Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari

Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari –

Iñigo Astiz, berria egunkarian.


Pieza aurkeztu eta urtebete pasara hasierako hipotesiak zorroztu dituzte adituek, eta, hainbat hizkuntzalariren hitzetan, oraindik ere ezin da baieztatu testua euskaraz edo euskararen ahaide batean idatzita dagoenik.

Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari

Ezin da euskara denik ziurtatu. Ez euskara, ez paleo euskara, ez antzinako euskara, ez eta iberiera ere, bestalde. Irulegiko Eskua agertu zenetik urtebete baino gehiago pasatu den honetan, pieza ikertzen ari diren lehen lerroko zenbait ikerlariren hitzetan, oraindik ere ezinezkoa da piezako testua euskararen ahaideren batean idatzita dagoenik baieztatzea. Eta ez da marmar hutsa. Fontes Linguae Vasconum aldizkari zientifikoaren azken zenbakian eman dituzte argitara ondorio horiek. Joaquin Gorrotxategi Euskal Herriko Unibertsitateko paleolinguistikako aditu eta Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradunak eta Ekaitz Santazilia Nafarroako Unibertsitateko filologo eta hizkuntzalaritzako doktoreak egin dituzte artikulu bildumaren edizio lanak, eta aurreko astean eman zuten argitara. Eta horrek ere ematen dio sendotasuna debateari. Batetik, aditu esanguratsuek agertu dituztelako zalantzak, eta, bestetik, pieza gertuen ikertzeko aukera izan duten adituek egindako edizio lanaren bermearekin datorrelako.

Erabat espezializatuak dira artikuluak, eta erudizioz aztertzen dituzte piezaren detaileak. Baina, edozein kasutan ere, guztiek onartzen dute piezaren benetakotasuna. Kontua da ezin dela haren testua ulertu adituek garai hartako hizkuntzez dakitenarekin. Ez arazorik gabe, behintzat. Eta arazo horiei ezin zaie ez ikusiarena egin, hala diote zalantzak agertu dituzten adituek. Horregatik esaten dute ezin dela ziurtatu euskararekin senidetuta dagoenik. Besteak beste, ondorengo adituek sinatuta datoz ikuspegi hori babesten duten artikuluak: Joseba Lakarra EHUko euskal filologiako doktore eta antzinako euskarako adituak, Eneko Zuloaga EHUko filologo eta doktoreak, Borja Ariztimuño EHUko filologiako doktoreak, Julen Manterola EHUko euskal filologiako doktoreak, Celine Mounole Pauko unibertsitateko euskal ikasketetako doktoreak, eta Mikel Martinez-Areta EHUko euskal filologiako doktoreak.

Zenbait adituren hitzetan, piezaren kokapena ez da nahikoa argudio Irulegiko Eskuko testua euskararekin ahaidetu ahal izateko.

Sorioneku. Testuaren lehen hitz horrek lerratu ditu hipotesiak euskarara, Julen Manterola eta Celine Mounole hizkuntzalariek aldizkarirako idatzi duten artikuluan azaltzen dutenez. Horrek, eta piezaren kokapenak eta antzinakotasunak. Adituek frogatutzat ematen dutelako K. a. I. mendean Aranguren herri inguruan (Nafarroa) baskoiak bizi zirela. Baina Manterolak eta Mounolek diotenez, testuari erreparatzean sortzen dira arazoak. Hasteko, ez dutelako ontzat jotzen zorioneko hitzarekin egiten den lotura, eta, diotenez, ondorengo inskripzioak aztertuta ere, ezinezkoa da ziurtatzea testua euskararen ahaideren batean idatzita dagoenik. Eta, haien hitzetan, halako zalantzak sortzen diren kasuetan, testuak izan behar du beti lehen bermea, eta bigarren maila batean bakarrik lagun dezake piezaren kokapen geografikoak.

Manterolak eta Mounolek on hitzarekin osatutako beste hitz batzuen garapen linguistikoa ere aztertu dute ondorio horretara iristeko. Lekuine, eskuin eta aitoa hitzen bilakera fonetikoaren ispiluan ikertu dute Irulegiko Sorioneku. Eta ondorioztatu dute Irulegiko Eskuko lehen hitzak ez diola beste eredu horiek izandako bideari jarraitu.

Zorionaren arazoa

Eneko Zuloaga eta Borja Ariztimuño hizkuntzalarien arabera ere «ezinezkoa» da Irulegiko Eskua euskara historikoari eta aitzin-euskarari buruz dakigunaren arabera argitzea. Haien hitzetan, badirelako pasarte batzuk antzinako euskaraz argitu daitezkeenak, baina, diotenez, horretarako ere, behartu egin behar direlako hipotesi batzuk. Eta antzeko arazoak daude Irulegiko Eskua iberieraz irakurtzeko ere. Tarteka, hizkuntza horrek ere lagun dezakeelako hitz bat edo bestea argitzen, baina huts egiten duelako beste pasarte batzuetarako. Eta, beraz, horregatik esaten dute balitekeela testua hizkuntza batean baino gehiagotan egotea, edota, are, oraindik ezezagun den beste hizkuntza batean idatzita egotea ere. Hipotesi modura, betiere.

Joseba Lakarra EHUko antzinako euskara katedradunak ere badu artikulu bat aldizkarian. Bera da gaur egun antzinako euskarari buruzko aditu nagusietako bat, eta tentu bereziz aritu da bere ikerketan. Testuko hizkuntza orokorrari buruzko iritzia eman beharrean, eskuko lehen hitza aztertu du hark. Sorioneku edo sorioneke ezaguna, alegia. Eta haren hitzetan, ezinezkoa da hitz horrek zorion hitzari erreferentzia egiten dionik esatea, ez deklinatuta —zorioneko—, ez elkartuta —zorion—, ez eta bereizita ere —zori on—. Lakarrak dioenez, forma horiek guztiak Irulegiko pieza baino «berankorragoak» direlako, eta ez K. a. I. mendekoak. Hitz bakar horri buruzkoa da haren artikulua, baina zorion hitzaren izan dezakeen loturaren hipotesi hori ontzat emateak «bongo-bongotan erortzera» eraman dezakeela ohartarazten du azken ondorioan.

Joaquin Gorrotxategik testua baskoieraz dagoela berresten du bere artikuluan, eta gudari lotutako eskari bat dela esaten du.

Mikel Martinez-Areta EHUko ikerlariak ez du zalantzarik inskripzioek hizkuntza ez-indoeuropar baten gramatikan daudela esateko. Baina, hain justu, sorion hitza bakarrik lotzen du euskararekin. Dioenez, testuko beste ezein elementutan ezin delako «euskal filiazio bat» ziurtatu. Azaltzen duenez, ezin da zubirik eraiki Irulegiko Eskuan agertutako hizkuntzaren eta mende batzuk geroago agertzen den euskararen artean. «Paleoeuskaraz balego ere, Behe Inperioko dokumentazioaren azterketak erakusten du ez dirudiela jarraitutasunik dagoenik lurralde baskoian hitz egiten zen edozein hizkuntzaren eta Goi Erdi Aroan azaleratzen den euskara historikoaren artean». Hots: Irulegiko Eskua irla bat dela. Oraingoz.

«Lekukotza antzu amorragarri bat» da Irulegikoa, Ivan Igartua Euskal Herriko Unibertsitateko filologiako doktorearen hitzetan. «Oraingoz, behintzat». Igartuaren arabera, testuak ez baitu ondorengo mendeetan azaltzen diren forma linguistikoei buruzko aspektu historikorik argitzen, ez eta testuaren izaera ulertzeko pista handirik uzten ere. Aditu horren hitzetan, eskuak baditu euskaratik edo iberieratik gertu egon daitezkeen «azaleko» zenbait elementu, baina, aldi berean, asko dira ezagutzen ez den ezein hizkuntzarekin loturarik ez duten elementuak ere.

