Euskara ondo batua

Euskara ondo batua –

Lengoaiarekin sortzen dugu errealitatea eta harekin mundua interpretatu. Eta horrek baldintzatzen du gauzak zelan bizi ditugun, bai. Eta lengoaia ez da naturala, ez: berbak ekoizten dira eta arautu. Gurean, funtzio hori Euskaltzaindiak du, geure akademiak. Baina alborapen batzuekin egiten du lan hori. Ea esplikatzen naizen.

Euskara ondo batuaEuskaltzaindiaren hiztegi orokorrean sartuta, bizkaierazko marka (zergatik bizkaiera deitu, Araban eta Gipuzkoan ere erabiltzen bada?) 1.162 berbak dute; beste bost euskalkien marka duten berbak, guztira, 1.281 dira. Hau da, marka duten berben ia erdiak bizkaierazkoak dira. Esate baterako, pitzadura berbak ez du marka dialektalik, baina arrakala berbak bai; apez edo apaiz berbek ez dute markarik, baina abade berbak bai; neba berbak badu bizkaierazko marka, baita umelloba edo zelan berbek ere.

Baina ez da hiztegi horrek duen bitxikeria bakarra: berbetan oharrak agertzen dira (ez dago jakiterik nork egin dituen ohar horiek). Eta haietako batzuk negargarriak dira (edo ez, beharbada adjektiboa beste bat da). Esate baterako, atoan berbak honako ohar hau dakar: «Bizkaiera über Alles-en aspaldiko zaleek aspaldian ia-ia bandera gisa darabilten erdarakada arrunt hori, bide batez Bizkaiko toki aski mugatuetan besterik entzuten ez dena eta literatur tradizio eskasa baino eskasagoa duena, are maila beherakoan jarri beharko genuke geure zerrendan». Edo kaza berba: «Erdarakada horrek ez du literaturan tradiziorik eta gaur jende ezjakinak besterik ez darabil».

Euskara ondo batua izango dugu inoiz, marka bakoa edo ahalik eta marka gutxien izango duena. Hizkuntza ei da lantzen duenarentzat, ba has dezagun lantzen.

berria bidez.

Euskara ondo batua

15 pentsamendu “Euskara ondo batua”-ri buruz

  • Polita gero proposamena edota desira,…ezin urrutiago baina errealitatetik. Batuaren zeregina? Ezin dudazkoa, noski, maila idatzian eta Guztiz instituzionalduan baina.
    Bizitzan, errealitatean? Nekez , ezinezkoa ziur. Ez naiz sekulan batuaz egiten ezein herritan, ez kaletan egon. Tamala kontua ? Bada jada euskara galdua zuteneko herriez ari bagara, noski baino noskiago. Izan ere, horiek batuaren aldeko hautua egin lezakete ( errealitateak baina, erdaraz baino ez dihardutela erakusten digu, tamalez).
    Bien bitartean, euskara bizi-bizirik dago euskalkiak duten herri euskaradunetan, zein segi-segidan euskalkiren baten indar bizia atzean duten batuaren zonalde instituzional-formalduentan; eta aldiz, ez da oraindik euskara batu hutsa baino hitz egiten ez duen hiztun-komunitaterik arkitu

  • Hau diozu, Amutarrixa: “Ez da oraindik euskara batu hutsa baino hitz egiten ez duen hiztun-komunitaterik arkitu”. Ondo idatzi duzu ala lapsus bat izan da? Ezin dut ulertu zergatik diozun hori. Zer esan nahi du esaldi horretan “komuntate” hitzak? Batua ez bada, zein euskara darabilte euskara galtzear (edo galduta) egon den lurraldeetako euskaldun etxetik kanpo ikasiek? Zer euskara darabilte maila nazionaleko ikus-entzunezko hedabideetako kazetariek, idazleek eta kulturagileek lanearko eta beren arteko komunikaziorako?

    Nik mende laurden baino gehiago daramat ahozko komunikazioa euskara batuan lantzen duen komunitate bateko kide izaten, euskal kazetari eta kulturagileena, eta ez dut inoiz sentitu euskara batuan hitz egitea neure etxeko hizkeran (Azkoitikoan, bere berezitasunekin, Azkoitian osoan ere ez baita berdin hitz egiten) hitz egitea baino pobreagoa, artifizialagoa, plastikozkoagoa edo ezdakit zer denik. Inoiz ere ez.

