Euskara salbatzeko, zaborra sortu?
Elkarrizketa interesgarria argitaratu dugu aurreko ARGIAren zenbakian, Lander Arretxeak Telleria anaiei egindakoa. Euskarazko kazetaritzaren ekosisteman eta euskalgintzaren erronkei buruzko eztabaidetan azkenaldian entzundako ildo bat ahoan bilorik gabe erakusten dutelako egin zait interesgarri: euskara salbatzeko zaborra –eta bereziki telezaborra– sortu behar dugu. Euskarazko zaborra sortzearen eta Espainian funtzionatzen duena kopiatzearen beharra defendatzen dute gordin.
“Euskaraz ere behar dugu zaborra, gero norberak erabakiko du zer ikusiko duen”, dio Julen Telleriak elkarrizketaren hasieran. Euskaldunok telebistan zer aukeratu izango bagenu, agian zentzu apur bat izango luke esaldiak. Espainian arrakasta minimo bat duten saio txatxuen kopia txarra egitera heltzen ez den telebista da dugun kate publiko bakarra. Hizkuntza eta kultura bat duintasunez bizi eta gozatzeko komunitate batek behar dituen tresnetako bat da hedabide publikoa, berez. Herri normal antzerako bat bagina, aurrena komunitatearen beharrak bermatzea luke eginkizun nagusia EiTBk. Eta gero, akaso, agian, apika eta beharbada, zaborra sortu.
Baina hori ez da gure kasua. ETB zerbaitetan bereizi bada, zabor kopiagintza faktoria handi bat bilakatzen izan da. Aurrekontuaren zati nagusia eramaten duen erdarazko katean begi-bistakoa da, baina baita kirolak, mariatxiek eta errepikapenen errepikapenek ETB1en uzten diguten hutsune bakanetan ere, salbuespen duin apurrak salbuespen. Europan telezaborra sortzen, Italiakoekin batera, txapeldunak diren Espainiako kateetan funtzionatzen duena gurera ekartzeko lotsarik ez izatea da proposamena. Jendeari “hori” gustatzen zaiolako. “Jendeak –bereziki gazteek– kontsumitu eta eskatzen” duena denez, izan gaitezen gu ere zabor, baina euskaraz.
Zaborra bai, baina espainiarra? Bada, “Hego Euskal Herrian oso espainolak garela behingoz aitortu” eta jendea “gertuko sentiarazteko” baliatu behar ditugu Espainiako hedabideek sortutako erreferentzia kulturalak eta hizkuntza bera, diote telleriatarrek. Horregatik, euskara erdarara hurbildu eta haren esamoldeak geure egitea proposatzen dute, edo behintzat horretaz ez lotsatu. Zehatzago, Gaztea irrati publikoan urte luzez Jon Gotzonek gorpuzten duen euskañolari eustea, euskaldunen egiazko “errealitate gordina” hori delako, eta kontrakoa “garbizalekeria” litzatekeelako.
Hau da, ETB gaztelania menperatzen dutenentzako hedabidea dela berresteaz gain, bide horretan sakontzeko beste pausu bat ematea da kontua. Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoako euskaldunen eta gainerakoen arteko muga harresiago bilakatuz. Haiek, haien zabor frantsesa sor dezatela euskara salbatzeko.
Diskurtso horretan harrigarriena zait, hedabide publikoa ondo ezagutzen dutenez, beraiek onartzen eta kritikatzen dutela ETB1en agerikoa den baliabide falta handia. Eta euskarazko katean bereziki. Beraz, asko jota, kopia txarraren kopia txarra egitera hel gintezke askoz baliabide eta diru gutxiago izanik. Baliabide horiek ukatzen edo murrizten dituzten kultur politiken arduradunez hitz bat bera ere ez dute eskaini. Ea hurrengo batean, Arantxa Tapiarekin tomate gainerreak prestatzen aritzen diren bitartean, aukera baliatzen duten.
Euskara jende gehiagorengana eraman behar da = jendeari gustatzen zaiona eman behar zaio = jendeak Diario Vasco eta Gran Hermano ditu maite = egin dezagun berdina, baina euskaraz. Hau da, gizakion (eta kazetaritzaren) berezko gaitasun eraldatzailea alboratu, eta zure jarduna egungo egoera betikotzen laguntzera mugatu asmo “handiago” baten mesedetan, kasu honetan, euskara salbatzearen izenean. Gizartea aldatu beharrean norbera “gizartera” moldatuz, aldian-aldian ustez nagusi diren desio, gustu eta nahien arabera. Egunotan “klima ez, sistema aldatu” milioika lagunek dioten bitartean, “aldatu hizkuntza, ez sistema” agertzen zaigu gurean. Akaso, Euskal Erdia izan dadin hizkuntza gutxitu bat putzu sakon eta ilunetik ateraraziko duen herri bakanetakoa munduan, berau menpeko eta bazterreko bihurtu duen sistema ekonomiko eta kulturala ukitu barik. Merkatu kapitalistaren logika geure eginez, audientzia jainkotzat hartuta, sentsazionalismoa eta arinkeriari oinarri duen zaborra jarriz gure sormenaren abiapuntu.
“Ez gara izugarri harro egongo akaso egindakoarekin, ez da izango guretzat egingo genukeena”. Helburu handi batek sakrifizio dosia behar omen. Eta euskaldunok ohi dugun gisan, ezin bestela izan antza. “Jaten duguna gara”, dio Jakoba Errekondok. Gorputzaz gain gogoa ere osasuntsu elikatzea nahiago dugu beste batzuek. Norbera harro egoteko moduko kazetaritza egiten saiatzea, alegia. Zaborra eta menpekotasuna ikur dituzten hedabide toxikoetatik deskolonizatzeko, adibidez.
Euskara salbatzeko, zaborra sortu?
Guztiz ados artikuluarekin! Telleria anaiek zer esango dute ba… negozioa ondo dian bitartean.