Euskara lehentasunez erabiltzearen aldeko bi ekintza berri
Euskara lehentasunez erabiltzearen aldeko bi ekintza berri –
2024ko urtarrilaren 31an eta martxoaren 12an, kanpoko hormetan egindako tindaketen bidez, Donibane Lohizuneko eta Baionako ospitaleetako seinaletiketan lehentasuna euskarari eman genion.
Horra ekintza hauek zergatik burutu ginituen:
Euskara desagertzeko bidean da
Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, adibidez ospitale hauetan. Ondorioz, zortzi herritarretatik bakarrik batek euskaraz hitz egiten du. Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, zeren hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat nun herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar du.
Euskara, gainerateko hizkuntza guziekin, munduko ondare kulturala da, baina Frantziar eta espainiar estatuen agintariek, euskara erasotzen dute eta hiltzen ari dira.
Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, hau da, gure eguneroko aktibitate guziak euskaraz egiteko posibilitatea ukan nahi dugu. Horretarako, Euskal Herriko eragile guziei, lehentasunez euskaraz aritzea eskatzen diegu.
Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !
Ekintza hauek, duela bi urte abiatu ginuen “Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !” kanpainaren baitakoak dira (ikus: https://sites.google.com/view/herribiltza-web-orria/hasiera/euskara-batzordea/euskararen-aldeko-herribiltzaren-ekintzen-kronologia).
Bi ekintza berri hauen antzeko bi ekintzetan esku hartzeagatik, heldu den martxoaren 26an, asteartez, 13:45etan, Baionako epaitegian Gorka Roca Torre epaituko dute.
Euskaltzale guziak martxoaren 26an, 13:30etan, Baionako epaitegi aitzinean euskararen alde elgarretaratzera gomitatzen ditugu.