Euskarak behar gaitu, eta ez guk euskara

Euskarak behar gaitu, eta ez guk euskara  –

Badirudi euskaraz freskotasunetik aritzeko animatzen gintuela Iñaki Segurolak. Aurreratu nuen jada ideia hau aurrekoan. Ez baliatzeko euskara tresna zorrotz eta zurrun bezala, malgutasunik batere ez daukan erremintatzat ez hartzeko, zioskun Segurolak. Hitzak gure eskuko eta esaneko zer edo zer bainoago, gure gauzei, ideiei eta adierazi nahiei esanekotasunez egokitu behar diren tresnak bainoago, hitzak berak dira beregainak eta aise oso moldatzen dira bere joko, jolas eta solasetan bere edo beste edonoren ahoz mintzatzeko eta deritzoten gauzak asmatzeko edo ezeztatzeko.

Hizkuntzek, giza-ekoizpenak direlarik ere, autonomia guztizkoa iristen dute, beregainak izatera ailegatzen dira, zin-zinez hizkuntzak izango badira. Asko dute hizkuntzek guri esateko. Beroiek, serioegi, estu-estu hartuz gero, muzin egingo genioke zinez guri kontatzeko duten horri guztiorri. Badute, hortaz, hor, euren baitan, indar bat, potentzialtasun bat, aberastasun baztergabe bat, bere-berean geureganatu eta hesitu ezin izango duguna. Agian, horrekin zegoen hertsiki lotuta Segurolaren honako dei hau: “Euskararen jakintzatik” (ustezko “euskal jakintsu” ditugun horien mundutik) herri xehearen (agian nolabait edo beste, ez-letradunaren ere) euskararen freskotasun itzalezinera etengabe bueltatu eta jo beharko litzateke. Agian, jakintza eta akademikotasuna inguratzen dituen errealitatea “ontziratu” daitekeelako uste sendo bezainbat temosoaren gatibu daude. Hori baina, hizkuntzarekin oso arriskutsua da. Hizkuntza arautu behar da, ezin uka, baina kontuz, kasu, eginkizun horretan gehiegi tematzearekin! Izanez ere, horrela temosoki arituz gero, akabo, akabo hizkuntza eta akademikotasunaren arteko harreman osasuntsua. Oso jakitun zen horretaz Segurola; amorru handia zion berak deituriko “porlanezko euskara” horri.

“Pretentsiorik” gabeko herri hiztunak libre daude, guztiz libre, aipatu arrisku horretatik. Horiengan beti egongo da bizirik hizkuntza freskotasuna. Herriak ez dio sekulan hizkuntzarekin jolasteari utziko. Eta hori da hain justu hizkuntzarekin egin behar dena, eta, tamala bada ere, gero eta gutxiago egiten dena euskararekin. Euskararekin, hortaz, gehiago, ahalik eta gehien!, jolastu behar da. Hor du, egia esatera, bere biziraupenerako zinezko bermea. Hitzekin jolastu behar da, eta esan liezaguketen guztiari atxiki gure belarriak, eta hitzak ez behartu etsipen triste batera, beroiek ez erdoildu, ez idortu.

Freskotasun herrikoi jostalari hau, espero izatekoa denez, kalean dugu gehienbat. “kalean delako erderkienik ikasten eta ez eskolan” azpimarratzen zigun Segurolak:

“kanpo librean eta ez barraunbeetan…, ez delako materiala eta ez ideala, baina bai kearen pare (inork piztu ez duen eta itzal ez dezakeen su baten ke); eta ororen buruan, gauza serioa delako eta ez delako aldi berean, joko bat delako, baina batik bat jolas bat, solas bat (biak gauza bera dira etorkiz), galdu-gorde handiko jolas bat, errealitatearen (errealitate eginaren, jakinaren eta beteginaren) garaipen zeharokoa eta osotarokoa etengabe auzitan jartzen ari dena” (I.SEGUROLA, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, 290. or)

Hitzek inoiz-inon ezin ikasi izango dugun zerbait dakarte berekin eta “hargatik dira pentsamenduaren ama eta ume”. Beti jolas nahian harat-honat dabiltza hitzak, jolastu asmo handiz jendeen aho-mihietan, batzuetan elkarrengana bilduz, bestetzuetan, aldiz, elkarrengandik ihesean, gorde-agerka, etorri eta joan betiere. Hitzen arteko topatze horiek batzuetan ezagunak, ohikoak eta oso gertagarriak izaten dira; beste batzuetan, ostera, osaturiko hizketa moldea iheskorra, ahazkorra,… are ez-iraunkorra eta ihartua ere izaten da, ez hitzez-hitzeko edo literala, agian berriz ere gertatuko ez dena eta hortaz letra hilaren eitekoa. Hau guztiau dugu azken finean hizkuntzaren izaera jostalariaren isla eta erakutsia; bere batitatiko esanen arteko talka, esaldien josi eta askatze bat, esanahi eta zentzu zenbaiten arteko elkar-uztartze denetarikoa, ezin konta ahala hotsen agerpen ustekabetsuak, euren urrutiko xuxurla, oihartzun, kasik ezin entzunezkoak.

Ea pixkanaka-pixkanaka euskarak behar gaituela konturatzen garen, eta ez guk euskara!

Igor Goitia

Euskarak behar gaitu, eta ez guk euskara II

Euskarak behar gaitu, eta ez guk euskara

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

7 pentsamendu “Euskarak behar gaitu, eta ez guk euskara”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo 2024-08-10 09:53

    Euskarak beharko nau…, edo ez. Baina nik behar dut euskara, nik behar ditut nire zerbitzu guztiak euskaraz Euskal Herrian. Euskaldunok behar ditugu gure zerbitzu guztiak euskaraz Euskal Herrian… Gutxienez erdaldunek Euskal hwerrian dituzten maila berean… Nik behar dut euskaraz egin ahal izan Euskal Herrian euskal herritar guztiekin, erdaraz egin ahal dudan neurri berean gutxienez… Euskaldunok behar dugu euskaraz egin ahal izan Euskal Herrian euskal herritar guztiekin, erdaraz egin ahal dugun neurri berean gutxienez… Eta horretarako ezinbestekoa da, demokrazia linguistikoan, euskal herritar guztiak derrigortuak egon gaitezen euskaraz ere jakitea, erdaraz jakitera behartuta gauden neurri berean gutxienez… Bitartean ez dago demokrazia linguistikorik euskaldunontzako Euskal Herrian. Euskal herritar guztiok behar dugu euskara… Euskarak zer behar duen beste eztabaida bat…, interesgarria, derrigorrezkoa, ezinbestekoa baina beste eztabaida bat… Ongi izan!

  • Igor goitia 2024-08-10 10:28

    Mila esker Bittor zure komentarioagatik.
    Guztiz ados diozunarekin.
    Ez nindoan hortik baina. Halere, Guztiz ados
    Mila esker

  • Benat Castorene 2024-08-10 11:54

    Ba ni ere ez, Bittor, naiz beharbada zure ildo interesgarri beretik erabat ibiliko baina ondoko ideia huni pentsarazi nauzu.
    Euskarak biziteko behar gaitu. Izan ere bera aitzinarazteko eraginkortasunean eta ahozkotasunean batez ere. Denetaz erraz hitz egiteko espainol edo frantses batek bezala. Horretarako hizkuntza bortxatzera ausartu behar gira baina polliki eta errespetuz beti. Bestenaz fosilisatuko da gehiago praktikatu ez duten euskaldun zahar batzuen ahoan ikusten den bezala. Bikain mintzatzen baina oso mugatuak adierazpen baten markoan.
    Hortaz konbitzitzeko Etxepare medikua dugu maisu eta eredu . Aski da aretaz irakurtzea “Egiaren hiru itxurak”.
    Bertan euskara ez da beti akademikoenetarik baina Lafitte gramatikalari euskalzainak errespektu handi batekin erraiten zuen “Etxepare gu guzion maisua!”

  • Benat Castorene 2024-08-10 11:57

    Lehen lerroa zuzendu behar dut:
    Ba Igor ni ere ez naiz beharbada zure ildo interesgarri beretik erabat ibiliko baina ondoko ideia huni pentsarazi nauzu.

  • Mikel Haranburu 2024-08-10 18:20

    Nik, “nik” esaten dudan unetik, Euskara dut, eta Euskara naiz. Hizkuntza eta gu bereziezinak gara, hizkuntza gugan daramagulako. Ez badugu, ez gara. Xamarren izenburua da “Euskara jendea”, zerbaitengatik hautatua. Ulertzen eta onartzen dut hitz jolasa eta barrenak inarrosi nahi dituen berbaldia, baina jolasik ez zegoelarik ere, Euskara behar zuen jendeak, jendea bezainbeste Euskarak.
    “Hizkuntza bat ez da galtzen, beste batez (zerbaitez) ordezkatzen baizik”.

  • Bittor Hidalgo 2024-08-17 08:45

    Bai, ni izenburuaz ari nintzen, horrek asaldatu ninduen. Zer nolako euskarak behar ditugun, ni, danak behar ditugulakoan… Ondo izan

  • Igor Goitia Mora 2024-08-17 12:35

    Erabat ados, Bittor, pena ez daudela gehiego ere! Estandarra, jasoa, ultrajasoa, informala, taberna-zuloetakoa, makarra, pendantea, ultrapedantea, laburtera klasikoaren aldekoa, …den-denak. Pena ere, gero eta uzkurrago gabiltzala gure erregistroekin eta pixkatxo bat disruptibo izateko posibilitatearekin. Euskarak asko eman dezake.
    Dabilen harriak goroldiorik ez!
    Ondo izan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude