Euskarak behar gaitu, eta ez guk euskara II
Euskarak behar gaitu, eta ez guk euskara II –
Nire aurreko artikuluak sorturiko esku hartze edo erantzunen atean ideia batek zer hausnarturik-edo eman dit. Jarraiko adierazpen hau hain justu ere “Euskara dut, eta Euskara naiz. Hizkuntza eta gu bereziezinak gara, hizkuntza gugan daramagulako”. Nekez adieraz nezake zeinen ados egon nintekeen adierazpen delako horrekin, baldin-eta zin-zinez euskara ama-hizkuntza izateak dakarrenari ondo eusten dioten horien errealitate-egoeraren berri emateko bada. Zer pentsaturik asko eman dit, eta horrekin batera, bai eta zertan atsekabe hartu ere. Nondik baina atsekabea?
Egungo euskaldunen kopuruaren berri ematen diguten inkestak hor izan ohi ditugu, aldian-aldian, euskararen argazki linguistiko eguneratu bat ematen digutelarik. Hor izan ohi ditugu, estratifikatuak, euskara jakintza maila ezberdinetakoen kopuruen berri ematen digutelarik. Kopuru horietariko bat, “ustezko” euskaldun osoena dugu (“ustez” diot, zalantzan jarrita-edo, izatez, zinez, euren egunerokoan, horietariko zenbait eta zenbait zinetan “horren osoak” ote diren). Bestalde ere, euskaldun horiek, osoak edo ez horren osoak izan zein ez, besterik da euskal hiztun “osotzat” dugun horrekin zer ulertzen duen nor bakoitzak. Eztabaida horrek luze joko liguke baina. Eztabaida hori bazter utzita ere, ezin ahaztu inondik egungo euskaldun “nahiko oso” horien trebetasun komunikatiboa gainbehera doala, gainbehera atergabean euskaldun elebakarren kopururik artean zegoen garaia gero eta aspaldikoagoa dugunez geroztik.
Ez da berria baina kontua. Axularrek berak egin zion kontu argia euskara ederarekiko zuen menpekotasunari eta, horren harria, euskarak bizi zuen egoerari: “ahalke dela, arrotz dela, eztela iendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe” (AXULAR, Gero, 33. or.). Aipatu menpekotasuna apaldu daiteke/liteke, hein batean, euskararen molde jasoa, akademikoa eta, nolabait edo, “instituzionaldua” landuz joaten garen heinean. Alabaina, badago zer edo zer, eskuetatik irrist egiten diguna, eta hizkuntzaren oso ere oso baitakoa dena, hizkuntzaren hondo-hondoan dagoena eta ezein kanpotiko formaltze edo erakundetzetik ezin garatu daitekeena. Freskotasuna damaion horretaz mintzo nintzen aurreko artikuluetan, hizkuntzari hats bizia ematen dion horretaz.
Hiztun elebakarrek (gurean jada ez dauden elebakar horiek), hizkuntzari indar bizia ematen diotela aipatu dut gorago. Bada, euskararen jatortasun-freskotasun hori elebakartasun horrekin dago hertsiki lotuta, elebakartasunak dakarren beregaintasunarekin. Zer esan nahi du baina euskaraz guztiz beregain izate horrek? bada, bestena beste, euskararekin bat-bat eginda bizitzea, berorren baitan guztiz murgildurik, euskarak bizi gaituela argi sentitzea, guk bera bizi bainoago, argi izatea noiz gauden euskaratik kanpo, ez, aldiz, euskaraz dihardugunean, okarkabe doakigu-eta,… Horrekin guztiarekin legoke lotuta-edo euskaraz guztiz beregain izate horrek. Horrelako jendea, horrelako hiztunak, behar ditugu, zenbat eta gehiago hainbat hobe.
