Euskararekin jolasean aritu beharraz
Euskararekin jolasean aritu beharraz –
Wittgensteinek hitzen erabilera eta mintzaira jokuarekin parekatzen ditu. Hartara, mintzairaren baitan esaldi zehatz batek beste esaldi batek seinalatzen duen gertakari antzeko baten berri ematen digu, baina antzekoak diren testuinguru horietatik kanpo bere esanahi eta zentzu guztia galduko luke. Zeintzuk mugimendu diren egokiak, egiteko modukoak edota beharrezkoak testuinguru horietariko bakoitzak aurre-zehaztuko digu. Hizkuntz jokoek, finean, esaldiaren esanahia zehaztuko digute. Zentzu edo esanahi hori, hortaz, testuinguru bati hertsiki loturik baino ez dugu ezagutuko. Horrekin bat, hitzen zentzuaren berri ere, eta beraien gainean jorratzen ditugun adigaien berri, hizkuntz praktiken bitarten bestez ez dugu izango (Abrichtung edo “trebatzeaz” mintzo da sarri sakotan Wittgeinstein).
Esan berritako honen harira, zera-edo galde egin geniezaioke geure buruari: izen soil eta huts batek “adigai-kontzeptu” bat izan al dezake bere baitan? Ba al dago, esate baterako, “pertsonaren” kontzeptu bat? “Pertsona”, hitz moduan, egiatia izango da baldin-eta “pertsona” hitza agertzen deneko hizkuntza-joku balizko guztiak aintzat hartzen badira. “Pertsona” hitza hartzen duten mintzairaren joku guztien batasunak “pertsona” hitza ahotan hartzeak zer zentzu leukakeen adieaziko liguke.
Hizkuntza zerbait nolabait-edo malgua dela ikusi ahal izan genuen Markos Zapiainek hona ekarritako azken artikuluan. Gotorra baina halaber malgua da hizkuntza, betiere egun edo orain eman duen hori guztiori bainoago eman ahal izateko modukoa. Mintzairak, tresna moduan, bere joku eremuaren zedarriak zabaltzeko aukera luzatzen digu beti.
Horren harrira, eta akaso ausardia handiegitxoz nire aldetik, Iñaki Segurolarenak ekarri nahiko nituzke nik orain. Izanez ere, Segurolak zerbait erakutsi baldin bazigun, zer eta, euskarak espero izatekoa zen hori baino askoz gehiago eman zezakeela, ondo erakutsi ere, bere ahotik zein bere lumaz. Bere euskara ezinago aberatsa zen, bateko, berezko zuen, baina, besteko, akademikoki iritsitako euskararen gaineko jakintzagatik oro har eta etimologia-jakintzagatik zehazkiago. Esandako honekin baina ez dago inondik guztiz azaltzerik eskaini zizkigun adierazpen aberats eta oparaoen jatorria. Euskarari dagokionean ezin trebatuago izateaz gain, horrez gain, bere-berezko zituen genialtasunak, originaltasunak, hitz jario bikainak, konbentzionalismo oroz harago ikusteko ahalmen bereziak, inoren edo ezeren esaneko ez izateko usatzen zuen jarrerak, bere ohiko jarrera ustekabetsu eta disruptiboak, zuen amorru umerotsuak zein umore amorrutsuak… horiek guztioriek zeresan handi-handia izan zuten bere adierazpenen freskotasun oparoan.
Bada, gure Segurolak direnak eta ez direnak entzun behar izan zituen, zera-edo leporatu ohi zioten guztietan: “hitz-jokoetara emanegia zegoela eta amoratua zegoela hizkuntzarekin jostatzen” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 289. or). Hori zela bere apeta, mania, gaitz edo deformazioetariko bat, arrapostu egingo zuen berak. Hizkuntzarekin gora eta behera ibiltze hori, euskararekikoekin horrela jardute hori, noraino zen josteta edo noraino, aldiz, joko, ez zeukan argi berak. Berdin zion, eta zitzaiola, zioskun Segurolak, bere aritze moldeak ez zirela euskara pulamentuz eta behar bezala erabili moduetara egokitzen baitzioten bere inkisidoreek-eta.
