Euskara, tamalez, anomalia da
Euskara, tamalez, anomalia da –
Euskararen eguna ospatzen dugu gaur. Nekez baina, ospatuko dugu egun hau euskararen egoeratik bertatik ez bada, beraren oso jakitun izanik ez bada. Baikortasun edo ezkortasuna gora behera, zein nondik edo nola begiratzen diogun euskarak bizi duen egoerari, halakoxea ere aitortutako osasun edo mendretasun maila. Balioespen-maila batean zein bestean kokatu geure burua, ezin ukatu euskarak aspalditik bizi duen anomalia. Ez dakit nik bada aspaldiko edo betidaniko kontua ote dugun. Ezen, jakin badakigu hain aspaldi ez dela, Gipuzkoa kasu, elebakar-bakarra zela. Halere, harako garai horietariko gizarte elebakar hori oso bestelako gizartea genuen, arrunt, eremu publiko urrietan jarduten zuena, oso gertuko eremu intimo eta mugatua baino ez zuena bizigune, eta, finean, are soziologiatiko “anomaloaren” kategoria bera berau ere agian guztiz zentzugabe zuena.
Egungo egunetara etorrita baina, ezin uka euskarak eta euskal hiztunek bizi duten egoera anomaloa. Anomaliak bizi gaitu euskaldunok. Xehe-xehe, ezin hobeto aztertu-deskribatu zigun aipatu anomalia hau Eduardo Apodakak bere Identitatea eta anomalia liburu bikain-bikainean. Hizkuntza guztiek dute errealitateaz eta munduaz aritzeko era berezko bat. Euskarak ere badu berea, erdarak gero ezinduagoa bada ere. Hau nekez hauteman lezake elebakartasunean murgildutakoak. Izanez ere, elebakar den pertsona nekez izango da gauza bereizteko mundua eta munduaz aritzeko mintzaira. Harreman-multzo elebakar batean bizi denari bat eta bera zaizkio munduaren egituraketa eta buruaren egituraketa nagusia. Alabaina, esanda moduan, mintzaira guzti-guztietan hitz egiteko molde, tonu eta estilo ezberdinak daude. Elebakarrak, baina, berea baino ez dela existitzen pentsatu ohi du eta, hortaz, alperrikako deritzo guztiz bere hizkuntza burujabetik ateratzeari.
Bat bera izan ohi dira habitus eta habitat jendarte egonkor eta barne-bereizketarik zein etenik gabekoetan, zioskun Bourdieuk. Hizkuntzarekikoan, bere burua elebakartzat duen jendartearen irudiko, eurek duten hizkuntzari “atmosfera” bakarra dario, normaltasun osoaren oro hartzailea dena, eta hizketarako babes guztia eskaintzen duena. Egun euskaldun elebakarrik jada ez dagoela, edo kasik-kasik ez dagoela, esan genezake lasai asko. Halere, euskara hizkuntza nagusi-nagusi duten euskal hiztunak halakotzat-edo joko bagenitu, zer esan genezake beroiei buruz? Zer esan genezake ia euskaldun elebakar horiei buruz? Bada, euskaldun ia elebakar horien bizi-eremuan euskararena den habitus hori hain da sendo-indartsua ezen inkontzientea baitzaie. Halarik ere, zenbat harreman-esparrutan eta bere zenbat lagunentzat ere da euskarak eskaintzen duen habitus-a horrelakoa? Ez al genuke hor, mutur aurrean, norbere disposizioa, bateko, eta kanpo gizartearen egoeraren predeterminazio soziokulturala eta hortaz egiturazkoa, besteko?
Hor hain justu jartzen zaigu erakutsian, ezin-ezin argiago, euskarak bizi duen anomalia. Gaur egun, euskara gehienbat anomalia da. Aipatu egoera hori geneukake anomalia horren adierazgarri, non ezin ukatuzko etena dagoen norbere hizkuntza disposizioaren eta bere gizarteko egiturazko hizkuntza normatiboaren artean. Euskarak ez du hizkuntza nagusien indar unibertsal objektibatua. Kontuak horrela, euskararena indar subjektiboen mende biziko den atmosfera partzial babestua baino ez da izango, gehienera jota, izatekotan. Hala eta guztiz ere, euskarak, ezein anomaliarik gabe, bere atmosfera guztizkoa duelako bizipenak izan ditugu denok, oso-oso noizean behin bada ere, eta toki urri baten batzuetan bestetan ez bada ere. Egun ere, egon, badaude euskal bizi-komunitate trinkoak, eta harremanetarako euskal esparru trinko-trinkoak.
Alabaina, nire ikusian, pixkaka-pixkaka, arian-arian, gero eta bakanagoak ditugu euskarentzako esparru trinko horiek. Gizarte moderno (posmoderno) industrializatu urbanorako igarotakoan, euskal gizarteak ez du lortu euskara onik ateratzerik, ez du lortu euskara bizi-praktika guztietarako matrizea izan dadin, ez eta euskara bizi-atmosfera guztizkoa izan dadin ere. Eta, are itxura batean hori lortu dela eman lezakeen kasu horietan ere, atmosfera babestu eta maizenean artifizial samarretan bestetan ez da izan ohi.
Euskaran bilatzen dugu kasik gehinetan bere ahultasunaren zergatikoa. Halere, euskarak falta duen ondare sinbolikoan bilatu beharko genuke berau sendotzeko indargunea, diosku zuzen onez Eduardo Apodakak. Hornidura sinbolikoen harrobian hartu behar du euskarak falta duen sendotasuna.
Igor Goitia
Milesker Igor zure komentarioengatik. Jadanik entseiatu nintzan Apodakaren liburua irakurtzen. Lehen ostokatze batean gaiak erakarri ninduen. Baina ene saialdia ez nuen bururaino eraman ahal izan. Zuri esker pixkabat aitzinatu naiz. Bainan badut oraindik lan.
Posible zautzu mesedez gehiago argitzea zeri pentsatzen duzun “ondare sinboliko” nozio hori aipatzean?
Adeitasunez.
Mila esker, Beñat, zure komentarioagatik.
Zure galderari labur-labur erantzutea zail samar zitzaidanez…erantzuna-edo izan litekeen artikulu baten bidez animatu naiz. Jada ziur ikusia izango duzu, baina badaezpada….honako hau da: “Euskara eta kapital sinbolikoa”
Besarkada bat
Bai irakurria nuen eta gogoetatzen ari nintzan. Eta eskerrik asko Igor. Egia erraiteko, zu bezala ni ere euskarari buruz gogo kordokatua naiz, batez ere iparraldeari dagokionez. Datuak eta tendentziak txarrak dira. Mundu ideologia eta egoera politikoa kontra ditugu, euskal sendimendua orokorrean galtzen da eta ororen gain gu erabat inbadiatuak gara. Zeren gainean berma gintezke bada? Aurreko maiteen alderako fidelitatean?
Arrietaren “Filosofiarako sarrera” irakurtzen hasia naiz, beharbada argiago ikusten lagunduko nau.
Adeitasunez