Euskara udal jardueretan
Euskara udal jardueretan –
Nafarroako udalek ikastaro eta kirol eskaintza zabala egin izan ohi dute eta herritarrek urtero erabiltzen dituzten zerbitzuak izaten dira. Zerbitzu hauetan erabiltzen den hizkuntzari aldiz, gutxik erreparatzen diote, izan ere ohituta gaude ikastaroen eskaintza gaztelaniaz jasotzera eta haur txikiei bideratutako ekintza solteak izan ezik, ezer gutxi aurkitu dezakegu euskaraz, Nafarroako erdialde eta hegoaldeko udal gehienetan egoera bereziki larria delarik.
Horren adibide argia Egesibarko Udala dugu, non herritar batek euskarazko kirol eta musika eskaintza ezaren aurrean kexa jarri ostean, Hizkuntz Eskubideen Behatokitik Udala zein Nafarroako Arartekoa interpelatu genituen. Bertako euskararen ordenantzan musika eskola zein kiroldegiko euskarazko eskaintza zabaltzeko neurriak hartu behar direla ezarri arren, azken 10 urteetan ez da inongo neurririk hartu, batik bat ikastaroak ematen dituzten langileei inoiz ez zaielako euskararen ezagutzarik eskatu. Bestalde, udalaren iritziz, ez omen da euskararen ordenantza urratzen, euskaldunek ere ikastaro horietan parte hartzeko aukera dutelako.
Noski parte hartu dezaketela! baina gaztelaniaz.
Beraz, betiko bi paradigmekin aurkitzen gara: Batetik, ez direla herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuko langile publikoak zerbitzuak euskaraz ere emateko gai direla ziurtatzen ez den bitartean eta bestetik, Nafarroako erakunde eta arduradun publiko askok, euskara babestu eta sustatzeko arauekin ez-ikusiarena egiten dutela, euskara ez erabiltzearen errua herritaren gain jarriaz.
Euskara udal jardueretan
Azaleko argazkia: Txema Bacaicoa