Iruñeko udal langileak euskara ikastarorik gabe

 

Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza 2019ko maiatzaren 29tik indarrean dago. 2019ko maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Aldaketaren aldeko gobernu taldeak erabaki zituen AETren alegazioen inguruan. Egindako txostena Lehendakaritza Batzordean onartu ondoren, Udaleko Osoko Bilkuran onartu zen, EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerraren botoekin.

26 alegazioetatik bakarra onartu zen. Hogeita batgarren alegazioa ez zen onartu. Oro har, euskararen aldeko jarrera ez da nabaritzen txosten horretan.

HOGEITABATGARREN ALEGAZIOA.

19.1 artikulua:

“Udalak euskarazko hizkuntza-prestakuntzako berariazko planak antolatuko ditu udal-langileei zuzenduta –hala euskara ikas dezaten nola euskaraz dituzten ezagutzak birzikla ditzaten-, betiere Ordenantza honetan ezarritako helburuak betetze aldera. Plan horietan lanorduen murrizketak, diru-laguntzak eta izan daitezkeen ordezkapenak aurreikusiko dira”.

19.2 artikulua:

“Halaber, euskara norberaren borondatez ikasteko aukera bultzatuko da hala nahi duten udal-langileen artean”

19.2 artikuluari esaldi hau gehitzea:

“Nafarroako Gobernuko Euskarabideak antolatzen dituen euskarazko ikastaroetan parte hartzeko eskubidea izanen dute Iruñeko Udaleko langileek, aldez aurretik inolako murrizketarik gabe, zerbitzuaren beharrengatik ez bada (ikastaro trinkoetako maila guztiak barne: A1, A2, B1, B2 eta C1)”.

Arrazoia:

A1 eta A2 mailetako ikastaro trinkoetarako ez du baimenik ematen Iruñeko Udalak. Horrexegatik, eskaera asko atzera bota dira.

IRUÑEKO UDALAREN EZEZKOA ALEGAZIOARI

Proposatutakoak administrazio-egintza baten izaera dauka eta, horrenbestez, ez da Ordenantza honen erregulazio-xede baizik eta geroko garapenarena, bi helburu hauek gorde behar dituen udal-langileen prestakuntza-plan baten bidez: Udal-langileek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzea eta beharrezko bitartekoak zein baliabideak ezartzea herritarrei zerbitzuak euskaraz ematea bermatzeko. Horregatik guztiagatik, ikuspuntu tekniko-juridikotik, alegazioa ezestea proposatzen da.

 

ERANTZUNAREN BALORAZIOA

A1 eta A2 mailetako ikastaro trinkoetarako ez du baimenik ematen Iruñeko Udalak. Baimen hauek ezin dira ziurtatu Euskararen Ordenantzan, aurretik udal-langileen prestakuntza-plan bat egin behar duelako Iruñeko Udalak. Adibide ezin hobea da euskararen inguruko planen helburuak zeintzuk diren jabetzeko: Neurriak ez gauzatzea, horrelako planak egiten ari direlako (gero planak garatzeko azpiplanak eginen dituzte eta horrela etengabe).

 

Iruñeko udal langileak euskara ikastarorik gabe

Administrazioan Euskaraz Taldea

Zer duzu buruan “Iruñeko udal langileak euskara ikastarorik gabe”-ri buruz

  • Joseba Otano Villanueva 2019-09-29 00:43

    Alegazio hori egin zen A1 eta A2 ikastaro trinkoak onartzen ez zirelako. Hau da, aldaketaren aldeko gobernu taldeak onartzen ez zituelako. Enrique Mayaren agintaldia geroago hasi zen, Ordenantza berria ordurako indarrean zegoenean.