Euskara lehentasunez erabiltzearen aldeko ekintzen epaiketa
Euskara lehentasunez erabiltzearen aldeko ekintzen epaiketa
UNESCOren izenean burutu ditugun ondoko bi ekintzetan esku hartzeagatik, heldu den martxoaren 26an, asteartez, 13:45etan, Baionako epaitegian Gorka Roca Torre epaituko dute (loturik doa konbokazioa):
2023ko irailaren 21 eta 27an, kanpoko hormetan egindako tindaketen bidez, Garaziko Osasun Erakunde Publikoko eta Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroaren menpe den Haurraren eta Nerabearen Garaziko Zentro Mediko Psikologikoko seinaletiketan lehentasuna euskarari eman genien (ikus loturik doan libreki erabil daitekeen argazkia).
Horra ekintza hauek zergatik burutu ginituen:
Euskara desagertzeko bidean da
Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, adibidez bide seinaleetan eta Osasun Erakunde Publiko hauetan. Ondorioz, zortzi herritarretatik bakarrik batek euskaraz hitz egiten du, eta Ipar Euskal Herrian euskararen karrikako erabilpena apaltzen ari da. Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, zeren hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat nun herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar du.
Euskara, gainerateko hizkuntza guziekin, munduko ondare kulturala da. Euskara, frantsesa, gaztelera eta munduko gainerateko hizkuntza guziak maite ditugu.
UNESCOk, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, munduko ondare kulturala babestea funtsezkoa dela dio, eta gaur egun aniztasun kulturala erasotua dela dio.
Frantziar eta espainiar estatuen agintariek, UNESCOren helburuen aurka egiten dute: euskara erasotzen dute eta hiltzen ari dira.
Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, hau da, gure eguneroko aktibitate guziak euskaraz egiteko posibilitatea ukan nahi dugu. Horretarako, mundu osoari “Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !” aldarrikapena gauzatzeko laguntza eskatzen diogu, eta Euskal Herriko eragile guziei, lehentasunez euskaraz aritzea eskatzen diegu.
Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !
Ekintza hauek, duela bi urte abiatu ginuen “Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !” kanpainaren baitakoak dira (ikus: sites.google.com/herribiltza/euskararen-aldeko-herribiltzaren-ekintzen-kronologia).
Euskaltzale guziak martxoaren 26an, 13:30etan, Baionako epaitegi aitzinean euskararen alde elgarretaratzera gomitatzen ditugu.
UNESCOren militanteak