Euskarak euskaratik kanpo du bere sendabidea

Euskarak euskaratik kanpo du bere sendabidea –

Tarteka egiten diren txosten soziolinguistikoen emaitzak aurrekoek emandakoekin alderatuz gero, euskararen osasunaren bilakaera dinamikoa, nolabait-edo, osatu ahal izango dugu. Berrikitan jasoak gara azkeneko txostenaren emaitzak eta baita, hauek jaso berritan, eurek hizpidera ekarritako lehenengo balorazio, hausnarketa eta eztabaidak ere. Lortutako argazkia eta bertatik bertarako euskararen zinezko errealitatearen artean egon litekeen gehiegizko aldea sumatu dezakegu, edo, gutxienez, horren irudipena izan dugu baten batzuok behintzat. Honelako azterketen atzeko konplexutasun teknikoa ezin ukatuta, nire aldetik, nahiago eztabaida horretan ez sartu. Hortaz, jasotako argazkia ontzat-edo emanda abiapuntu gisa, gerora, horren gaineko interpretazio eta balorazioak etorri ziren eta adostasun eta desadostasunak. Batzuk baikor agertu ziren, bestetzuk ez horrenbeste, eta, erdibidean, bi jarreretarako zergatiak badaudela sinetsiak zeudenak. Balorazioak balorazio, interpretazioak interpretazio, badaude ondorio oinarrizko batzuk ezin ukatuzkoak direnak, eta gutxi-asko den-denon begi-bistakotzat edo datu objektibotzat jo litezkeenak, nik uste; bateko, euskararen ezagutza-mailan goranzko bilakaera nabarmena dugu, baina, besteko, ezagutza horretatik hasiera batean espero izatekoa zatekeen erabilera lortu ez izana onartu behar dugu. Ezagutza eta erabileraren arteko harreman espero ez bezain armoniatsua genuke, hartaz, zer pentsaturik eman beharko ligukeena. Berrikitango Euskal Hezkuntzako euskalduntze prozesuaren gainean sorturiko eztabaidetan ere ikus dezakegu, besteak beste, arazo edo kezkagai berbera. Noan, bada, datozen lerro hauetan, erabilpen falta horrekikoan sumatzen dugun kale zulo ilun hori argitu lezaketen hausnarketa batzuk ekartzera.

EAEn Hizkuntz Politikako sailburu izandako Patxi Baztarrikak zera zigun esana jada 2009an: “euskararen gizarte mailako ezagutza belaunaldiz belaunaldi zabaltzen joango den aurreikuspenarekin batera, euskararen biziberritzeko erronka nagusia “erabili ahal izatetik erabili nahi izaterako” urratsa gizarteratzea da” (Babeli gorazarre, 259. or). Goiko lerroetan adierazi dudan moduan, euskalduntze prozesua abian jarri zenean jarraiko hau pentsatu zen; ezagutzarako, edo gutxieneko ezagutzarako, baldintzak behin bermatuak egonda, erabilerak berak ere erritmo antzetsuko batean egingo zukeela gora. Bilakaera baina bestelakoa izan da. Hau zergatik gertatzen den azaltzea ez da samurra eta euskarak bizi duen errealitatearen zenbait eta zenbait ezaugarri eta faktore aintzakotzat hartzera eraman behar gaitu.

Euskaraz “egin nahi izate hori” gogo edo motibazioarekin dago lotuta. Gogo eta motibazio direlako horiek ez daude hutsean eraikita. Euskarak oso errealitate berezia eta anomaloa bizi du. Eduardo Apodakak halaxe adierazten digu: “Gaur, euskara gehienbat anomalia da… agidanez, ez dugu hizkuntza nagusien indar unibertsal objetibatua lortuko. Zantzu guztien arabera, gure indar subjektiboen mende biziko den atmosfera partzial eta babestua izango da” (Identitate eta anomalia 277. or ). Zonalde edo herri oso euskaldun gero eta gutxiago horietara egin beharko dugu bestelakorik sentitzeko, edo, agian, zonalde horietatik kanpo, akademia, hezkuntza edota euskal kulturarekin-edo lotutako eremuetan ere eman litezke euskararekin Apodakak deitzen dituen “bizi-komunitate trinkoak”; bestetik ere, gizabanakoen arteko harreman gertu eta zehatz baztuen baitan ere egon litezke, egon, “euskarazko harreman trinkoak”, irla isolatuen moduan badira ere. Oro har, dena den, Apodakak dioen moduan, “euskara ez da bizi-praktiken matrizea, ezta atmosfera ere eta hala den kasuetan atmosfera babestu eta maiz artifizial samarra izan ohi da”.

Euskararen anomalia, edota euskarazko bizi-komunitate trinkoen eskasia, aintzat hartzen badugu, horren ondoren gertakari hau zergatik ematen den galde diezaiokegu geure buruari, edota gertakari hau zertan datzan edo zer ezaugarri nagusi dituen. Anomalia hau azaltze edo deskribatze aldera, euskarak pairatzen dituen hiru baldintzapen edo muga aipatuko nituzke nik:

1) “Jendeartekotasun jarraitu” falta: “jendeartekotasun jarraitu” faltaz, esaterako, Donostia bezalako hiriburu teorian nahiko euskaldun batean ezin izango naiz etenik gabe era jarraitu batean, hirian zehar, tokiz toki, eta egitekoz egiteko euskara hutsean jardun. Orain okindegian euskaraz arituko naiz, hortik atera, buelta eman, kioskoan sartu eta nekez ulertua izango naiz; handik atera eta kafetegian sarturik piperrik ez didate ulertuko. Alegia, ezin naiz inolaz ere era jarraituan eta etenik eta zailtasunik gabean euskara hutsean bizi Donostia bezalako hiriburu batean. Gertakari hau, egia esatera, Euskal Herriko lau bailara euskaldunenak bazter utzirik, gutxi-asko kasik herri eta hiri guztietan ematen da gutxi-asko. Irla batetik bestera, jauzika bezala, gabiltzala ematen du, oasiz oasi, arnasa noiz, non eta nola hartuko.

Deskribapen hau “jendartekotasun jarraitu falta”-aren fenomenoaren dimentsio faktiko edo izatezkoari dagokio, baina horren ondorio zuzenaz hari dagokion bigarren dimentsioarekin ere egingo dugu topo; euskarak, komunikazio tresna edo baliabide gisa, denboraren joanean etenik gabe pairatzen duen murrizte kualitatibo edo higatzeari dagokio ondoriozko bigarren dimentsio hau. Jarraitasun falta hau dela-eta, gure gizartean “serio” eta “garrantzitsua” den zerbait egin behar baldin badugu, segi-segituan eta zalantza izpirik gabe erdarara joko dugu, izan lanean, izan ekonomian, politikan…Honek guztionek euskal hiztunen komunikazio gaitasuna murriztu eta pobretzen du eta euskara gero eta hizkuntza ez osoago bilakarazten.

Fenomeno hau are euskal eleberrigintzan ere islatua dago. Fermin Etxegoienek honi erreparatzen dio ondo asko Totelak bere eleberriko pertsonaien arteko solasaldietako batean: “Espainolez edo ingelesez errealitatea, funtsean, unibertso osotu bat da eta baita, ondorioz, era errazean partekagarria ere. Errealitate garaikidea euskaraz, ordea, ez da unibertso osotu bat eta euskarazko nobelak, ia guztiak, etengabe ari dira, halabeharrez, euskal mundu garaikidearen partzialtasun edo besomoztasun horri buruz aski modu obsesiboan” (Totelak 209. or).

2) “Konpaktasun” falta: Termino hau ere Fermin Etxegoienen Totelak eleberriko pertsonaien arteko hizketaldi batean agertzen da. Termino honekin gutxi-asko zera adierazi nahi da; euskara, komunikazio tresna gisa, hiztunen artean partekatutako produktu moduan, oso “adaskatua” dagoela. Batuaren sorreraren bitartez bilatu, lortu nahi izan, zen batasuna bainoago, orain, “konpaktasun” delako horren beharrean gaude. Nola lortu “konpaktasun” hori euskalkietan eta batuaz mintzo diren hiztunen artean? Nola lortu “konpaktasun” hori nahiko agrafoak izan, baina oso ahozko euskara maila ona dutenak eta eskolatik-edo oso euskara idatzi egokia izan baina mintza mailan larri moldatzen diren horien artean? Nola “konpaktatu” elkarrengandik urrun samar dauden euskalki ezberdinetako hiztunak?…

3) “Euskararen habitus mendrea”: Habitus terminoak Bourdieu-ren termino soziologiko garrantzitsu bat da eta, euskarari dagokionean, bai gorago aipatutako Eduardo Apodakaren Identitatea eta anomalia saiakeran, bai Ibai Iztuetaren Cultura vasca vs Euskal kultura izenekoan oso zuzen eta egoki dago jasota. Habitus terminoaz Bourdieuk sakon-sakonki barneratua dugun azturari egiten nahi dio erreferentzia. Hizkuntzari dagokionean, habitus-a hiztunek sakoneko aztura gisa barneratuak dituen hizkuntza praktika inkontzienteek osatzen dute. Euskararen habitus-a mendre dago, besteak beste, aurreko bi baldintzapenengatik (jendartekotasun jarraitu falta eta konpaktasuna falta) eta bi horien ondorio zuzena da. Euskararako habitus-a eta erdararakoaren artean ez dira berdinen arteko harreman armoniatsu bat; “Euskal Herrian, gaur gaurkoz, elebidunak euskaraz egitera ala erdaraz egitera daramatzan bi habitus horien inkontzientzia ez dira maila berekoak. Egoera diglosikoan eta erdal elebakarrez inguratuta, erdararako interpelazioa etenik gabekoa baita, saihestezina da hainbat kasutan euskaraz ari garenaz kontziente izatea eta, hartara, habitus-a urratzea” (Cultura vasca vs… 179. or). Gauzak horrela, erdarazko praktikak berez eta guztiz inkontzienteak diren bitartean, euskarazkoak nahitaez eta ezinbestez guztiz kontzienteak izan ohi dira.

Gurea bezalako gizarte diglosikoan, non euskara hizkuntza ez-hegemonikoa den, berorren habitus mendre, ahul eta menpeko horri buelta ematean datza hain justu bere etorkizun ona, nire ustetan. Administraziotik eta bereziki Hezkuntzatik orain artean egindako esfortzu eta ahalegin guztiak “1.” eta “2.” puntuekin izan dute lotura-edo. Zuzen eta egoki batzuetan, eta ez horrenbeste bestetzuetan, lau hamarkada hauetan zehar euskalduntze prozesuak “jendeartekotasun jarraitu falta” hori emendatu nahi izan du; eta bestaldetik, euskara gaitu, egokitu zein armonizatze alderako ekimen guztiek “konpaktasun falta” hori apaltzea izan dute xede. Asko egin da aurrera bi fronteetan, ezin uka.

Aurrerapenak aurrerapen, bagaude zer edo zertan ari garelakoan larriki huts egiten. Artikuluaren hasieran aipatzen nituen ezagutza eta erabilpenaren arteko diskordantzia nabarmenegia dugu horren erakusgarri. Diskordantzia hori da hain justu gaur egun hizpidera ekartzen ari garena euskararen osasuna eta bilakaera mintzagai ditugunean. Bada, berorren zergatiak aurkitze aldera, jarraiko hau aipatu nuke nik: euskararen eta bere uneko eta etorkizuneko hiztunei erreparatu zaie soilik euskalduntze prozesuan, hots, hizkuntzaren dimentsio inmanente-edo dei genezakeen horri; baina, horrekin batera, zeharo oharkabean geratu zaigu kualitatiboki, axiologikoki (hau da, baloreei dagokionean), euskarak gizartean duen edo beharko lukeen kokagunea. Hau da, 3. puntukoari ezer gutxi erreparatu zaio, alegia, euskarak, hizkuntza ez-hegemonikoa den aldetik, duen habitus berezi eta gutxitua ez da behar bezala aintzat hartu. Hiru puntuak daude elkarrekin hertsiki lotuak eta, ikusi dugun bezala, 3.a, habitus-a, aurreko bien ondorio zuzena da. Hortaz, geure buruari zera galdetu beharko genioke jarrai-jarraian: orduan, nola atera itxuraz irteerarik gabeko ataka honetatik? Ez al gara, Apodakaren metaforarekin esanda, oso pitzatuta dagoen koltxoneta etengabe puzten ari? Ez al gabiltza, iraun artean, esfortzu sisifiko antzuan?