Momentuz, elbakartasunarrekin lotu dut hizkuntzarekikoan guztiz beregain izate hori. Ikus dezagun kontu honi dagokionean zer zioskun Jose Ignacio Hualdek:
“When a language has no monolingual speakers, it has ceased to function as an independent linguistic system. Subordination to another language is, of course, greater when most of its speakers are non only bilingual but tend to be dominant in another language” (J.I.HUALDE, Basque as an extinct language artikulua, University of Illinois at Urbana-Champaign, 2).
Hizkuntza batenak egin du, hiztun elebakarrik jada ez duenean, bereak egin du sistema linguistiko beregain moduan, hori diosku Hualdek. Horrekin batera zera ere, hizkuntza batetik beste batekiko menpekotasunak nabarmen egiten duela gora hiztun gehienek, elebidunak ez izateaz gain, menperatzaile duen hizkuntza horretarako joera nabarmena dutenean.
Ez dakit horren estu hartu beharko ote genukeen euskaldunok kontu hau, ez dakit nik bada, jakinik horrekikoan ezina baino ez dugula, jakinik, gauzak dauden daudenenean, gurean jada elebakar hutsik ez dagoela. Elebakarrak izan edo ez, horretan bestetan ez datzala gure euskararen etorkizun ona edo bere patu beltza, hori pentsatzea bainoago, hobe genuke kontu hau bere literal-literalean ez hartzea. Alabaina, “elebakar izate” delako horrek zer dakarren berekin oso aintzat hartu beharko genuke, eta ulertu zer dagoen errealitate horren baitan, ulertu zer den zinetan guztiz euskaraz beregaina izatea. Horren harira, euskal hiztun osoak bainoago, ama-hizkuntza duten euskal hiztun osoak bainoago, zera ere bereizi beharko genuke, eta euren bilakaera ondo neurtu aurrerantzean gurearen osasuna aztertze aldera: euskaldun “oso-osotzat” genuzkakeen horien kopurua, nolanahi ere deituko ditugun “erabateko euskal hiztun oso-oso” horien kopurua.
Igor Goitia
Euskarak behar gaitu, eta ez guk euskara II
Hala da. Behingoagatik zurekin ezin adosago. Sekula baino hobeki jardun duzu.
Ama-hizkuntza dela eta, hala nola “euskaldun zahar” eta “euskaldun berri” kontzeptuez, asko idatzi eta esan izan da. Ez naiz horri lotuko, nire puntua -aipatzen didazun esapideaz behintzat, Igor- ez zelako hainbeste lotura (“dut” eta “naiz”) hertsi bat nabarmendu nahi nuena, hiztuna eta bere baitan bizi den hizkuntza, Euskara balitz ere.
Adierazi nahi nuena hizkuntzarekiko atxekimendua zen, jakite hutsetik izatera, baina ez hainbeste borondatezkoa edo maitasunezkoa une batez eta politikoki adierazten den onespen gisa, baizik eta, nolabait esan, praktikoagoa, egunero erabiltzen den hizkuntzarekikoa.
Egia esatera, hizkuntzaren “kalitatea” baino, hizkuntza ezagutu eta baliatzea dut kezka, eta horretarako prestasuna izatea.
Zuk ekarri dituzun gogoetak egin beharrekoak ditugu beti, baina pentsa dezagun hiztunak “oso” izatera iristea ez dela oso idea argia; esaterako, lexikoa hartzen badugu, inongo hiztunek ez du eskuragarri dagoen lexikoaren ehuneko… 20 erabiltzera iritsiko, ez Euskaraz, baina ez Gaztelaniaz edo beste edozein hizkuntzaz. Ez dugu denok gramatikak, sintaxiak ematen dizkiguten bideak ibiltzeko abildaderik. Hiztunak, oro har, motz samarrak gara, hizkuntza batek eskaintzen dituen baliabideak (eta jolasteko aukerak, bidenabar) ezagutu eta baliatzeko. Ez gara denak bertsolariak, kasurako. Baina Gaztelaniazko hiztunak ere nekez iritsiko dira hizkuntza horrek dituen baliabideak ezagutzera sikiera…
Bestalde, eta zeinahi den hizkuntzarako norberaren gaitasun “nominala” (hots, jaiotzetik daukagu hizkuntza izateko gaitasuna, oinarri fisiologikoa, abstrakziorako gaitasuna…), hizkuntzaz osatzen gara hasieratik. Bakarrik mihisea falta zaigu, gaitasun hori zein kode linguistikoren bitartez plasmatuko dugun.
Horretara nindoan, nola edo hala, “dut” eta “naiz” elkartu ditudanean. Gero etorriko da gaitasun hori lantzea, hizkuntzaren aukerak ikastea eta guretzea… Esango nuke, beraz, nork bere osotasuna duela hizkuntza dela eta, osotasun absoluturik egon gabe.
Dudarik gabe, elebakar izateak bermatzen lukeena da hizkuntza bakar batez gaitasun guztiak lantzea eta geure harremanetan erakustea, baina baita geure barne bizitzan ere.
Horri dagokionez guztiz ados nago zurekin, eta eskertzen dizut horrelako artikuluak ekartzea.
Mila esker Mikel zure erantzunagatik.
Egia esatera, ez dakit nik bada, nire aurreko artikulari eman zenion erantzunaren esapidea hizpide hartua, ez ote naizen azkenerako gehiegi adarretatik joan.
Zeren…zuk diozunez, eta neu ere guztiz ados egonda, “euskaraz izateak”, edo “euskarak izanaraz gaitzan”…ez du zertan euskara izugarri aberatsa izatearekin lotuta egon. Izan liteke,baina ez du zertan. Ziur, dena den, askoz iaioago eta trebeagoak izango garela erdarak izanarazten badin bagaitu baino,hori esan gabe doa.
Badakit nondik zoazen, eta guztiz ados. Horregatik, hain justu, honako hau nioen artikuluan: “Zer esan nahi du baina euskaraz guztiz beregain izate horrek? bada, bestena beste, euskararekin bat-bat eginda bizitzea, berorren baitan guztiz murgildurik, euskarak bizi gaituela argi sentitzea, guk bera bizi bainoago, argi izatea noiz gauden euskaratik kanpo, ez, aldiz, euskaraz dihardugunean, okarkabe doakigu-eta,….”
Hor euskara maila bainoago, norberak euskara bere “niaren” hizkuntza nahi nuen aintzat hartu eta, zuk diozun moduan, euskara izan dadila “hizkuntzarako norberaren gaitasun “nominala””betetzen duen hizkuntza”
Gero, beste aldera, adierazten duzun beste ideia batekin ere guztiz bat; honela diozu: “Adierazi nahi nuena hizkuntzarekiko atxekimendua zen, jakite hutsetik izatera, baina ez hainbeste borondatezkoa edo maitasunezkoa une batez eta politikoki adierazten den onespen gisa, baizik eta, nolabait esan, praktikoagoa, egunero erabiltzen den hizkuntzarekikoa”. Alde horretatik ere joan nahi nuen nik. Ildo horrekin egin nahi zuen bat nire artikuluak; zera adarrikatu edo defendatua nahian, alegia, norberak euskara bere erreferentzia markua izatea, bere pentsamenduaren eta barne nortasunaren oinarri eta atsendengunea. Honen harira, Anje Duhalderen aspaldiko abesti baten errepikan zioskuna etorri zait gogora: “Maita nazazu gutxiago eta egin nazazu gehiago. Hori da kontua, zuk esanda moduan, praxi kontu bat, zirkularra ere badena, alegia, zenbat eta gehiago egin, orduan eta nire pertsonarena den zerbait gehiago izango da…eta, alderantziz, zenbat eta nireago izan (ez eduki aldetik, baizik eta izate aldetik), orduan eta gehiago egin nahi (eta behar ) izango dut ni neu izateko.
Oso interesgarriak berriz ere zure lerroak.
Mila-mila esker.