Euskara orain! Konstituzio aldaketa orain!

Konstituzio aldaketa orain! –

Euskalgintzako eragileok bat egin dugu Euskal Konfederazioak eta Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak ipar Euskal Herrian zehar egindako elkarretaratzeekin, gure hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko eta frantses konstituzioa alda dezaten eskatzeko. Behean Euskal Konfederazioaren adierazpena.


Euskara orain! Konstituzio aldaketa orain!

Konstituzio aldaketa orain!

Gaur, ekainaren 1ean, Pour Que Vivent Nos Langues Kolektiboak zabaldu deia segituz, 800 euskaltzaletik gora bildu gara Ipar Euskal Herri osoan antolatu 10 elkarretaratzetan (Arbonan, Azkainen, Baionan, Beskoitzen, Donibane Garazin, Hazparnen, Hendaian, Itsasun, Maulen eta Ziburun), frantses Konstituzioa aldatu eta gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatzeko.

Izan ere, azken urte eta hilabete hauetan lurralde hizkuntzak garatzeko helburu zuten hainbat tokiko deliberaren kontra egin du frantses Estatuak, prefeten bidez, abantzu sistematikoki argudiatuz Konstituzioaren kontrakoak zirela, 2. artikuluak zehazten baitu frantsesa dela Errepublikaren hizkuntza.

Bainan gure hizkuntzen garapenaren kontra egiteaz gain, mota horretako errekurtsoekin hiztunon hizkuntza eskubideak ere dira zangopilatuak direnak: ikasleek ezin dute lurralde hizkuntzak lurralde hizkuntzan baldintza onetan ikasi eta azterketak lurralde hizkuntzan pasatu, hautetsiek ezin dute asanbleetan hitza lurralde hizkuntzan bakarrik hartu bat-bateko itzulpen sistemarekin (Euskal Elkargoan hasteko, bainan eskubide hori aitortua zaie Bretainia Eskualdeko kontseilariei), herritarrek ezin dute auzitegian beren burua lurralde hizkuntzan defendatu nahiz eta itzultzaile batekin etorri (adibidez duela hamarkada batzuk Baionako auzitegian auziperatu batek posible zuen hor i egitea, orain sistematikoki errefusatua delarik…).

Biziberritze fase eraginkor batean sartzeko eta hiztunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen ezinbestekoa da euskara bezalako lurralde hizkuntzen aldeko lege koadroa eraikitzea, juridikoki babesteko. Bainan holako lege koadro eraginkorra xutik ezartzeko, frantses Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea da lehen baldintza, ezinbestekoa.

Horretaz konzient, joan den azaroan Pour Que Vivent Nos Langues Kolektiboak publikoki iragarri zuen Konstituzioa aldatzeko kanpaina hasiko zuela. Horrela, otsailean bost lurraldetako 42 lizeotar joera politiko desberdinetako diputatuekin bildu ziren Pariseko Asanbladan, irakaskuntza mailako trabak azpimarratzeaz gain ikastetxetik kanpo ezin zutela beren hizkuntzan bizi salatzeko eta, ondorioz, frantses konstituzioa aldatzea galdetzeko.

Ekainaren 1eko elkarretaratze hauek Pour Que Vivent Nos Langues Kolektiboak abiatu kanpaina orokor honen bigarren hitzordu nagusia izan dira beraz, eta Ipar Euskal Herriko elkarretaratzeetaz gain milaka lagun elkartu dira Alsazian, Bretainian, Katalunian, Korsikan eta Okzitanian antolatu mobilizaziotan.

Ekainaren 1eko egun arrakastatsu hau Konstituzioa aldarazteko beste urrats bat izan da beraz eta Euskal Konfederazioak eta PQVNL Kolektiboko egiturek mobilizatzen segituko dute, Konstituzioa aldatu arte, gure hizkuntzak bizi daitezen, gure hizkuntzetan bizi ahal izan arte.

Konstituzio aldaketa orain!

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude