Euskara zertarako
Euskara zertarako –
“Zenbat gara euskara kultura hizkuntza izatea nahi dugunak? … Gehiengoak ez du bizi hizkuntza herri kultura bezala.” Hala zioen duela gutxi, Alea aldizkariko elkarrizketa polit batean Abel Enbeitak. Beste modu batera ere egin liteke galdera. Adibidez: zertarako nahi dugu euskara, zertarako behar dugu?
Asko dira euskara nahi ez dutenak. Behar ez dutenak ere bai. Hizkuntza jakin batek traba egiten die, nonbait. Erabili nahi ez duzun edo behar ez duzun hizkuntza zaharra ez maitatzea uler liteke. Hala ere, nik ezin. Besterik ez bada, gizakion ondare direlako. Traba ere egin dezakeela?… Bai, baina edozein hizkuntzak egin dezake traba. Adibidez, Gaztelako eremu zabaletan ikasitako hizkuntza ederra traba izan daiteke norbaitentzat Ingalaterran ingelesekin komunikatu nahi badu. Eta alderantziz.
Dena dela, gero eta enpresa gehiago dira beren merkantzia jendarteratzeko orduan euskarari ere leku egiten saiatzen direnak nolabait. Baina enpresa horiek zertarako behar dute edo zertarako nahi dute euskara? Ez ahal da izango itxurakeria hutsa, plantak egitea?.
Baina Enbeitaren galderak -askok maiz egiten dugunak- hor segitzen du erantzunik gabe. Bakarren batzuek eman dezakete agian zifra bat. Ez da handia izango, hala ere. Inoiz aipatu izan dizuedan bezala, hiztun gutxiko hizkuntza handi eta miresgarri batean mintza daitekeen hiztuna elebidun edo eleanitz izatera behartua dago. Horrek epe luzera hizkuntza txikia desagertzera eraman dezakeela? Jakina! Historian zehar gertatu izan da. Euskaldunok hori jakin behar dugu. Baina jakin badakigu, bi dituena bat duena baino aberatsagoa dela.
Eta aberastasunaz ari garenez (ez ekonomiaz), egun hauetan izan dudan esperientzia etsigarri bat aipatu nahi nizueke: banketxe batetik bezero bati zenbait dokumentu bidali zizkioten sinatzeko. Dokumentu horien sarrerakoan dena arreta handiz irakurtzeko ‘gomendatu’ ostean sinatzeko eskatzen zitzaion interesatuari eta galdetu beharrekoak galdetzeko. Dokumentua euskara hutsean zetorren, nahiz eta jatorrizko testua erdarazkoa zela agerikoa zen. Euskal bertsioa, orokorrean, aski ongi ulertzeko modukoa zen hala ere. Ongi. Poz emateko modukoa ere bazen, hortaz.
Baina sinatzailearen poza ez zen erabatekoa izan. Euskaraz ongi samar dakien norbaitek, alegia ustez erdararen maila bereko euskara baldin badaki baina hala eta guztiz, zenbaitetan testua behar bezala ulertzeko arazoak sortzen badira, egokia da testu elebakarra eskaintzea? Holako dokumentuetan erabiltzen den terminologia ezagutu ezean, arazoak izango dira edozein hizkuntzatan. Erdaraz ere, egunero sortzen dira termino berriak, siglak, laburdurak eta abar. Hauek denbora behar dute eguneroko hizkuntzan benetan erabilgarri izateko. Eta praktikan erabilera mugatua duen hizkuntza batez ari bagara…
Eta zertara dator hau? Zeren, delako banketxe horretan eta beste edonon ezarri nahi den elebitasunaren aldeko protokoloa ere euskararen kontrakoa gerta daitekeelako praktikan: hasieran bi hizkuntzetako bat aukeratu behar bada, argi dago zein aterako den galtzaile.
Eta euskararen militantea denak, ematen zaion aukera hartzen ez badu, testua maila batean ulergaitza delako edo ulertezina, lotsatan utziko duten beldurrez eta entzun beharko dituenak entzuteko prest ez dagoenak ez du izango animo handirik otez jositako euskararen bidezidorrean oin hutsik ibiltzeko.
Hau izan zen hautua: ‘nola nahi duzu testua?: euskaraz ala gaztelaniaz?’ Euskaraz, noski, bezeroak. Baina gauzak nola diren ikusita, bezeroak nahiago, bi hizkuntzetako bertsioak eskueran izatea. Eta honetarako beste arrazoi bat ere bada: diotenez, bi bertsioen artean kontraesanen bat gertatzen bada, erdarazkoa bide da balio duena. Horrenbestez, euskarazko testua batetik eta gaztelaniazkoa bestetik eskaini beharrean, bi testuak izatea zuhurrago dirudi. Hala usted ut. Hipokrita hutsak garela ere entzun behar izan dut inoiz: “euskara aldarrikatu bai, baina aukera ematen zaizuenean, ez duzue baliatzen”. Ez. Ezin da onartu dena ahulenaren lepora botatzea. Hain zaila al da bi testuak elkarren ondoan ematea? Horrela, hizkuntza aukera errazago izango litzateke.
Kontua ez da ‘euskaraz ezin baduzu, hauta ezazu gaztelania’. Hizkuntz pedagogia ere behar da. Zeren, adibidez, nire moduko euskal hiztun xumeak arazoak baditu, zer ez dute izango xumeagoak direnek?
Amai dezadan: hizpide izan ditugun kontu hauek erakusten dute itxura batean euskaldunen eskubideen alde eskaintzen den zerbitzu moduak euskaldun askori egiazki ez diela errazten euskararen bidea.
Patxik dio:
“Kontua ez da ‘euskaraz ezin baduzu, hauta ezazu gaztelania’. Hizkuntz pedagogia ere behar da. Zeren, adibidez, nire moduko euskal hiztun xumeak arazoak baditu, zer ez dute izango xumeagoak direnek?”
euskal hiztun xumea!!!
Ez al da gizon hau euskaltzaina eta unibertsitateko irakaslea?
Brometan dabil?
“nire moduko euskal hiztun xumeak arazoak baditu”… zer da hau??? Adarra jotzen???
Aluzinatzen nabil. 5 aldiz irakurri behar izan dut testua, eta oraindio ez naiz nire harriduratik urtetzeko gai.
Gizon hau (euskaltzain osoa!) zeharo garaitua dago psikologikoki!
Ikus dezagun:
1) “Erabili nahi ez duzun edo behar ez duzun hizkuntza zaharra ez maitatzea uler liteke. Hala ere, nik ezin.” Zertara dator “zahar” adjetiboa eranste hori? Zer adierazi nahi duzu, Patxi? Modernitaterako balio ez duela iradokitzen ez zara egongo ba? Hala ez baldin bada, zertara dator “zahar” doako adjetibo hori? Euskara europear hizkuntza moderno bat da.
2) “Traba ere egin dezakeela?… Bai” Bai??? “baina edozein hizkuntzak egin dezake traba.” Hori ez da egia. Norbait ingelesa jakinda Amsterdamera bizitzera joanez gero, ez du nederlandera traba bezala ikusiko. Ikasi egingo du bertako hizkuntza delako, eta kito. Zergatik uste dugu euskarak Euskal Herrian traba egiten duela??? Negargarria da daukagun Estokolmo sindromea, zinez erdiragarria.
3) “hiztun gutxiko hizkuntza handi eta miresgarri batean mintza daitekeen hiztuna elebidun edo eleanitz izatera behartua dago” Hau ez da egia!!! Gazteldar nazionalismo gordineraren argumentuak erabiltzen ari zara, euskaltzain osoa izanik! Euskarak 750 mila hiztun ditu, horietatik 400 bat mila kalean euskaraz bizi direnak. Ba al dakizu zenbat denbora beharko zenukeen euskaldun horietako bakoitzarekin mintzatzeko? Bakoitzarekin 5 minutu pasatuz gero, egunean 8 orduz, urtean 365 egunez: (60/5)*8*365=35.040 pertsona/urte. Ondoen, 400.000/35.040= 11,41 urte. 11,41 urte beharko zenituzke egunean zortzi orduz, urtean 365 egunez, euskaraz bizi den ororekin 5 minutuz berba egiteko. Hau da, zure adierazpenari erantzunez, esaten duzuna ez da egia. Berez, ez dugu eleanitz edo elebidun izateko beharrik hiztun gutxiko hizkuntza garelako, ez baikara hiztun gutxiko hizkuntza. Elebitasunera edo eleaniztasunera behartzen gaituzten arrazoiak exogenoak dira, eta ez endogenoak, zuk oso erraturik diozun moduan.
Gezurra diruri Patxi zenbat mami atera dakiokeen zure iritzi erratuei hain lerro gutxitan.
Jarraitzen du:
4) “bi dituena bat duena baino aberatsagoa dela.” Diglosi bortitz batean bizi den hizkuntzarentzat, ez. Esaldi hau gainera aurreko honekin erabateko kontraesanean dago: “hiztuna elebidun edo eleanitz izatera behartua dago. Horrek epe luzera hizkuntza txikia desagertzera eraman dezakeela? Jakina!” Alde batetik egoera diglosikoak hizkuntza hil dezakeela aitortzen duzu, baina segituan bi hizkuntza jakitearen (diglosi egoeran) aberastasunaz zara mintzo!! Aupa!!! Zelan egon zaitezke hain galduta? Non dago zure diskurtsuaren koherentzia?
