Euskararekin edonora joan zaitezkeela probatzen duten 12 froga
Euskararekin edonora joan zaitezkeela probatzen duten 12 froga –
Praza agerkari galiziarrak ostiralero unha ducia izeneko sekzioa du (niri asko gustatzen zait eta euskaraz inork egingo balu, ni irakurle fidel bihurtuko nintzateke). Sekzio horretan, gai baten inguruko 12 gauza aipatzen dira, karrusel moduko batean. Ana Liste-k honako hau egin du orain dela gutxi: Unha ducia de probas de que co galego imos onde queiramos.
Hori ikusi eta, kontxo, esan nuen, egongo al dira euskararekin ere beste horrenbeste froga? Lehen kolpean 12 froga agertu zitzaizkidan, baina sare sozialetan eta iruzkinetan egindako ekarpenekin, 12 barik, 14 izango dira frogak:
- 2019an Amets Arzallusek Miñan izeneko liburua idatzi zuen euskaraz. Migrazio baten kronika dugu liburu hau eta, seguruenik, azken urteotan euskaraz gehien saldu den liburua izango da. Eta, gainera, hainbat hizkuntzatara itzuli da (ingelesa, alemana, katalana, galiziera, italiera, gaztelania, gutxienez). Eta, ez hori bakarrik, Francisco katolikoen buruak gomendatu zuen liburua 2022an. Gainera, gutxi barru Artedramak horretan oinarritutako antzerki obra estreinatuko du Bilboko Arriaga antzokian.
- 2017an Jon Garañok eta Aitor Arregik Handia izeneko filma egin zuten. Altzoko Handiaren historia kontatzen du filmak. Donostiako Zinemaldiko sekzio ofizialean lehiatu zen eta epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen, baita euskal zinemari emandako Irizar saria ere. Horrez gain, Goya sarietan 10 sari lortu zituen euskarazko film honek. Zinemetan 150.000 ikusle izan zituen.
- Munduan zehar, Berri Txarrak taldeak bira arrakastatsuak egin ditu (1.000 kontzertutik gora munduan zehar, New Yorken, Sao Paulon, Nantesen, Managuan, Zelanda Berrian, Pekinen edo Lekunberrin), euskaraz kantatuta, noski.
- Euskara ikasteko aukerak daude munduko 30 unibertsitateetan eta diasporako 70 euskal etxeetan. Euskara ikasteko arrazoien artean daude Berri Txarrak (edo bestelako euskarazko musikagileak) ulertzeko motibazioa edo Itziar Ituño bezalako aktoreen lan batzuk ulertzeko motibazioa.
- Euskal mitologian oinarritutako Irati filmak ere nazioartean bidaiatu zuen (eta bidaiatzen ari da). 155.000 ikusle izan zituen film honek (euskarazko filmik ikusiena gaur-gaurkoz) eta sariak jaso zituen han-hemenka. Euskaratik eta euskaraz. Berriki Primeran plataforman ikusgai jarri dute.
- Gure arbasoek ere erakutsi ziguten euskara ez zela bakarrik hemengorako. Pidginak sortu zituzten han eta hemen. Biren erreferentziak gorde dira: islandierarekin osatutako pidgina (interbentzio artistiko bat eta guzti) eta algokin hizkuntzarekin sortutakoa. Horrez gain, euskarak hainbat berba mailegatu ditu inguruetako hizkuntzetara.
- Turismoa egiteko ere balio dezake euskarak. Adibidez, Erroma euskaraz bisitatu daiteke, baita Mexiko hiria ere, Lisboako autobus turistikotan euskarazko audioak entzun daitezke, Menorkako jatetxe bateko kartan, Eslovenian ere bada euskarazko testuak dituen museorik, Boisen edo Errioxan ere badira euskarazko mezuak, eta abar. Kike Amonarriz ibili zen horiek batzen eta berari esker egin izan dut puntu hau. Mila esker Kike!
- Oskar Alegria zinemagileak ere badaki zer den euskararekin bidaiatzea. Bere lehen filma “Emak bakia baita” izan zen eta 70 jaialditan aurkeztu zen, 13 hizkuntzetara itzuli eta 17 sari jaso zituen. Bigarrena izan zen “Zumiriki” filma: Veneziako Mostran estrenatu zen eta 9 sari irabazi zituen. Hirugarrena, berriz, “Zinzindurrunkarratz” izan zen: Estatu Batuetan estrenatu zen eta hainbat sari irabazi ditu. Esan barik doa hirurak ala hirurak euskaraz grabatutakoak direla.
- Berri Txarrak taldea aipatu dut, baina badira nazioartean euskaratik eta euskaraz aritu direnak eta aritzen direnak: Kepa Junkera trikitilaria (nazioarteko folk munduko hainbat musikarirekin kolaboratu du, adibidez), Aiora Renteriak lideratzen duen Zea Mays taldea, Zetak taldea edo Ruper Ordorika. Baita Oreka Tx, Anne Etxegoien, Peio Serbielle, Neomak edo Eneritz Furyak ere. Asko dira ere kanpoan grabatu dituzten artistak eta kanpoko artistekin kolaboratu dutenak.
- Horien guztien artean, arreta berezia merezi du Fermin Muguruza kantari eta zinemagileak. Gaztelaniatik euskarara aldatu zuen sortze hizkuntza 80ko hamarkadaren amaieran eta, ordutik, asko izan dira kanpoan izan dituen eraginak: Negu Gorriak taldearekin, bakarka, zinema munduan, … Horren guztiaren froga da 2025erako iragarri duen mundu mailako bira: Europa, Amerika eta Tokio bisitatuko ditu.
- Badira nazioartera eta edonora joateko modu bereziak. Adibidez, Gartxot filma aipa genezake. Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren film hau 16 hizkuntzetara azpititulatu zen, baina hauek izan ziren hizkuntzak: aragoiera, asturiera, aymara, euskara, bretoiera, frantsesa, gaelikoa, galegoa, gaztelania, ingelesa, irlandarra, italiera, katalana, korsikera, kreolera eta okzitaniera.
- Gaur egun, bidaiatu ahal duzu etxetik mugitu barik. Museo birtualak badira (adibidez, Artium museoarena hemen), Usurbileko 650 Usurbil bizi edo Uemak egindako Bertatik bertara kanpaina, Zumaiako euskararen enigma, euskarazko wikipediaren bidez bidaiatu daiteke, Bai Euskararik ere establezimendu batzuen zerrenda plazaratu du uda honetan, eta abar.
- Euskarara ekarritakoak ere nabarmendu beharko lirateke, bai literaturan zein ikus-entzunezkoetan. Itzultzaileek egindako lana nabarmendu nahiko nuke, batez ere, emakumezko itzultzaileena: Amaia Apalauza, Danele Sarriugarte, Irene Aldasoro, Leire Azkargota, Bego Montorio, Irene Arrarats, Amaia Astobiza eta beste hainbeste.
- Espaziora ere joan zaitezke euskararekin, Ikusgelako lagunek ohartarazi bezala. Euskal izena duten 8 objektu astronomiko bildu zuten ikus-entzunezko batean: Galdakao kraterra, Su ta Gar sistema, Elkano mendiak eta abar.
Euskararekin edonora joan zaitezkeela probatzen duten 12 froga
Leku askotara bai, baina edonora ez zaitezke euskararekin joan. Edo bai, baina alferrik. Adibidez, gure kaleko tabernan muturra okertzen dute oraindik kontsumizioa euskaraz eskatzen dugun bakoitzean; ertzainekin eta udaltzainekin erne!, sekula ez da jakiten tiroa nondik irtengo zaien, foruzainekin are okerrago eta txapelokerrak zertarako aipa…
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafar Gobernuaren sarreretako zaindariek “buenos días” batekin agurtuko zaituzte sinpalta. Renfen eta Correosen zer esanik ez. Eroskiren saltokietan ere gero eta zailago dago euskaraz jardutea, zer esanik ez Mercadonan-eta.
Euskaraz Euskal Herrian bertan, kanpora joan gabe aritu ahal izatea ez dago erraza. Gaur-gaurkoz, oraindik ere, ahalegina eta tema behar dira gehienetan.
Izan ere, españolek eta frantsesek ondo egiten dituzte euskaldunon uniformizatze eta desegite lanak. Alderdi abertzaleek gidatutako erakunde gehienek ez, ostera.
Nire ikuspuntuan, 14 froga horiek adierazten bide dute gure untzia ez dela hondoratzen ari. Euskal Herri barneko beste “froga” batzuk ere aipa genitzake. Euskal Herri barneko jakingarri horien artean, ordea, ziuraski ezezkoak gehiago izanen dira baiezkoak baino. Baina beti begiratzen diogu oker dagoenari, eta badirudi gure untziari etengabeki ur sartzen zaiola. Beti kexu gaude aurkako frogak ikusita, baina ez gara iritsi behar bezala antolatzera hori gerta ez dadin, edo behintzat jenderik gehienak pentsa ez dezan Euskararena hondora doan untzia denik.
Inork ez baitu hondoratzen ari den untzi batera igo nahi, inor ez baita igoko. Geure burua alde zein aurka engainatzen maisu gara Euskal Herrian…
Ala, Euskararena hondoratzen ari den untzia da?