Baskoien hizkuntzan

Aranzadi zientzia elkarteak 2022ko urriaren 14an egin zuen piezaren aurkezpen ofiziala. Eta lurrikara soziala eragin zuen horrek. Bai eta zientifikoa ere. Joaquin Gorrotxategi Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea eta Javier Velaza epigrafiako aditua eta Latindar Filologiako katedraduna ere izan ziren bertan, eta haiek egin zuten eskuaren lehen interpretazioa. Haiek proposatu zuten testua baskoieraz idatzita zegoela. Gorrotxategik hala azaldu zion hipotesi hura BERRIA egunkariari, lehen une hartan bertan: «Euskal Herrian bertako hizkuntzan idatzita agertu den lehenengo idazkuna da, bai. Zeren ez dago inongo arrazoirik pentsatzeko Euskal Herritik kanpo idatzi eta handik ekarri zutela. Agertu den tokian agertu da: Irulegin, Iruñetik gertu, hau da, baskoien lurraldearen bihotzean, erdi-erdian. Hori datu objektibo bat da; interpretazioak geroko kontuak dira. Lehenengo dokumentua da bertako hizkuntzan idatzia, eta bertako idazkeran».

Fontes Linguae Vasconumaldizkarian Gorrotxategik eta Velazak eutsi egiten diote testua baskoieraz dagoen hipotesiari. Testua euskararekin ahaidetu dezaketen bi paralelismo ere aipatzen dituzte. Lehen hitzeko sorioneku ezaguna da bata, eta testuko azken hitza da bestea —eraukon—eradun aditz kausatiboarekin izan dezakeen loturagati. Eta lotura hori egiteak dakartzan «arriskuak» ere aipatzen dituzte adituek artikuluan. Bi forma horien agerpenen artean mende askoko tartea dagoelako. Urtebeteko ikerketen ostean, gainera, badira eurek ere zorroztu dituzten beste hipotesi batzuk.

Bisitariari egindako ongietorri bat izan ordez, arerioei moztutako esku bat irudika dezake Irulegiko Eskuak.

Gudarekin lotzen dute inskripzioko mezua orain, esaterako. Haien hitzetan, eskukoa ez delako ongietorria egiteko mezu bat, eta piezak ez duelako bisitariari luzatutako esku bat irudikatzen. Diotenez, arerioei moztutako esku bat irudikatzen du aurkikuntzak, eta, ez dute uste inskripzioko lehen hitzak zorionari erreferentziarik egiten dionik, baizik eta gerrako kontuak gidatzen dituen zoriari. Eta hipotesi hori lantzen du beren artikuluan Francisco Beltran Lloris Zaragozako unibertsitateko filosofiako doktore eta Antzinako Historiako katedradunak ere. Eta, Irulegiko Eskua bezala, eskumuturrik gabe eta hatzak beherantz dituzten beste hainbat esku irudikapen aztertzen ditu horretarako.

Bestalde, Gorrotxategik eta Velazak zorroztu egin dute eskuko zeinuen lehen transkripzioa ere. Azaltzen dutenez, piezak bazituelako haren interpretazioa zailtzen zuten traba tekniko batzuk ere, tartean. Kobreak herdoil arrastoak zituen, adibidez, eta zaildu egiten zuen horrek idatzitakoaren ulermena. Aranzadi zientzi elkartekoek udan piezari garbiketa zorrotzagoa egin diote, ordea, eta lagundu egin du horrek ere zeinuak argiago ikusten.

Gainjarritako bi bertsio

Baina, oraindik ere, bada interpretazioa zailtzen duen faktore esanguratsu bat. Gorrotxategik eta Velazak diotenez, bi inskripzio gainjarri dituelako Irulegiko Eskuak. Brontze gainean marrak eginda idatzitako testua dago, batetik, eta, puntadak emanda idatzitako testua ere badago, bestetik. Biak elkarren gainean. Eta bi testu horiek ez dute beti guztiz bat egiten. Horregatik, pasarte batzuetan bi interpretazio posible zabaltzen ditu piezak aldi berean. Eta horrek ilundu egiten du idatzitakoaren ulermena ere.

