Euskaraldian hitanoa aktibatuko da ‘H’ bat gehituz txapan
Euskara teknikariak, euskara elkarteetako kideak, irakasleak, ikerlariak… esparru askotako herritarrek eta lurralde guztietakoak osatzen dute ZirHika taldea. «Hitanoa tresna paregabea da kalean eta lagunartean erabiltzeko, hizkuntzari freskotasuna eta adierazkortasuna ematen dion hizkera informala delako –gogorazi dute–. Nahiz eta ikastetxeetan euskaraz ikasi, gazte askok kalean erdarara jotzen dute bat batekotasun, adierazkortasun eta informaltasun bila: gazte-hizkera baten bila. Euskarak berezkoa duen hizkera informala, berriz, gainbehera joan da azken hamarkadetan»
«Herri euskaldunenetan mantendu da ondoen, eta horietan ere galduz doa. Horregatik, gure asmoa euskaldunen artean, bereziki gazteen artean, hitanoaren erabilera areagotu eta sendotzea da, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzea. Euskararen erabilera indartzeko», argitu dute.
.
Euskaraldian, nola egin?
Orain arte Hikaldia egin den herrietara mugatzen zen hitanoa bultzatzeko ekimen hau, baina orain Euskaraldia osoa zabalduko da, ZirHika taldeak Tauparekin batera elkarlana adostu ostean.
Beraz, txapan ‘H’-a ipini ahal izango da; hau da, «nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu», adierazten duena. Ahobizi ala Belarriprestena ez da aldatzen, eta, aipatu dutenez, ez dago hika jakin beharrik ‘H’-a ipintzeko. «Hitanoa ikasi/entzun nahi duenak ere ipini dezake. Hika egitea biren arteko tratua da», argitu dute.
«Zertarako balio du? Zukaz gainera, hika ere entzuteko eta hitz egiteko. Hitano hiztunak aktibatzeko eta sortzeko. Eta hitanoa plazaratzeko», gehitu dute. Parte hartzeko egin behar den gauza bakarra izena ematea da formularioan. Nahi duten herritarrei, txaparekin batera ‘H’ gometxak banatuko zaizkie.
Orain arte 66 herrik eman dute izena Euskaraldia Hikan ekimenean, baina epea ez da itxi, martxoaren 1ean bukatuko baita. Herri batzordeak izena ematera animatu nahi izan dituzte, ez baitu aparteko lanik suposatzen eta «aukera ederra da, erronka polit bat».
.
Markina-Xemeinen eta Azokan
Horrez gain, Euskal Herriko II. Hika Topaketa azaroan Markina-Xemeinen egingo dutela iragarri dute, eta abenduaren 7an, Durangoko Azokarekin batera, Euskal Herriko II. Hikadromoa egingo dute. Iazkoan 75 lagun elkartu ziren, Euskal Herriko lurralde guztietakoak.
Udalekuetan hitanoa txertatzen saiatzea izango dute aurtengo gure beste lanetako bat, batez eren Bertsozale Elkarteak eta EMAk antolatzen dituen Salto! izenekoetan. Horrez gain, hutsetik hasita hitanoa bultzatu nahi duenari gida-lerro batzuk proposatuko zaizkie eta, garrantzitsuena, etorkizunari begira, taldearen plan estrategikoa eta partaidetza handitzea izango dute xede.
.
Zein da hitanoaren egoera?
Zein da hitanoaren egoera, herriz herri? Badihardugu euskara elkarteak egin zuen Hikagin inkestaren emaitzak eman dituzte ezagutzera prentsa agerraldian. Inkestak arrakasta izan zuen: 4.215 erantzun jaso zituzten, 287 herritakoak. Zehazki, Gipuzkoan 88 herritatik, Bizkaian 87, Nafarroan 70 eta Ipar Euskal Herrian, 39.
Erantzunen %60 inguru herri euskaldunetatik iritsi ziren, baina bazeuden hitanoarekin interesa erakutsi zuten -eta espero ez zituzten- beste toki batzuk ere. Adibidez: Bilbo (80 erantzun), Donostia (231), Irun (50), Gasteiz (37) eta Iruñea (48).
Halere, egoera orokorra ez da ona. Inkesta bete zutenen gehiengoak egoera eskasa edo oso txarra dela zioen. Nokarena tokarena baino okerragoa.
% 11k soilik dio egoera ona dela; erdipurdikoa, %33k, eta eskasa edo oso txarra %55ek. Fokua udalerri euskaldunetan ipiniz gero, herrietako %84tik gutxienez erantzun bat jaso zuten (142 herri). Udalerri euskaldunetan hitanoaren egoeraren pertzepzioa hobea da: nahiko ona du %64ak (ona %17 + erdipurdikoa %46,5).
Arnasgune diren herrietan, berriz, %71k du hitanoaren egoeraren pertzepzio nahiko ona (tokarena bereziki). Itxaropenerako datuak, dena den: hitanoarekiko interesa dago eta herri askotan hitanoa biziberritzeko ekimenak egiten ari dira (hamarretik lauk diote hori). Gainera, garai batean izan zuen ospe txarra gutxitzen ari da (hamarretik zazpik ez du ezer txarrik entzun).
Euskaraldian hitanoa aktibatuko da ‘H’ bat gehituz txapan
Nire ustez, hanka sartze galanta izan da euskaraldiko txapetan “h”a sartzearena. Aurreko edizio guztietako ondorioetan nabarmendu da ahobizi eta belarriprest rolen arteko bereizketa ez dela argia, askotan nahasmendua sortzen dela eta rolen arteko hierarkizazio bat ere badagoela. Edizioren batean belarriprestak prestigiatzeko ahalegin bat ere egin zen. Oker ez banago, rolen arteko banaketa bera egon da auzitan eta zenbaitek bat bakarra jarri nahi zuen.
Ekimen honek arrisku handia dauka hexklusiboen klub bat sortzeko. Ahobizi txapa eramatea ez dunk nahikoa, izan hadi ahobizi h-duna!.
Nire ustez, handira jokatu behar dugu, ahalik eta jende gehiena inplikatzea bilatu eta ariketa ondo egin, jakina. Horretan gizartearen liderrak (politikoak barne) inplikatu eta eredu izan.
Hitanoa sustatzea ondo iruditzen zait, zirhika elkartea bere ere bai, baina ez soinean bereizgarririk eramatea.
Honek guztiak beste arrisku bat ere badauka. Hitanoaren erabilera naturala tokian tokiko hizkeran egiten da. Mendebaldeko hizkera sustatzeko “m” pegatinatxoa jarriko dugu? Zuberera sustatzeko “z”?
Bide batez, nork erabaki du “h” pegatatxoarena? Zein forotan hartu da erabakia? Norekin kontsultatu da?