«Euskararen aldeko akordio sozio-politiko berri bat, aurre egitetik aurrera egiteko»
«Euskararen aldeko akordio sozio-politiko berri bat, aurre egitetik aurrera egiteko» –
Hamarka mila pertsona elkartu dira gaur Bilbon, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioan. Tartean, ordezkaritza politiko, social eta sindikal zabala.
Akordio soziopolitiko berri baten premia nabarmendu du Kontseiluak, oldarraldiari aurre egiteko ez ezik euskaren etorkizuneko erronka handiei erantzuteko.
Hizkuntza-politiketan jauzi bat aldarrikatu dute, hezkuntzan, helduen euskalduntzean, ikus-entzunezkoetan, eremu sozio-ekonomikoan eta iritsi berrientzako hizkuntza-harreran, besteak beste.
Gaur hamarka mila pertsona elkartu dira Bilbon, «Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat» lelopean, azkenaldian euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak salatzeko manifestazioan. Euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia den Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestazioak atxikimendu zabala jaso du sektore sozial, sindikal eta politiko ugaritatik. Besteak beste, manifestazioan izan dira EAJ-PNV, EH Bildu, Geroa Bai, EH Bai eta SUMAR alderdi eta koalizioak. Horiez gain, atxikimendua eman dute euskal sindikatu nagusiak, tarteko, ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT, CNT, HIRU eta EHNEk.
Kontseiluko zuzendaritzakide eta bazkide diren erakundeetako ordezkari hauek eraman dute pankarta: Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Patxi Uribarren Karmeldarra eta Euskaltzaina, Leire Solozabal ARTEZeko ordezkaria, Intza Gurrutxaga EHEko bozeramailea, Aize Otaño AEK-ko Gipuzkoako koordinatzailea, Amagoia Mujika Berriako zuzendaria, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, Joanmari Larrarte ELKAReko delegatua, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Joxerra Olano IKAko ordezkaria, Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Elorri Arin Euskal Konfederazioko ordezkaria, eta Martin Aramendi UEMAko lehendakaria.
Hau da manifestazioaren bukaeran Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri duen adierazpena.
HITZARTZEA
Eskerrik asko gaur 2023ko azaroaren 4 udazkendu honetan Bilboko kaleetan euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean hesi bat osatzera, euskararekin bat egitera, euskaraz bat izatera, batu zareten guztioi. Eskerrik asko!!!
“Euskaldun izatea zein nekeza dan”. Horra Ruperrek ekarri digun oharra. Baina beste bat ere bai: “Zaindu maite duzun hori”. Eta hara: gaurko euskaldunok, euskaltzaleok, zerbait bagara nekezia handi, sakon eta etengabekoen aurkako zaintza erraldoi baten emaitza gara. Gure memoria bizi eta gorpuztuaren parte dira oraindik debekuak eta zigorrak. Koldo Mitxelenak azpimarratu zuen bezala, euskararen misterioa ez baita bere jatorria, gaurdaino bizirik irautea baizik. Hain zuzen, mendez mende, hamarkadaz hamarkada, belaunez belaun, gauzatu den zaintza bat da mirari horren giltza. Zaintza kate erraldoi bat, sakon eta iraunkorra, oihan bateko sustrai sarea bezain hauskor, hura bezain tinko.
Oinarri zehatz bat duen zaintza sistema: debeku eta nekezia guztien kontra milaka lagunek, belaunaldiz belaunaldi, euskararen aldeko hautua egin izana. Batzuetan eta zenbaitzuk, inkontzienteki, senez. Beste batzuetan, hainbatek, erabateko kontzientziaz, burujabetza indibidual zein kolektiboko ariketa gisa. Nolanahi dela, zaintza horren ondorioz heldu gara bizirik gaurdaino. Batzuetan, magal goxoaren itxura izan duen zaintza. Bestetzutan, otso emearen hagin zorrotzena. Baina zaintza guztiak bezala, ia beti izan da ordainik gabea eta esker txarrekoa.
Historia ez da laua, ezta lerro zuzen bat ere. Aitzitik, txirikorda bihurri eta konplexua da. Iraganeko eta gaindituak uste ditugun kontuak indar eta aldaera berriz sortzen zaizkigu askotan. Esango nuke halako zerbait gertatu zaigula euskararen aurkako azken oldarraldi honekin. Uste genuen, gutxienez Euskal Herriko parte batean, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroako zati batean, bagenituela berme batzuk euskararen normalizaziorako hizkuntz politikak aurrera eramateko.
Baina ustea, erdi ustel ez ezik, ustel eta erdi gertatu zaigu. Ez zuen alferrik idatzi Gabriel Arestik merke saltzen direla euskaldunaren “ustiak”. Izan ere, ari gara ikusten nola ari diren epaileak euskararen normalizazioa helburu duten neurri, arau eta legeak baliogabetzen, bata bestearen atzetik, epai soka luzean… Nola ari diren euskararen normalizaziorako politika publikoen tresneria eraisten, deusezten… Ari gara ikusten nola adostasun sozial eta politiko zabalen gainetik botere judiziala ari den esku hartzen, eta hizkuntz politika egiten… Ari gara esaten sententzia horietako bakoitzak kezka eta larritasuna piztu digula. Epaitik epaira, kezka eta larritasuna handitu egin zaizkigula… Ari gara, larritasunaren zenbatekoa azaltzeko hitzik gabe geratzen.
Larritzekoa delako, zentzu askotan. Azken batean, euskararen normalizazio prozesua oztopatzea milaka herritarren hizkuntz eskubideak -oinarrizko eskubideak-oztopatzea delako. Ondorioz, justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan atzera egitea da. Beste era batera esanda, euskararen normalizazioaren alde egindako urrats bakoitza justizia sozialean, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzea da. Horregatik diogu, euskararekin bat, euskaraz bat!
Hori guztia kaltetzen du oldarraldi honek, eta horregatik batu gara hemen euskaldunok eta euskaltzaleok ez ezik, hizkuntz berdintasunean eta hizkuntz aniztasunean, sinesten dugun jende andana. Berdintasunean eta aniztasunean sinesten dugun jende saldoa. Hau guztia olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo baten parte delako.
Bereziki mingarria zaigu epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Oso bestelakoa denean auzia: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntz eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Gehiengo sindikalak sententzia hauen aurrean erakutsitako arbuio irmoa horren froga. Berriro diot, honegatik guztiagatik diogu, euskararekin bat, euskaraz bat.
Eta bereziki larria da hau guztia abagune honetan gertatzea. Izan ere, euskarak aurrera begira dituen erronkak izugarriak dira. Arestian aipatu dudan belaunaldiz belaunaldiko zaintza sistema horri esker, bizirik eta noranahiko iritsi zaigu euskara XXI. mende honetara. Baina inoizko azelerazio handienaz aldatzen da egungo mundua, eta ez dira makalak desafioak. Globalizazioaren aldaera muturrekoan eta bizimodua digitalizatu zaigun honetan, hizkuntzekin daukagun harremana ere aldatu egin da. Hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago, hegemonikoago… mundua eta gu geu, gero eta homogeneoago. Beste era batera esanda, hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago, gutxituak gero eta gutxituago. Ikusten ari gara nola ari diren Europako iparraldeko estatu txikiak beren hizkuntzen defentsan baliabide andana jartzen. Are, ikusten ditugu gure auzo estatu handiak, Frantzia eta Espainia, frantsesaren eta espainieraren babesean inbertsio handiak egiten: ikus-entzunezkoetan, digitalizazioan, prestijioaren lanketan…
Testuinguru honetan euskalgintza askotariko eta zabalean bada adostasun handi bat: hizkuntz politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa dela etorkizuneko erronka guzti hauei behar bezala aurre egiteko. Jauzi bat behar dela hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, ikus-entzunezko eta kultur ekoizpenerako baliabideetan, eremu sozio-ekonomikoaren lanketan, euskal herritar berriei behar bezalako hizkuntz harrera egiteko baliabideetan… Eta justu, tresneria berri horren beharra hain nabarmena denean, orain artekoak ere, ebasten ari zaizkigu.
Hau guztia dela eta, Euskalgintzaren Kontseiluak ezinbestekoa ikusten du akordio soziopolitiko berri bat, oldarraldiaren aurrean hesia jarriko duena ez ezik, euskarak eta euskararen komunitateak etorkizuneko erronkei aurre egiteko moduko zorua eratuko duten hizkuntza politikak bideratuko dituena. Olatu erreakzionarioari eutsiko diona ez ezik, aurrera jauzi egin eta euskararen biziberritzeak egun dituen erronkei erantzuteko moduko itun politiko eta soziala.
Hain zuzen ere, akordio horretarako adostasunak bilatu eta lantzea da Kontseiluaren konpromisoa. Euskarak guztiok behar baikaitu: etxetiko euskaldunak, euskaraz gerora jabetu direnak, euskaltzaleak, euskaldun eta euskaltzale ez izan arren hizkuntz berdintasunaren eta aniztasunaren alde daudenak… Guztiak. Besteak beste, hemen zaudeten guztiak.
Euskarari eta euskararen komunitateari bizirik eustea geure buruei ez ezik, egungo munduari egin diezaiokegun ekarpen handienetakoa baita. Joera homogeneizatzaile eta totalitario makurren aurrean, bestelakotasuna, bizigarritasuna eta askotarikotasuna indartzea.
Dudarik gabe, oinarri sozial sendoa ezinbestekoa da helburu horiek iristeko, euskararentzat eta euskararen komunitatearentzat, zoru sendo eta ziurra osatzeko. Baina duten ardura eta gaitasunagatik bereziki dei egiten diegu erakunde eta indar politikoei akordio berri horren parte eta bultzatzaile izan daitezen, sen onez, etorkizun oparo bat bermatzea helburu hartuta.
Hasieran esan dut, gaur hemen, oldarraldiaren aurrean hesi bat osatu dugula. Baina harago joateko garaia da, aurre egitetik aurrera egitera. Beraz, hesi baten ordez, hau izan dadila zubi bat etorkizunera. Elkarri eskuak eman eta sokan dantza eginez, pertsonaz pertsona, jendez jende, eratuko dugun zubi luze bat. Bernat Etxeparek duela ia 500 urte aldarrikatu bezala, zubi bat, gutxienez beste 500 urtez, euskara jalgi dadin mundu guztira…
…Euskaraz bizi nahi dugulako, euskaraz biziko garelako
Euskara jalgi hadi plazara!
Euskaraz jalgi gaitezen mundura, euskaraz jalgi gaitezen dantzara,
Euskaraz osa dezagun mundua!
Euskararekin bat, euskaraz bat!
.
AZAROAREN 4KO MANIFESTAZIOA ORDEZKARITZA POLITIKO-SOZIALA
ALDERDI POLITIKOAK ETA ERAKUNDE PUBLIKOAK
EAJ: Itxaso Atutxa, Joseba Egibar, Unai Hualde, Maria Eugenia Arrizabalaga, Xabier Barandiaran eta Ana Esther Furundarena. Erakundeetako ordezkariak: Bakartxo Tejeria, Unai Hualde, Eider Mendoza, Ramiro Gonzalez, Leixuri Arrizabalaga, Esther Apraiz, Juan Mari Aburto, Eneko Goia, Beatriz Artolazabal, besteak beste.
EH BILDU: Pello Otxandiano, Nerea Kortajarena, Eba Blanco, Maddalen Iriarte, Josu Estarrona, Eneka Maiz. Erakundeetako ordezkariak: Unai Urruzuno, Idurre Bideguren, Sonia Jacinto, Iker Casanova, Juankar Izagirre, Adolfo Araiz, Jasone Agirre, Bel Pozueta, Iñaki Ruiz de Pinedo, Maria del Rio eta Xebe Txoperena, besteak beste.
SUMAR: Lander Martinez eta Andeka Larrea.
GEROA BAI: María Solana eta Jabi Arakama.
EH BAI: Paulo Arzelus Aramendi eta Mikel Irastorza Artola.
.
SINDIKATUAK ETA LAN MUNDUA
ELA: Mitxel Lakuntza eta Pello Igeregi.
LAB: Igor Arroyo eta Urko Aierbe.
ESK: Javier Saenz Sanchez eta Sergio “Txejo” Ortega Perez.
STEILAS: Marije Echevarria Ezpeleta eta Haize Arbide Aza.
EHNE: Patxiku Irisarri.
ETXALDE: Amets Ladislao eta Maite Aristegi.
HIRU: Patxi Agirre eta Jon Altuna.
LANARTEA: Amagoia Gurrutxaga.
PENTSIODUNEN MUGIMENDUA: Arantza Urrezti, Karlos Etxebarria eta Mattina Etxebarria.
Hauetaz gain, Eusko Legebiltzarrak, dozenaka udalek eta ehunka gizarte eragilek, mugimenduk, kolektibok eta norbanakok ere atxikimendua adierazi diote manifestazioari.
Euskararen aldeko akordio sozio-politiko berri bat Euskararen aldeko akordio sozio-politiko berri bat
Akordio sozio-politikoa behar dugula garbi dago. Garbi dagoen bezala, une honetan EAJ/PNV eta EHBildu ez direla gai euskaldunontzat EAEn -Nafarroa Garaia alde batera utzita–, 1982koa baino Euskararen Lege hobeago bat aurrera ateratzeko Gasteizko Legebiltzarrean behintzat. Hala egitera, unionismoak zalaparta ederrak aterako lituzke, baina ez du ematen epe laburrik barne egingo dutenik.
Lehenik, EAJk PSErekin jarraitu nahiago duelako, eta EHBilduk ere sorpassoa egiteko bere mugak badituelako. Manifestaziorako deian bat egitea, hots, euskararen defentsarako bat egitea ondo dago baina defentsa ez ezik erasoa edo aurrerapausoak behar ditugu euskararen alde, eta horretarako prest daude?
Ez dirudi ELAk eta LABek ere euskararen kontuan besterik ez bada ere, puntu batzuk adosteko gai direnik. Ala bai?
Beraz, manifestazioa ondo baina laster ahaztuko zaigu, tamalez. Eraginik izan dezake?