Euskarak euskaratik kanpo du bere sendabidea II

Euskarak euskaratik kanpo du bere sendabidea II –

Euskarak euskaratik kanpo du bere sendabidea IIAurreko asteko artikuluan euskarak bizi duen anomaliazko egoeraren hiru ezaugarri aurkezten ahalegindu nintzen era eskematiko batean. Euskararen sintomen diagnostiko argazkitxo bat baino ezin izan zuen eskaini azkenera artikuluak.  Deskribatzen nuen anomalia hori pixkanaka gainditze aldera, aldiz, labur beharrez, atarikoak baino ez ziren gida-hitz batzuk hara eraman nituen artikuluaren bukaera- bukaera aldera. Labur-labur, eta jada aurrez esandakoarekin bueltaka ez jardutearren, esaldi batean doa bertan adierazitakoa; euskararen mendretasuna hiru gabezietan hauteman daiteke: euskara hiztunen komunitatea mugatu eta zatikatua izatea (1); euskarak komunikazio-tresna edo produktu gisa, falta duen “konpaktazioa”, berorren hiztunen hizketa-aldaerak tarteko (2); eta horren guztiorren adierazgarri, euskarak falta duen habitus dominantea, hau da, euskara kale-mailako hizkuntza normatiboa izateko gaitasun falta (3).

Egoera honi buelta emate aldera, nondik hasi esatea ez de samurra, agian ezta espero izatekoa ere. Izan ere, hiru puntuen gainean jardutea dugu ezinbesteko, egia esatera, hizkuntzaren osasuna bere onera ekartze aldera. Lehenbiziko biak (lehendabizikoa gizartearen euskalduntzea xede duena, eta bigarrena euskara batua deitu izan dugun hori lantzea eginkizun izan duena) prozesu materiala edo inmanentea deitu dudan horrekin lotu nituen. Hirugarrenak, aldiz, lausoago den zerbaitekin du lotura, eta gizartean, norbanakoarengan, giro elebidun batean hizkuntza baten aldeko hautua egiteko bultzada, konbikzio, ohitura eta inertziari dagokie. Dena dago elkarlotuta, eta hiruetariko bakoitzak du harreman zuzena beste biekin, halako moldez non, kasurako, euskara-hiztun urri eta elkarrengandik sakabanatutako udalerri batean “jendeartekotasunaren jarraittasunak” (1)), euskararen konpaktasunak (2) zein habitus-ak berdintsuki pairatuko duten gertakari horren kalte-eragina.

Aipatu hiru faktore horien arteko elkar eraginaren ondorioz, tokian toki euskararen egoera oso desberdina izango da: euskararen aldeko hautu oharkabekoa ematen deneko udalerri edo bailara oso euskaldunetatik hasi, pasa euskara praktika handiagorako euskal hiztunen kopuru kritikoa zein baldintzak jada ematen direneko tarteko zonaldeetatik eta euskara erabat desagertu zeneko zonaldeetan buka. Euskararen egoera, hortaz, ez da inondik inora kolore bakarrekoa, oso bestela baizik, oso adaskatua da haren egoera, eta tokian toki egoerari ekiteko eta buelta emateko jardunbideak ere tokian toki nabardurak ere eskatuko ditu.

Euskararen presentzia, bere bilakaera eta beren faktore eragileak ikergai dituzten lanek bi faktore garrantzitsu hartzen dituzte aintzakotzat euskararen praktikan: soziodemografia eta identitatea. Lehenengo faktoreak uneko euskararen ezagutza zein hedapena hartzen ditu aintzat. Zerbait objektiboari dagokio eta nolabait-edo zonalde zehatz bateko unean unean euskararen egoeraren argazki emango liguke. Bigarren faktoreak aldiz, dimentsio dinamiko bati dagokio, subjektiboago da, gizarte batean bizi den sentimendu edo identitate batekiko atxikimendua du aztergai; euskal eta espainol/frantses sentimenduen arteko oreka zer-nolakoa den ikertuko du. Bi faktore hauek tokian toki intentsitate ezberdinez eragingo dute, nahiz eta bakoitzak bere soilean ez duen sekulan eragingo.

Bi faktore horien arteko orekak baldintzatuko du, zehaztuko du, gerorako jokabidea zonalde zehatz batean euskararen praktika suspertze edo babeste aldera. Hartara, euskal hiztunen kopuru handiko udalerrietan, zonalde edo bailara bereziki euskaldunetan, euskararen ezagutzaren edo praktika oso zabalduak daudenez gero, gizarte-giroak era inkontziente batean euskaraz egitera bultzatuko du. Euskara normatiboa izango dugu, edo, bestela esanda, egiturazkoa. Honelako zonaldeetan, euskararen egoerari dagokionean, aurrera eraman beharreko ekintzak edo ekimenak, izatekotan, jada ezarria dagoen hizkuntza praktikak babeste alderakoak izango dira. Honelako komunitateetan, lehenengo faktorea arrunt aldeko dugun aldetik, ez du garrantzi handiegirik hartzen bigarren faktoreak, hau da, identitate-atxikimendua. Jada aurreko artikuluan esanda nuen moduan, toki bateko hizkuntza habitus jada ezarria aldatzea oso zaila da, areago ere, habitus delako hori gaztelaniaren aldekoa bada, tokiko habitus horretatik kanpo gaztelaniaren uholde unibertsalak inguratzen duelako. Hala eta guztiz ere, are soil-soilik toki-tokikoa genukeen euskararen aldeko habitus delako bati ere neke handiz gailenduko zaio lehiakide duen erdararena. Hau guztiau horrela, esanda moduan, hemen identitatearen faktorea (euskal identitatearekiko atxikimendua) oso bigarren mailakoa izango da eta garrantzi eskasekoa. Erdaldun militanteentzat, aldiz, egoera justu beste muturrekoa izango da; hauek habitus-a guztiz kontra edukirik, egoera irauli ahal izateko ezinbestean erdal identitatea suspertze alderako bideari ekin beharko diote.

Euskararen egoera orokorra baina ez da inolaz aurreko paragrafoan deskribaturikoa. Hori da hain justu ere artikulu hau idaztera bultzatu nauena. Aurreko artikuluan islatutako argazkia argia zen: euskarak, oro har, ez du bere alde hizkuntza habitus-a. Euskara ez dugu normatiboa gure kale mailako hizkuntza praktiketan eta aurrez badago bultzada inkontziente, oharkabeko, bat erdararantz. Erdararen aldeko habitus ezarri delako hori zera hauen guztien berme izango da; erdararaz arituz gero, jada espero izatekoa den zerbait egiten ari gara, nolabait-edo “politikoki zuzena” deitzen horren barruan arituko gara (1); erdaraz arituz gero, jakin badakigu komunikazio prozesua guztiz bermatua izango dugula, lortu beharreko emaitzari dagokionean, zein prozesu horren efizientzia komunikatiboari dagokionean. Bi zergati horiek erraz azal dezakete ia beti eta kasik salbuespenik gabe erdaraz egitearen aldeko hautua. Kontua baina, ez da hor gelditzen. Hizkuntza baten aldeko habitus-a ezarria dagoenean, hizkuntza horren aldeko bultzada hain da indartsua, hain da berezkoa, non delako bultzada horren atzean jada ez dagoen inongo hautu kontzienterik.

Jada ezarritako habitus-a aldatzea ez da batere samurra, ez hemen, ez inon. Gurean hau are zailagoa da. Izan ere, euskararen eta erdararen arteko lehiak bi dimentsio ditu, bat barrukoa eta bestea kanpokoa. Barrukoa jada aipatuak ditudan euskal gizartearen ezaugarri soziolinguistikoei dagokie. Kanpokoa, hori propio jorratzeko beste artikulu bat eskatuko balu ere, globalizazio-uholdeari eta honek kultur kontsumoan ekarri duen iraultzari dagokie. Gure gizartean erdara hartuz eta hartuz joan den indar geldiezina ezin da soilik gizartearen baitako hizkuntza bakoitzaren hiztunen gehiengo/gutxiengoen korrelazioaren arabera azaldu, ez eta gizartearen baitako erakundetze mota ezberdinen arabera ere. Gaztelaniak eta frantsesak hemendik kanpo dituzten milioika hiztun eta hauen ekoizpen kultural itzela aintzat hartu behar da euren indar geldiezina azaltze aldera. Erdarak kanpotik pairatzen duen presio horrek, globalizazioa, sarea eta teknologia berriak tarteko, izugarri egin du gora azken hamarkada honetan. Horren guztiorren adierazgarri, are herri oso euskaldunetan ere gaztetxoek euren ikus-entzunezko aukeraketetan zenbat egin duen gora erdaraz kontsumitutakoak ikusi besterik ez dago, azken inkesta soziolinguistikoek argi azaldu digutenez.

Gauzak horrela, boluntarismo huts-hutsez honi buelta ematea ez da espero izatekoa. Soluzioa, soluziobidea, nondik etor ote daitekeen hauteman baino lehen, egoerari bere gordinean begiratu behar zaio, erabateko errealismoz. Egoera, tamalez, horixe eta bera da. Gurea beti-betidanik David eta Goliaten artean nor baino nor gehiago izan bada, gaur egun, egungo egunetan, egoera are larriagoa da. Ez dakit gu garen David hori txikiagotu den, bai baina Goliat nabarmen handiagotu zaigula. Orain artean egindako guztiak, bai euskalduntze prozesuetan, bai euskara hizkuntza moderno gisa gaitze aldera ere, honaino ekarri gaitu. Euskara ezagutza inoizkorik maila altuenera ailegatu da eta hau ez da gutxiestekoa, inondik ere.

Ezagutzatik praktikarako salto hori beti kezkagai izan dugu, bai norbanako euskaldun berrien kasuetan, baina, batik bat, jada euskara gabeko zonaldeetan ikastoletatik pasatako milaka hiztun potentzialek euskara kalera eramateko orduan. Globalizazioak ekarri digun egoera berriak kezka hau handiagotu beharko liguke. Izan ere, gaur egun, praktikara egin beharreko salto hau sekulan baino beharrezkoagoa da, eta, areago esango nuke nik, lehen baino lehen egin beharrekoa. Inflexio-puntu baten aurrean gaudela esango nuke nik. Asko dugu irabazteko zuhur jokatuz gero, baina asko-asko galtzeko gerotik gerora ibiltzen bagara. Goliat inoiz baino handiago dugu, gure gizarteak, gure umeek, erdaraz kontsumitzen duten eta jasotzen dituzten erdarazko input-en kopurua izugarria izanez gain, handituz eta handituz doa.

Jada aurreko artikuluan aurreratu nuen moduan, ez dut uste erdararekin eremu materialean, edo, gutxienez, soilik materialean, borrokatu gaitezkeenik. Panorama berri hau aintzat hartuta, itsaso husten aritzea bezala litzateke itsu-itsuan euskaraz ekoitzi eta ekoitzi aritzea. Horrekin ez dut esan nahi alde material hori ondo zaindu behar ez denik, areago, agian inoiz baino zainduago egon beharko luke, agian ez hainbeste maila kuantitatiboan, baina bai maila kualitatiboan, kalitate handi-handiko produktu kulturalak ekoitziz. Baina, egoera egoera, muin-muineko gakoa ez datza horretan. Horretan itsu-itsuan tematzeak denboraren denboraz behin betiko desmoralizatze batera eraman gintzake, etsia hartzera.

Inoiz baino beharrezkoago dugu hizkuntza identitatearekin lotzea; orain artean bezala, Administrazioan zein Hezkuntzan, euskara hizkuntza huts eta soiltzat jotzen badugu, erabilgarri eta baliagarria izango zaiguna, eta betiere aukeran erabili ahal izango duguna edo, asko jota, eta kasik soilik egoerak behartuta, gureak egin du, euskararenak egin dezake espero baino lehen. Paradigma aldatu behar dugu berandu baino lehen.

Hizkuntzaren erabilera herri identitatearekin lotzen ez duen hiritarrak nekez aldatuko du bere hizkuntza joera. Ez gaitezen engaina, hiritarrak, berez, nahikoa eta sobera du erdararekin bere behar instrumentalak asetzeko. Euskararekiko habitus-a, hortaz, euskal identitatearekin atxikimendutik ari direnen behar eta motibazio sinbolikoetan datzala esan liteke.

Behar-beharrezkoa dugu hizkuntzaren erabilera eta identitatea lotuko dituen diskurtsoa ondo garatzea. Orain artean bezala, instituzioetatik bultzaturiko identitate kulturbiduna delakoaren diskurtsoak ez dio batere mesederik egin euskararen erabilera eta soil-soil haren erabilpen instrumentala sustatu du. “ikusten den bezala, identitate kulturbiduna ez baita euskararen erabilerarekin lotzen” (Garcia, Iñaki,. Euskararen erabileran eragiten duten prozesu psikosozialak: identitate etnolinguistikoaren garrantzia.: 336. or.). Euskaraz egitea talde mailako konbikzio batetik jaio ez, eta, gehienera jota, norbanakoen aukera huts izatera igarotzen da. Diskurtso honelakoek ez dute euskararen erabilerarik bultzatzen, kontrako baizik. Ikuspegi instrumental hutsaren ikuspegitik soilik aintzakotzat hartzen bada euskara, aukeran, espero izateko denez, erdara izango baita ia kasu guztietan hautu baliagarri, erraza eta motibagarriena.

Euskal identitatearekiko barneratzen den diskurtsoa zein izan, gerora hizkuntza azturen gaineko erasana ere halakoxea. Hizkuntzaren erabilera eta euskal identitatea lotzen dituen diskurtsoarekiko atxikimendua euskararen aldeko habitus-aren mesedetan arituko da. Eta kontrara, euskal identitatea eta euskararen erabileraren arteko lotura ahultzea edo ukatzeak, aldiz, hizkuntzaren erabilera bultzagarri sinbolikoz hustuko eta dimentsio instrumental huts-hutsera mugatuko du eta, ikusi dugu jada zein den bigarren diskurtso mota honen emaitza.

Lehenengo diskurtsoari heldu behar diogu lehen baino lehen eta bete-betean. Paradigmaz aldatu behar dugu berandu baino lehen eta, Ibai Iztuetak dioen bezala, orain arte geure buruari galdetzen baldin bagenion ea izan ote daitekeen inor euskaldun euskaraz jakin gabe…gaur egun, aldiz beste galdera honako hau egin beharko genioke geure buruari: Abertzaletzat har liteke inor euskaraz jakinik, hura erabili gabe? Euskal kultura posible al da euskaraz jakin eta hura erabili gabe? (Cultura vasca vs euskal kultura, 182. or.)

Euskarak euskaratik kanpo du bere sendabidea II Euskarak euskaratik kanpo du bere sendabidea II

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.