    Maite dut neure etxeko euskaera, maite dut Azkoitiko euskara, eta uste dut denok dugula, gure eguneroko pertsonalean behintzat, nahi dugun bezala hitz egiteko eskubidea eta askatasuna. Baina sinesten dut ahozko euskara batuaren indarrean eta aberastasunean, neure esperientziarekin baieztatu dudalako urte askoan, eguna joan eta eguna etorri, indartsua eta aberatsa dela (indarrez eta aberastasunez erabiliz gero, jakina).

    Eta sinesten dut, halaber, indar hori ez dela behar bezala estimatzen, baliatzen eta sustatzen, eta, zuzenean edo zeharka, gutxietsi egiten dela maiz askotan. Gutxietsi egiten dugula maiz borondate onez euskaldunok eta euskaltzaleok, euskarafoboek borondate txarrez gutxiesten duten bezala, aurreiritzi berberetan oinarrituta.

  • Zure postura ondo ezagutzen dut eta oso interesgarria da. Iñaki Segurolarekin izan zuen eztabaida ikusi nuen-eta.
    Igual oso muturrera joan naiz. Nik ez dut inondik Inora gutxietsi batua. Bere papera betetzen du, ezin inportanteagoa. Komunitateez, zera esan nahi dut, kalean hitz egiten deneko herri bateko hiztunena, bere mintzo kale mailako informalean. Izan ere, are ustez batuaz egiten duen horrek ez du zinetan batu hutsean egiten , egitearen egitez denboraren poderioz, sikiera prosodia mailan, bere gertuko hiztun komunitate naturalaren hizkeraren igurtzi nolabaitekoa izango du ziur.
    Nik, ustez, kasik batu hutsez egiten dut.Bada, berehalakoan dakite gipuzkoarra naizela denetariko zonaldetako euskaldunen arteko bilera batera joan ohi naizenean.
    Euskalki vs batua, kategoria itxien arteko aurkakotasuna bai dela, nire iritziz, Guztiz artifiziala. Batu hitz egina ez da horren batua, bateko, eta, besteko, euskalkiek jada ezin dira batuari erabat bizkar emanda bizi.

  • Amonamantangorri 2024-09-16 15:20

    Zuk idatzi dituzun “ohar” horiek google bilatzailean itsatsi eta segituan zeure zutabea eta Euskaltzaindiaren hiztegia agertzen zaizkit; hiztegiko orrian sartu eta, ezin ohar horiek inon irakurri. Non daude ba? Nola izan duzu haien berri?

    Nork idatzi ote zituen? Seguru asko Ibon Sarasolak berak.

    Arrazoia al du hori idatzi duenak? Nire ustez, bai. Horrelako “jatorkeriak” barra-barra sartu nahi izan dira literatura-hizkuntzan, edozein euskalkitakoek.

    Egia da Hiztegiek terminologia zaharrari eutsi diotela: beharbada mendebaldeko, erdialdeko, nafar-lapurtar, ekialdeko… erabili beharko lukete.

  • Euskara Batua oso hizkuntza mediokrea da, praktikaezinak diren adizki hiperluzeekin ustez dotore jantzia.

    Adeitsuki

  • Gau on, Amuta:
    Ziurrenik ozpinduta zabiltza, nola ez, Gipuzkoan duzuen ozpin onenarekin eta bakarra, sagardo ozpina, behar da gero! Egiaren aitortzeko nerau oso zalea naiz.
    Oso oker zabiltza, ezen ez okerturik, ez dakit hala ere ezen hori euskalkidunok baliatzen duzuenentz. Batuan mintzo garenok, zerorrek ere hala idazten duzu, bai familian, bai kalean bai lantokian euskal elitea gara, hala da. Literatura, egunkariak, aldizkariak, hedabideak euskaraz erosi eta irakurri-entzun egiten ditugu, eta euskarari eusten diogu edozein egoeratan, euskaldun zahar txar askok egiten ez duena. Euskaraz bizi gara, euskalkidun horiek El Diario Fatxo, El Correo, Tele Cinco….komunitate Euskalduna, baita zeraren zera ere, baina oso euskalkidun, udalari lehio bat irekitzeko beren etxean obra baimena euskaraz eskatzeko gauza ez direnak. Xalbadorri egindako garrasiak lekuko. Ez zuten entenditzen. Batuarena, eta batueraz eta holako ostiakeriak oso antigualekoak dira. Euskara, hola, besterik gabe, eta herri hizkerak, ez dago besterik. Inork ez du esaten, beno, nik bai, espainol batua, frantses batua ingeles batua. Geronena hizkuntza bat eta bakarra da, euskara.
    Pasadizo asko dago kontatzeko. Nire lagun bizkaitar batek, eta badakizu bizkaitarrak kaikuak Edo txarrak baino ez daitezkeela izan, halako egun batean “baliteke” esan nuelako eta bestean “euria ari du”, analfabetoa bera, hori ez da halan euskeraz esaten, baleike ere euria da, euskaldun berriok aditzak asmatu egiten dituzue eta halako babukeriak. Beste batean Santiago Bidea egin eta hiru txantxikurekin egokitu atseden lekuetan. Bik hizkeratik itxienean egiten zuten, hau duela 30 urte, eta hirugarrenak lagunei batuan egiten. Neroni adi eta erdaraz. Lehenengo bi kaikuak hizketa bukatu eta guri begiratu esan nahian, seguru ez duzuela ezer ere entenditu. Handik hiru bat urtera ikastaro batean egokitu batuan egiten zuen txantxiku harekin eta esan zidan: Baina garai hartan zu ez zinen Euskalduna. Erantzuna: Bai, Euskalduna nintzen, baina ez euskaldun babua.

  • Josu Lavin, ze ona! Euskara batuak praktikaezinak diren adizki hiperluzeak! karkarkar!!! Partitzen naiz!!!

    Eskerrak zuk proposatutako “zaratozkiotete”, “zindaratozkioten”, “zindaratozteten”, “zindaratozkioteten”, “zaragizkiotete”, “zeneragizkioten”, “zindaragizkioten”, etabarrek ez daukaten dotore jantzi pretentsiorik!!!

  • Ziriñe,

    Neuk ez dut deus ere proposatu. Neuk soil soilik jokatu dut “eratorri” aditza, ez besterik.
    Bihar dakarzkiokete-ri buruzko post bat irekiko dut. Zeren euskara baita, ezta? Neu baiezkoan nago, orain arte inork ere erabili ez badu ere sekulan.

    Adeitsuki

  • Txantxiku galdu bat 2024-09-17 19:52

    Nagore hori! Batuaren defentsa kaxkarra zela zoiazen eroaketan, bixtan dogu, zeiñen kaxkar alegia. Ez dogu inundik ezebe batuaren kontra, hurrik emon ere. “Primeran egin diezazuket, ezinago zuzen batu hutsez, baina, zuri propio eta orain ez” Bestetik nao zurea ere, eta hortan Amutarrixarekin bat eitten, ez dala iñondik batu-batua; idazkeria behintzat, nahas-mahas eina dozu-ta.

    Aberastasuna denian dao, batuan, erdi batuan zein euskakixetan. Erregistro kontua dogu askotan. Gure herriko euskalki edo azpieuskalkixaren balixuaren kontzientzia ez dogu galduko zu letxekoengatik. Urte batzuk badira Gotzon Garatek artikulu interesgarrixa idatzi ebela Deba baillarako hizkeren inguruan, euren artian Oñatikuaren birtudiak aittatuaz. Zela Bizkaierako gure euskalki zahar honetan iñun baiño hobeto manteniu diran euskerazko molde zahar asko. Kasu askotan, gaiñera, askoren ustez okerrak ziran egittura eta esamolde asko, mendebaldeko euskalki zaharraren aztarna bizixak zirala ondorioztatu eben aittatu doten euskal filologo haundixak. Beraz, esan biharrik eztago oñatiarrok benetann harro egoteko arrazoiak dittugla, agoz ago jaso dogun altxor bizixau manteniu izanagatik.

    Adeituski

  • Txantxiku galdu hori, zein potxingatan galdu zara bada!
    Nire berbak ez dozuz batere ondo entendidu. Nik euskalkixak maitte dodaz, maite dodazanez, danak, baina zure auzokoa ez dan euskaldun bategaz topaketan ez dau tokirik ez bada oso berbekera garbian, osterantzean erderie dakagu, hori yun eta yakinekoa dekogu.Kontue ez dok batua ala sukalkia, kontue euskara ala erdara dugu, eta kultur maila eta ekoizpena, eta hori batuan baino ez daiteke egin. Zaldibarren kaballue estén dutela eta Motrikon osoa hartza esan beharrean. Zer aberatsak euskalkixak.
    Afarion, ziurrenik egina dozu, enaz beldur ez den hala. Eta alegra hadi ongi, eta alegra itzak ingurukoak.

  • Ziriñe Atzo

    Josu, kontraesankorra egiten zait adizki praktikaezinak kritikatzea eta idazten dituzun artikuluak idaztea. Euskara batuari mediokre baderitzozu, pentsatzen dut zure idazkerari jasoa, jantzia irizten diozula. Ba niri nekagarria iruditzen zait, gaur egun oraindik, euskara batuak denetarako balio duela esaten jarraitu beharra. Are gehiago, euskaldunen artean. Nahiko argi ez balego… Miguel Sanz oroitarazi didazu. Euskara batuaren langintzan diharduten guztiei errespetu bat, mesedez. Lan serioa ez dator harrokeriarekin bat.

    Bestalde, nekagarria da oraindik ere hizkera bakoitzak bere lekua duela esan beharra. Norekin ari garen hizketan, zein esparrutan… Prest egon behar genuke euskara ikasten jarraitzeko, hobetzen eta aberasten.. Herrikoa, batua eta gureak ez diren euskalkiak.

    Ez dezagun gure mediokritatea nabarmendu, defendatu eta hauspotu. Mesedez.

  • Josu Lavin Atzo

    Ziriñe,

    Mila esker, zure eritziengatik.

    dakarzkiokete izeneko posta igorri dut goizean:

    Euskal Klasikoen Corpusean begiraturik:

    https://www.ehu.eus/ehg/kc/

    dakarzkiokete: 0 aldiz erabilia
    diezazkiokete: 0 aldiz erabilia

    Lehenengoa ongi eraikia da ekarri aditzaren konjugazio historikoaren arauera.

    Bigarrena *ezan aditzaren konjugazio historikoaren arauera gaizki eraikia da.

    diezazki- hasierako horren ordez bethi dietza- erabili izan da pluralean.

    Mitxelena eta Txillardegi jaunen mahukatik atereak dira -iezazki-dun adizki guztiak, asmatuak edota inventatuak eta Euskaltzaindiak aho batez onartuak.

    Errore garrafal hau Akademiak zuzendu behar luke ahalik eta lasterren, gauzak ongi egitekotan.

    Aditz koadro guztietan inoiz, inon eta inork ere erabili ez dituen adizkiak asterisko batez ongi markaturik agertu behar lirateke, irakasleek ikasleak matxaka eta tortura ez ditzatentzat institutu, universitate eta euskaltegi guztietan

    Adeitsuki

  • “dietza-” horiek ekialdean, baia, baina euskara batua baino lehen pluralean ohikoak izan dira “-ezazki-” eta “-iza(i)zki-” erakoak, eta estandarizazioak egin duen gauza bakarra da singularreko “-ie-” pluralekoetan mantentzea (ez dakit “asmatuta” edo lehenago inork erabilitakoa hartuta)

  • Manex,
    diezazkion bera ere ekialdean dietzon da eta mendebaldean deiozan. Biak praktikable eta benetan erabiliak.
    Gero ditugu diezazkizuekegu, zeniezakigukete, eta abar eta abar.

    Adeitsuki

  • Ez harritu, Amuta. Giputzari gipuztasuna antzeman egiten zaio, ez dakit zehazki zer den; bidenabar nire neska-laguna giputza da, aurpegikera, garai bateko adabakiz jositako Janzkera, Porrotxena, nafarrok ere ziurrenik antzemanerrazak gara, burua zuek baino handiagoa baitugu. Bada kontu bat, baina, ulertzen ez dudana, eta oraindik ere , euskalkien kontua izanen da, argitu ez dudana. Badakit Tolosaldea non dagoen, Tafallaldea, Estellerria, Iruñerria eta Donostialdea, baina mapetan begiratu eta Zona ez dut aurkitu, non ote dago? Ez dakit eskualde hori, hala esaten dugu batulistanen, non dagoen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude