Euskaraldian, Odriozolaren Euskalgintzaren lekukoak berrirakurtzen

Euskaraldian, Odriozolaren Euskalgintzaren lekukoak berrirakurtzen –

Euskaldun batzuk, erdaldun batzuk bezala, ahozkotasunean bizi dira, baina oso oker ez banago, gutxienak dira. Gehienok irakurri egiten dugu, gutxienez, egunkaria, eta horrenbestez, nola edo hala euskaldun gehienok gaude idatzizko errepublikan ere pulunpatuak.

Euskaraldian, Odriozolaren Euskalgintzaren lekukoak berrirakurtzen

Euskaraldiak ez du alor hori jorratzen, eta hutsune hori nolabait berdintze aldera, horrixe helduko diot lehenik, eta ondotik, EAEko 1982ko Legearen gaineko aspalditxoko eztabaida saiatuko naiz egungo egunera ekartzen, artikulu honen izenburuan aipaturiko liburua gidari.

Jose Inazio Basterretxeak 2002an, hedabide idatziak azterturik ateratako ondorioei jarraikiz, honako baieztapen hauek egin zizkigun J.M. Odriozolak:

Euskarazko hedabide idatzietan sozializatzen ez den herria da Euskal Herria. Gizarte moderno baten ezaugarri nagusia kultura idatziaren kodea baldin bada, ezin esango dugu euskal gizarte modernorik badenik, gizarte horren informazio-iturri idatziak erdarazkoak direlako. Jakina, izan bada euskal prentsa idatzirik, baina lerro hauen irakurleak nik baino hobeki daki haren hedapena eta errotzea zenbaterainokoa den. Basterretxeak erdal prentsaren esparruan egin duen azterketak, berriz, begien bistan utzi digu euskal izaeraren eta izatearen bazterkeria eta arrazakeria. Hau guztia testuinguru jakin batean gorpuzten denez, jarrera beldurgarrien berri eman digu ikerlariak: “Erdaldunarentzat euskalduna ez da pertsona modernoa, ez da pertsona europar bat; kultura folkloriko baten partaide besterik ez da“. (165or.)

Handik hona, Interneten erabilera biderkatu da ikaragarri. Azterketa berriagoen ezjakinean, irakurlearen gain utziko dut balioestea ea 2002tik hona gauzak aldatu diren ala berdin samar jarraitzen duten.

Artikuluaren sarreran iragarritako bigarren mintzagaiari helduz, oso harrigarri gertatu zait erreparatzea 1991erako jada entzun zirela gurean, 1982ko euskara normalizatzeko legea motz gelditzen zelako kritikak, eta jakina, haren defentsa sutsuak ere aditzera emanez ezen ustiatu gabeko potentzial handia zuela hark, eta luzerako langaia genuela, hura berritzeari ekin aurretik.

Eta lege motz hura luzea ari zaigu gertatzen zinez, kontu eginik indarrean dugula 2020ko urte berezi honetan ere.

Beste autore batzuek beste, Karmele Aierbek honela zioen 1991n:

Euskal Herriko Autonomia Estatutua Konstituzioaren magalean hazi eta hezitakoa denez, gaztelaniaren estatusa baino ez da bermatzen eta ziurtatzen, gaztelaniak aldez aurretik daukan statu quo delakoa uneoro osoki babesten delarik, (…) Beraz, argi dago euskara legedi berri baten premian dagoela, bere bizi-iraupena eta normalizazioa bermatu eta ziurtatuko duena” (“Euskarak legedi berria behar du”, Egin, 1991/10/26).

Mari Karmen Garmendiak, aldiz, lehenago, beste hau esana zuen:

Gaur egun euskararen legeak jasotzen duena gauzatzeak izugarrizko lana emango digu. Lege hori txikitxo geratzen zaigunean ni prest nago beste gauza bat lortzeko. Baina, gaur gaurkoz, euskararen legeak esaten duena hezur-mamitzeak urtetako lana emango digu” (“Elkar hizketak”, Euskal Kulturaren Urtekaria-88, Argia, 24).

