Euskaran murgilduta

Euskaran murgilduta

Maite Berriozabal Berrizbeitiak Bizkaiko Hitzan.

Sare sozial bateko mezu pribatu bidez jarri zen nirekin harremanetan. Mezuak “Kaixo, Maite!!!”, zioen; une batez niri ari zitzaidala pentsatu nuen. Gertuko hizkuntza zerabilen, eta, gertukoa izan nahi horretan, erraz antzeman nion zeinen urrutitik ari zitzaidan. Irribarre egiten duten bitartean begi bat ixten duten emotikonoak eta masailak gorritzen zaizkien aurpegitxo horiak ikusi nituen testu luze samar hartan tartekaturik.

Ez zidala enbarazurik egin nahi aitortu zidan, eta, ondoren, bere burua aurkezten zuen. Nutrizioa, masa muskularra, kirola, osasuntsu jaten ikastea eta bestelako azalpen batzuk ematen zizkidan. Interesik banu online ere lan egiten zuela azaltzen zidan; eta mezuaren amaieran, bere proiektuan jende berri bila zebiltzala ere aipatzen zidan. 300 eta 1.500 euro arteko gainsoldata lor ei zitekeen norbere lana utzi gabe, halaxe azaldu zidan.

Kaixo, eta amaierako gracias/eskerrik asko kenduta, gaztelaniaz bidali zidan mezua. Marketinean apur bat abila denak jakin beharko luke honezkero errazago saldu diezadakeela norbaitek zerbait euskaraz beste edozein hizkuntzatan baino. Edo, bestela esanda, errazago erosiko niokeela euskaraz datorrenari. Txorakeria bat irudituko zaio hori norbaiti, eta esango dit saltzaile ona ez duela hizkuntzak mugatzen. Ados nago horretan ere; denak ez du balio euskaraz delako, baina euskaraz izatea balio bat da niretzat.

Bizitzarako aholkuz dekoratutako katiluek ez didate bizitza erraztuko, baina euskaraz irakurri nahiko nituzke. Gure etxeko arropa garbigailuak bere lana amaitzen duenean end esaten du, eta telebistako urrutiko agintean mute eta exit agertzen dira. Nire autoak gaztelaniaz esaten dit: revise luz de freno. Okindegiko saltzaileari zein ogi nahi dudan eskuarekin esaten diot, eta bi nahi baditut atzamar bi erakusten dizkiot. Zitologia egitera joan nintzenean gaztelaniaz erantzun zidan emaginak, eta, ezinbestean, gaztelaniaz aritu ginen.

Gertuko batekin izan nahi ez nuen eztabaidetako batean esan zidan denari ateratzen niola ertza. Ondo dagoela euskaraz bizi nahi izatea, baina ezin dudala exijitu. Jendeak ez duela ulertuko eta kontrako erreakzioa lor dezakedala azaldu zidan. Ulerkorra izan behar nuela esan zidan, denok ez dugula iritzi bera eta bakoitza aske dela nahi duena egiteko. Azken horretan arrazoia eman nion. Lurpean ehunka kilometrora lurperatuta eta ahaztuta behar genukeen eskubideen inguruko eztabaidan katramilatu ginen berriz: aske al naiz ni euskaraz jarduteko? Besteak euskaraz ez bizitzeko beste eskubide al dut nik euskaraz bizitzeko? Gaztelaniarik gabe bizi al naiteke Hego Euskal Herrian? Bakoitzak nahi duena egitea zilegi al da bestearen nahiak aintzat hartu gabe?

Frantziako Konstituzioaren aurkakoa delako bota dute atzera orain hizkuntza gutxituen aldeko legea. Hizkuntzak gutxiagotzea mundu ikuskera mugatu eta koldarra iruditzen zait. Zurea ez den bestea desagerraraztea eta desprestigiatzea zapalkuntza da. Askatasuna ez da erreibindikatzen, praktikatu egiten da. Ez digute gutxiagotutik handiagotzen utzi nahi, baina guk hazten eta hezten jarraituko dugu. Euskaran murgilduta eta euskaran murgiltzen.

Euskaran murgilduta

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.