Dena den, berak ez zuela bere nahierara erabiltzen euskara, zioskun Segurolak, ez zituela hitzak bere eskuko, baizik-eta hitzak berak direla beregainak eta “aise oso moldatzen dira bere joko, jolas eta solasetan bere edo beste edonoren ahoz mintzatzeko eta deritzoten gauzak asmatzeko edo ezeztatzeko” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 289. or). Hizkuntza sakratua da, debaldekoa, inorena ez, aita-ama ezagunik gabeko sasikume, eta zenbatenaz eta sasikoago, hainbatenaz eta jatorroago eta ederragoa, esango digu Segurolak. Horregatik hain justu ere haurrek bestek ezin dezakete airoski ikasu: “hitza haur baten haragi bilakatzen ari da gizaldiak joan eta gizaldiak etorri, eta hitz biluzgorriak haur bihurtzen gaitu esnaldi oro” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 289. or)
Hain da indartsua hizkuntzarena, non maizenean kulturgabekoenen freskotasunera, ez-letradunen freskotasunera bueltatu eta bueltatu egin behar izaten dira ustezko jakintsu kultura haindikoak, herri xehearenera bueltatu odol-transfusio baten beharrean bezala. Izanez ere, beroiek ditugu-eta, ezein bitartekotzarik batere gabe, hizkuntzatik gertuenekoak. Azken finean, hizkuntza, bere soil-soilean, atergabe “ari zaigu erakusten jakitea, zinezko jakitea, ez dela ahaztea besterik (erraz eta gozo hitz egiteko kontzientziatik ahaztu beharrak dira hizkuntzaren arauak eta gainerakoak)” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 290. or)
Hizkuntzak asko du esateko, guk geuk berori baliotu ahal izan dezagun baino askoz lehenago. Asko digu esateko, guk ezer esan ahal izan aurretik. Hizkuntzarekin jolasean aritzeaz, hortaz, zer esan? Bada, normaltzat hartu beharko litzatekeela horrela aritzea, halaxe beharko lukeela ahal den guztietan. Zer hoberik egin liteke euskararekin, gogoraraziko zigun atergabe Segurolak. Hizkuntzak soil-soil gauzak diren eta izan behar duten bezala baino balio ez duen tresa hutsa izan behar al du? Gauzak eta egoerak dauden daudenean adierazi ahal izateko? horretarako baino ez? Alegia, gauzekiko dugun sinismen potoloari gure hitzak zuzen egokitzeko, horretarako besterako ez?. Hori ez da serioa esango digu behin eta berriz Segurolak (edo “seriotxoegia”, esango nuke nik). Hori hitzek eman lezaketenari uko egitea litzateke, hitzak berak erdoiltzea, beroiek endurtzea, beroiek etsipen triste batera behartzea, ideia eta kontzeptu merke edo salduenen etsipen ezinago tristera kondenatzea.
Desformaldu dezagun behingoagatik gure euskararekiko jarrera! Ez da ote izango, hein batean bederen, euskararekiko gure “seriogitasuna” gure D ereduen eta esukalduntze ezin konta ahala plan eta besteren porrotaren zergatikoetariko bat. Serio hartu dugu euskararena, bere biziraupena, bere hedatzea… baina eginkizun delako hori serio eta estu hartzearen hartzez serioegi bilakatu da gure euskararekiko harremana, hizkuntza den aldetik, serioegi bilakatu dira berorrekin ditugun joan-etorriak. Bukatze aldera, hona hemen hizkuntzak behar-beharrezko leukakeen freskotasunaren aldeko aldarrikapen Segurolatiar ezin iradokigarriagoa:
“Hizkuntza, edo pentsamendua, edo arrazoia, zakar eta zarata merke-salduenetatik eta autoritatezko argumentu orotarik ihesi dabilen jolas bat da, joko eder bat dakarren jolas bat. Jolasa, bai: bizitzea merezi duen biziera bakarra jolasa den gisa berean” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 291. or)
Euskararekin jolasean aritu beharraz Euskararekin jolasean aritu beharraz