Eztabaida horren baranoan, Odriozolari Lluis Aracil soziolinguista katalan begi zorrotza etorri zitzaion gogora, hark ireki baitzituen hemen askotxoren begiak, jada 1982an, delako legea onartu aurretik:

Aracilek zorrotz adierazi zigun bezala, gerta dakigukeen gauzarik okerrena hizkuntza-lege motz bat luze bihurtzea da. Eta horixe bera gertatu zaigu, inondik ere, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legearekin. Horixe bera gertatu bide zaie lege horren moztasuna luzetsi dutenei. Legeak izatez ez du normalizazio-ahalmenik mendeko egoera murriztuan dagoen hizkuntza bere onera erakartzeko, ez duelako gutxieneko berme-babes juridikorik eskaintzen; baina, hala eta guztiz ere, delako lege hori legitimatu egiten da, bere baitan omen dituen balizko gaitasun-iturriak agortu arte zereginik faltako ez zaigulako edo. Labur zurrean esanda: gerta zitekeen gauzarik okerrena gertatu zaigu, berez motza den legea luze gertatzea alegia, borondaterik edo/eta ahalmenik eza estali nahi izan delako aginte autonomiko jakin baten izenean” (184or.)

Nik uste borondatea bakarrik, edo euskararen alderako maitasuna soilik ez direla aski; euskara normalizatzeko lege hobea behar dugu, borondate eta maitasunarekin batean, eta, jakina, botere politikoarekin batera.

Zenbat Euskaraldi beharko ote dira Lege hobea lantzeko giroa sor dadin euskal politikarien artean?

.

Azaleko argazkia: Berria.

Euskaraldian, Odriozolaren Euskalgintzaren lekukoak berrirakurtzen

Euskaraldian, Odriozolaren Euskalgintzaren lekukoak berrirakurtzen

Saiakera-idazlea

6 pentsamendu “Euskaraldian, Odriozolaren Euskalgintzaren lekukoak berrirakurtzen”-ri buruz

  • Zure artikuluaren osagarri, ikus gaur argitaratu den EHAAn (boletinean) Jaurlaritzak gehienbat gazteleraz jarduten duten komunikabideei (eguneroko pentsa idatzia) , berri agentziei…. 2020rako eta partez 2021erako emandako diru laguntzak
    https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2020/11/2005086e.shtml

  • Eskerrik asko Kaptcha!

  • Sentitzen diat Patxi, nagok, Euskaraldi bakoitzeko euskararen gaineko legeria aldatzeko aukera are urrunago izango diagu.

  • Benat Castorene 2020-11-26 19:03

    Patxi, zure aipamenekin aproposei esker ikusten da gaur ikusten duguna batzuek aspaldi aurreikusia eta iragarria zela.
    Gurean kultura idatziaren gustua oso eskasa. Irakurketa kluba bat eratzerakoan harritu nintzan ikustearekin zenbat jendek, euskara nik baino hobeki zekitenak, azalpen gutirekin aitortzen irakurtzen ez zekitela edo maite ez zutela. Idaztea ezta pentsatu ere. Baina hetarik gehienek gogo onez euskaraldian parte hartuko dute. Beraz irakurtzea et guziz idaztea beste maila bat da. Zuzeu idazten ausartzeko eta trebatzeko tresna polita da.

  • Oker ez banago, Xabier, esaten ari haiz politikariengandik ez dugula ezer espero behar; 1982ko legea aldatzea ez behintzat!
    Zupiria belarriprest eta Otegi ere bai. Euskaraz entzuteko jarrera ere zein garrantzizkoa den ezagutzera emateko izango da, ezta?
    Nolanahi ere, 1982ko legearen aldaketan, jarrera aktiboagorik hartzen ez badute…!
    Seguru nago PNV dela errudun nagusia (eta PSE), baina EHBilduk ere ez ote du “bertan goxo eta eroso” egiten, barne kontraesanak ere tarteko?
    Nik behar-beharrezkoa ikusten dut politikarien parte hartzea.
    Eskerrik asko Beñat, errealitate desatseginaren berri, goxoki eta eztiki emateagatik.

  • Ez dirudi Euskaraldiak Euskararen Legearen aldaketarik eragin dezakeenik. Areago, ikusirik lege motz hori erditu zutenek ez dutela Legea garatzeko inongo asmorik, ezta sikiera egungoa betetzeko ere.
    EAJren PSOEratzea agerikoa da hizkuntzaren auzian: euskara “askatasunez”, hau da, ugazaben aurrean ez.
    Are, kezkagarria iruditzen zait ere EHBilduren ekimenik eza, eta bere lehen lerroko ordezkari gehienen erdaltzaletasuna.