Ni ezezkoan nago. Edo, erdi-alperrikako ahalegin horretan nolabait edo beste ari bagara ere, badago aterabiderik egon, hau erraza ez bada ere. Aurreratu dut jada, nire ustetan euskararen habitus-ari erreparatzean eta berau sendotzean datzala euskararen aurrerabidea. Erdararen aldean, eta jada ikusi dugun moduan, euskararen habitus-a subalternoa da eta berez eta izatez halakoa izaten jarraituko du. Erdararen habitus-ean aztura inkontzienteak kokatzen gaitu, eta bera, inkontzientea den aldetik, askoz indartsuagoa euskararena baino. Honi buelta ematea oso zaila da,eta ezinezkoa ere eman dezake. Euskara soil-soilik komunikazio-tresnatzat jotzen badugu, erdararen hedapen eta indar praktikoa kontuan izanda, bere erabilerak, gora egin ez, eta ziurrenik behera egingo du pixkanaka. Euskarak ezin du praktikotasun-eremuan borrokatu, ezin izango du bere lantze material eta inmanente hutsetik hegemonia lortu. Inmanentziatik transzendentziarako jauzi bat egin beharko du aipatu lehengo bi baldintzapenen gainetik ibili ahal izateko eta euskararen habitus-a eraldatuko badugu. Jauzi hori egin ahal izateko euskaratik kanpo jarri beharko gara derrigor. Izan ere, euskaratik kanpo dago, gerora euskara eramanda, berau indartu eta sendotuko duen gakoa. Euskararen habitus-aren aldaketa, ematekotan, euskal identitatearekiko harreman estuan emango da. Eskolan, hezkuntzan, euskarak egun falta duen energia eta erakarmena, ez da euskararen baitatik sortuko, baizik-eta euskal identitatearekiko atxikimendutik barneratuko diskurtso eta motibazioetatik. Elebidunak euskararen erabileraren alde egingo du erabilera honen balio sinbolikoa ondo asko barneratua duelako aurrez eta bera euskalduntasunaren gainean barneratua duen diskurtsoarekin bat egiten duelako. Eta behin erabileraren gurpil bizia abian jarrita, erabiltzearen erabiltzez euskararen baldintzapen materialak (1. Eta 2. puntuak) leunduz joango dira.

Euskarak euskaratik kanpo du bere sendabidea

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

11 pentsamendu “Euskarak euskaratik kanpo du bere sendabidea”-ri buruz

  • Benat Castorene 2023-05-15 17:19

    Milesker Igor
    Erabat ados nago zure analisiarekin eta amaierako konklusioarekin ( tamalez ezeptizismo gehiagorekin).
    “Euskararen habitus-aren aldaketa, ematekotan, euskal identitatearekiko harreman estuan emango da.”
    Baina nola bada harreman estu hori lortu ?
    Euskal kontzientziaren beherakadarekin?
    Tranzentalitate gabeko gizarte zahartu eta materialista honetan?
    Horretaz bost axola duten administrazio hauekin?

  • Igor Goitia Mora 2023-05-16 18:31

    Mila esker zure komentarioagatik, Benat!
    Bai, diozun moduan, hemen, euskarari dagokionean, beti haren galerarako eman diren baldintza materialei erreparatu diegu, historian zehar eman direnak. Baina, hori horrela ere, zenbat eta zenbat euskal hiztun edo hiztun izan litekeenek egunero-egunero ematen duen amore konbikzio falta hutsagatik…
    Gurea, gure hizkuntza ez doa, praktikoak, “utillak”, globalak, errazak kontsumitzeko…diren gauza horiekin. Euskarak beste nonbait du bultzagarria,.. ez horren erakargarria egun bizi gaituen giroan? Agian hasiera batean ez, bai baina gerora, ikuste dugunean zer altxor itzela dugun esku artean

  • Benat Castorene 2023-05-17 09:39

    Konprenitzea “Nunbait duen” bultzagarri hori zer zitekeen gaurko herritarrarentzat eta hasteko konprenitzea zer den guhaurentzat. Baita bultzagarri hori gure hizkuntzaren bakarraren lotua zaion ala mundu arazo zabalago bati konpenitzea ere? bada hor hausnarketagai.
    Aipatzen baituzu Apodakaren “Identitate eta anomalia” liburua; Guk erosi baino lehen ,erraiten ahal zeniguke horretaz mesedez bi lerrotan piska bat gehiago?
    Eskuragarri neukan “Norberaren autonomia krisian ” saiakera hasi naiz irakurtzen baina enetako zaila izaiteaz gain liburu horrekt behintzat momentuz gure kezkak ez ditu esplizituki tratatzen.
    Adeitasunez

  • Xabier Rico Iturriotz 2023-05-19 02:18

    Interesgarria da artikulua. Baina nik uste dut zerbait falta zaiola. Hainbat arrazoi daude txiki-txikitatik edo eskolaren bide

  • Xabier Rico Iturriotz 2023-05-19 02:20

    …. eskolaren bidez euskaldundu diren horiek euskaraz

  • Xabier Rico Iturriotz 2023-05-19 02:38

    euskaraz ez egiteko edo euskara oso higatu batean egiteko . Nagusiena nire ustez, erdarak inguratutako mundu batean egokivbizitzea, areago gaur egun hainbat erdarazko pantaila, sare sozial eta abar inguruan dituztelarik… Gazte euskaltzaleenak ere zaila du euskara egoki batean eremu informalean. Beraz, ongi etorriak dira “Pantailak euskaraz” bezalako mugimenduak. Gure agintariek eta euskaltzale guztiok kontziente izan beharko genuke egoeraren larritasunaz eta dugun erronka erraldoiaz Badirudi, adibidez, EAEko agintariek ez direla horretaz jabetu.

  • Xabier Rico Iturriotz 2023-05-19 02:43

    Ez nago oso trebatuta mugikorraren bidezko idazkeran. Akatsak eta etenak daude, baina uste dut ulertzen dela idatzi dudana….

  • Igor Goitia Mora 2023-05-19 10:02

    Erabat ados diozunarekin, Xabier. Eta agian artikuluan gaur-gaurko errealitate gordinera jaitsi izan banintz, zuk diozun hori guztia azpimarratu beharko nukeen. Izan ere, diozun moduan, nik planteatzen duudana zera da; euskarak, hizkuntza minorizatu moduan, pariatzen duenaren “eskema moduko” bat baino ez.
    Baina, diozun moduan, errealitate latz hori larriagotu da azken hamar urte hauetan, internet, sarea, Netxflix eta horien guztien bidezko erdarazko inputen uholde geldiezinagatik.
    Halare, nago, nahiz eta, diozun moduan, eskaintza horretan gure tartetxoa lortzeko ahalgina egin behar dugun, materialki nekez lortuko dugulakoan , eta gero eta gutxiago, “itsasoa hustutzea”bezalatsukoa da-eta …
    Eta berriro diot, gure liga, gure arrakasta gakoa, “euskal” delako horretan izan beharko genukeen konbikzio batean datza. Bestela, “cuerpo a cuerpo” alperrik

  • Benat Castorene 2023-05-19 11:55

    Euskal delako konbikzio hori eta gelditzen zaigun euskal habitusaren azken arrastoak mantentzeko eta berpizteko praktika indibidual eta sozial baten gainean oinarritu behar gara. Ez da?
    Baina, artikulu interesgarri huni den mendren meritu kendu gabe, iduritzen zait isiltzen ari garela estruktura politikoen erantzukizuna habitus aldaketa kontu horietan.
    Gure aldean nabarmen da; badu 250 urte bederen estatua frantsesa ari dela euskal habitusa kontra frantsesa inposatu nahian.

  • Euskararen erabilera estuki lotuta dago lehen hizkuntzarekin, ikerketa guztiek erakusten dute. Azken 40 urtean ia ez da igo euskara lehen hizkuntza dutenen kopurua, eta horregatik erabilera gutxi igo da. Datozen urteotarako, ordea, igotze nabarmena espero zen. Zergatik? Seme-alabak edukitzen ari direnak D ereduaren orokortzearen lehenengo belaunaldiak direlako. Oraindik gutxi igartzen da joera hori: 33-40 adin-taldean daudenen artean euskaldun kopurua %55aren bueltakoa da (hamar urte zaharragoak direnak baino 10 puntu gehiago, hala ere). 25-33 urte bitartekoen artean, %65 dira, eta 16-25 taldean %75. Transmisioaren areagotze nabarmen bat espero zen, baina…
    Zer gertatzen da? Eredu ekonomikoak, kapitalismo prekarizatuak mugatu dezake aurreikuspen hori. Adegik 80.000 etorkin eskatu ditu datozen urteotarako, beste enpresarien elkarteek gauza bera egin dute askotan. Esklaboak nahi dituzte beren etekinei eusteko eta paradigma ekonomiko horretan zail daukagu. Kualifikazio maila baxuko Euskal Herri bat nahi dute, turismo eta eraikuntza oinarri izango dituena. Donostia ultraturistikoa, AHT, Bilboko errekaren azpiko tunela, Guggenheim Urdaibai… Porlana eta postala. Eredu horren bidez aldaketa soziodemografiko arin eta desordenatua dator. Langile prekarioak dakartza, modurik ez dutenak euskara ikasteko. Kontrakoa behar dugu, etorkinak erakarri era orekatuan. Zaindu egin behar ditugu eta mimatu egin behar ditugu. Baita ondo ordaindu ere. Euskara erakutsi behar diegu, guraso zein umeei.
    Euskararen etsairik handiera erakundeetatik sustatzen ari den eredu ekonomikoa da, enpresari handien nahiari jarraiki. Eta honen aurrean EAJ jokatzen ari den papera ezin da ulertu.

  • Bengo, oso interesgarria diozuna…zer pentsaturik eman didana.
    D eredutik pasatutakoek gerora euren ugaltze adinaren barruan daudelarik euren seme-alabei euskara transmitituko dietelako ideaia hori…badakit ez dela zurea, administraziotiko-edo burugabekeria baizik, gerora zuk hona ekarria.
    Dena den, ideia horri erdi heltzen diozula ulertu uste dizut; izan ere, gerora etorkinenen gertakaria nolabait kalkulu horien zapuztea lekarkigukela gaineratzen duzu-eta.
    Bi komentario labur:
    -D eredua ez da ezeren berme, kakaren hurrena da; eskola publikoan eskainitako “kafeparatodos”, eta oso desgogora hartuta…horra hor emaitzak…
    -Sinisten al du inork D eredutik pasatatako ezin konta ahala ikasle erdaldun peto peto horiek, ikasgelatik kanpo sekula santan euskaraz zipitzik ere botako ez luketenak, inoiz euren seme-alabei euskaraz egingo dietela?
    -Etorkinena diozuna?…ba bale…baina hemen, euskarari dagokionez, turistak bezala bizi diren 2,5 milioi “vasco” ditugu, aipatu dituzun inmigrante etokizuneko horiek inoiz egin lezaketen euskara baino askoz gutxiago egiteko prest ez daudenak.