gisa punturik eman hura eskakizun ez den lanpostuetan; halaber, dio euskara meritu izan daitekeela lanpostu jakin batzuetan arrazoizkoa eta poportzionatua baldin bada eta lanpostu bakoitzeko balorazioa egiten bada, bere ezaugarriak, funtzioak eta errealitate soizolinguistikoa aintzat hartuta.Bestela, nonbait, Funtzio Publikoan sartzeko, euskara ez dakitenak diskriminatu egiten dira. Gainera, Navarra Sumak helegitea aurkeztean elementu kuantitatiboak erabili ditu, alegia, plantila organikoan %38,14 lanpostutan eskatzen dela euskararen ezagutza, baina Antsoainen %79,2k ez duela hizkuntza ezagutzen.
Jakina denez, Nafarroako Funtzio Publikoan sartzeko milaka lanpostutan meritu gisa hartzen dira ingelesa, alemana eta frantsesa, jakintza orokor moduan eta lanpostuarekiko inolako berariazko azterketarik egin behar izan gabe. Baina, euskara meritu izatea, agrabioa omen. Antsoaingo lanpostu guztiek betetzen dute gaztelania hiztunaren profila; berriz, lanpostu batzuetarako euskara meritu izatea, agrabioa omen. Euskarazko profileko lanpostuek euskaraz nahiz gaztelaniaz eskaini dezakete zerbitzua, baina gaztelaniako profila dutenetan inolaz ere ez dago bermatuta euskarazko arreta, baina agrabioa omen.
Bestalde, bai Navarra Sumak (UPNk) helegiteak aurkezteko justifikazio gisa, eta baita NAAk epaia arrazoitzeko, hiztunen kopuruaren proportzio kuantitatiboak baliatzen dituzte plantila organikoan euskararen ezagutza izanen duten lanpostuen kopurua murrizteko. Alabaina, eremu mistoan egonik, euskaraz jarduteko erabakia hartu duen hiritarrak eskubide osoa du administrazioaren aurrean euskaraz egiteko, baita bere bizitza pertsonalean eta lankideen arteko harremanetan ere. Eskubide hori ezin da partzialki zatikatu, ezin da etenkaria izan, orain bai orain ez (kultur teknikariarekin bai, kirol koordinatzailearekin ez). Administrazio publikoak bitarteakoak jarri behar ditu eskubide hori errespetatua izateko bidean.
Nafarroan euskara jatorrizko hizkuntza eta kultur adierazpiderik berariazkoena eta baliotsuena izanik, Nafarroako Gobernuak hamarkadak daramatza helduendako euskara ikasteko programak sustatzen eta laguntzen, halaber, hezkuntza sisteman euskararen ikasketa bermaturik dago Nafarroa osoan. Beste kontu bat da nafar batzuek, euskarari uko egin eta baztertu egiten dutela erabakimen ideologiko absurdo bat tarteko, alegia, ez dutela inolako ahaleginik egin euskaraz ere gaitzeko. Hori horrela, euskara ez ikasteko erabakia, edo eskubidea, ezin da nafar euskaldunon eta euskaltzaleen eskubide demokratikoen gainetik egon; hori, hizkuntz supremazismoa da!
Horrela bada, Navarra Suma (UPN) oker nabarmena egiten ari da era osbesiboan euskararen eta euskaldunon eskubideen aurka helegiteak bata bestearen atzetik paratuz. Agian, pentsatu beharko luke euskara eta nazionalismoak nahasteko duen eldarnio paranoikoa (delirio paranoico), Nafarroaren adn-an dagoen euskara (hizkuntza, toponimia, abizenak…) errefuxatzera eraman duena, oker hartutako erabakimen politikoa dela. Izan ere, era obsesiboan, euskara eta nafar euskaldunon eskubide demokratikoen aurka jotzen ari baita, ez besterik. Nonbait, soilik gaztelaniaz hitz egiten duen jendartea onar dezake, “hablame en cristiano” garai hura gainditzeke dauka. Zorionez, nafar gizarteak aurrerapena egin du Nafarroako jatorrizko hizkuntzen erabilera demokratizatzeari dagokionez.
Era berean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak akats larria egin du, Navarra Sumaren eldarnio paranoikoari jaramon eginda. Izan ere, Antsoaingo Udalak, Euskararen Legeari jarraikiz, gehiengo kualifikatu batez hartutako erabakiaren aurka ebazpen arbitrario bat ematea perbertsio hutsa da. Auzitegi bati dagokion ponderazioa eta justiziaren bilaketaren zantzuak galduta, ebazpen ideologiko bat eman du. Nafarron bizikidetzaren aurka emandako ebazpena. Tamalgarria!
…
Aingeru Mikeo Azpirotz eta Jonjo Agirre Martinez