5) “Holako dokumentuetan erabiltzen den terminologia ezagutu ezean” ikastolek 53 urte daramatzate hizkera hiper-akademiko bat transmititzen, euskalki eta herriko hizkera bizien kaltetan. Eta hala ere, terminologia erabat ezezaguna izan daitekeenaren beldur zara? Baina orduan zer bendezio irakasten dute ba ikastolan???
Testu honen irakurketa begiak zilatzeko modukoa da.
Ederto daude, bada, euskaldunak honelako euskararequin, honelako euskaltzainekin, honelako guztiekin!
quin batec ihes eguin deraut batueraz idatzi nahi ukaitean.
Barka benazate!
Bada ni gehienbat bat nator Goenagak aipatutakoarekin ( modestia faltsu pixar bat gorabehera, argi baitago ez dela “hiztun xume bat”).
Ez dut ulertzen zertara datorren Lavinen espantua, batez ere kontuan hartuz aspalditik dabilela Zuzeuko irakurleak zigortzen enjendro ulertezin batekin. Ohiko frikietako bat ez den baten aportazioa estimatzen da.
enjendro idaztea bai dela engendro bat, benetacoa!
Guero, logicoa, erdal itzulpena behar içaitea! Ez naiz harritzen!
Grazianari:
Azaldu dezakezu ze puntu zehatzetan zatozen bat Patxirekin? Kuriositatea daukat. Benetan.
Ez dut ulertzen zergatik pentsatzen duzuen euskaraz ikasi duen euskaldun batek euskaraz ondo idatziriko testu bat ulertuko ez duenik. Ez dut ulertzen. Zergatik diozue hori? Eta hala balitz ere, zergatik jakin beharko luke ba hobeki gazteleraz?
Euskarazko bertsioa eskatzen duen euskaldun alfabetatu batek zergatik izango ditu ba arazoak?
Madrildar bati badaezpada jartzen al zaio ingeleseko bertsioa alboan, ala? Ez, hiztun natibo alfabetatua delako. Eta euskaldun natibo alfabetatu batek orduan zergatik behar du erdarazko bertsioa alboan ba, erdaraz ikasi ez baldin badu?
Ez al duzue ikusten diozuenak ez daukala ez hankarik ez bururik?
Patxi, lehenago egin dizudan kritika gehiago zehazteko asmotan. Zure ondorengo esaldi honen egiazkotasuna ukatu dut: (“Inoiz aipatu izan dizuedan bezala, hiztun gutxiko hizkuntza handi eta miresgarri batean mintza daitekeen hiztuna elebidun edo eleanitz izatera behartua dago.”). Utzidazu esaten zergatik diodan ez dela egia.
Milioi erdi hiztun dituen hizkuntza bateko biztanleek ez dute zertan elebitasun etnikoan (Erramun Baxok-en terminologia erabiliz) bizi. Milioi erdi biztaneko Estatu-hiri bat existitzen balitz, bertako jatorrizko hizkuntza hizkuntza ofizial bakarra litzatekelarik, ez legoke inongo elebitasun etnikorik. Biztanleria osoa jatorrizko hizkuntzan biziko litzateke lasai asko. Milioi erdiko masa demografikoa ez delako horren txikia, kontzentratuta baldin badago.
Gizarte horretako kide askok hizkuntza internazional bat edo gehiago ikastea bilatuko lukete, zalantza barik. Baina hizkuntza horiek euren Estatu txipitik kanporako harremanetarako baliatuko lituzkete, eta ez barne-kontsumo natibo baterako. Hau da, halabeharrez hizkuntza internazionalak erabiliko lituzkete pelikulak, musika eta abar baten kontsumorako, baina ez legoke jatorrizko hizkuntzarekin interferentzia bortitz baterako arrazoirik, hizkuntzaren barne-kontsumoaren hesiak defendatuko bailituzke. Horren kasuko Estonia, Letonia, Albania, Lituania, Eslovenia eta abar.
Horregatik diot zuk aipatutako elebitasun etnikoa ez dela arrazoi endogenoek sortua (hau da, biztanle kopuru “txikia”-k), exogenoa baizik (arrazoi sozio-politikoek sortutako hiztunen dispertsioa beste hizkuntza baten baitan).
Euskaldunon dramarik handiena ez da gutxi izatea, sakabanatua eta erdal itsaso batean itotzen egotea baino. Gehiago irauten du bizirik azukre koxkor txiki batek mahai gainean, 50 kiloko azukre puxkak igerileku batean baino.
Benetan zabiltzate, iruzkizaleok?
Iritziak iritzi… ironia zer den ez dakizue? Zurrun eta itsu…
Zer ironia? Non ikusten duzu zuk ironia? Patxik benetan dio dioena.