Udan egindako garbiketa baten ondoren, testuaren transkripzio zorrotzagoa ere proposatu dute Gorrotxategik eta Velazak.

Marraz egindako bertsioaren hasieran sorieneke jartzen duela interpretatu dute Gorrotxategik eta Velazak, esaterako, eta, aldiz, sorioneku da bertsio puntadunak dioena. Eta, beraz, dantza egiten dute hipotesiek lehen-lehen oinarri horren gainean. Balitekeelako bi bertsioetako bata bigarren testuaren zirriborroa izatea, baina, adituek diotenez, balitekeelako bi bertsioetako bakoitzak egile bana izatea ere.

Bizia da eztabaida. Argi erakusten du hori aldizkariak. Eta artikuluz artikulu elkarren interpretazioak zalantzan jartzen dituzte bateko zein besteko adituek. Eduardo Orduña Bartzelonako unibertsitateko hizkuntzalaritzako doktoreak, esaterako, Gorrotxategirenaz eta Velazarenaz bestelako interpretazio bat proposatzen dio testuari. Haren ustez, Sorion izeneko norbaitek Ortzitanes izeneko jainkoari baskoieraz idatzitako eskaintza bat izan daitekeelako testua. Eta hipotesi horren kontra azaltzen dira, gero, Manterola eta Ariztimuño.

ZER DIO IRULEGIKO ESKUAK?

Irulegiko Eskuak bi testu gainjarri ditu, eta haien transkripzio zehatzagoa egin dute Joaquin Gorrotxategi eta Javier Velaza adituek, udan egindako azken garbiketaren ondoren. Interpretazio hauek proposatzen dituzte.

Marraz idatzitako testurako:

Puntadak emanda idatzitako testurako:

Eta, aldiz, testu hori bera oinarri hartuta, iberiera baskoiaren familia bereko hizkuntza izan daitekeela dio Joan Ferrer I Jane Bartzelonako unibertsitateko filologiako doktoreak bere artikuluan. Hipotesi modura. Haren hitzetan, «zuhurra» izan behar delako, eta «testu gehiago» dokumentatu arte itxaron beharko dela dioelako. Eta antzeko zuhurtzia igar daiteke artikulu gehienetan.

Aurrez ere izan dira gisako zehaztapenak eta ñabardurak, halere. Iazko udaberrian Gasteizko Euskal Herriko Unibertsitatean egindako kongresuan esandakoak dituzte oinarri orain Fontes Linguae Vasconum aldizkariko artikuluek, adibidez, eta han izandako eztabaiden garapena baino ez da orain argitaratutakoa. Idatziz. Zehaztasun handiagoz. Baina zalantza da oraindik ere nagusi. Izan ere, inguruan duen iluntasun guztiaren aurka, pospolo baten parekoa da Irulegiko eskuko testuaren argia oraindik, eta zail izango da euskararen iraganaz edota piezaren funtzioaz ezer argitzea. Antzeko testu eta pieza gehiago agertu artean, behintzat. Artikuluetan behin baino gehiagotan aipatzen delako horren esperantza.

Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari  Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari  Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari  Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari 

Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari

Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari  Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari  Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari  Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Euskarak irrist egiten dio Irulegiko Eskuari”-ri buruz

  • Nirea içan cen lehen interpretationea. Lehena eta orain arte hoberena, duda bat ere gabe. Hahahaha!

    Lakarra eta Gorrotxategi jaunac ez dirade bat ethorten.

    https://zuzeu.eus/euskara/sorioneku/

    Josu Lavin  2022-11-16 07:20

    Nire azquen versionea:

    zorioneko
    denek heben giraten
    onetan etsea ekarri eraukon

    Felices
    todos los que estemos aquí y quien sea / fuera traído a esta casa

    Adeitsuqui

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude