Euskara «larrialdi linguistikoan» dagoela adierazi du ELEN hizkuntza gutxituen sareak

Euskara «larrialdi linguistikoan» ELEN hizkuntza gutxituen sareak –

Nerea Goti naiz-en


«Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi lingustikoan» dagoela adierazi du larunbat honetan ELEN Europako hizkuntza gutxituen aldeko eragileen sarearen ebazpen batek. Hizkuntz politikan jauzi bat egin ezean, bizigarritasun soziala galtzen hasteko bidean dagoela nabarmendu du.

Euskara «larrialdi linguistikoan» dagoela adierazi du ELEN hizkuntza gutxituen sareakELEN Europako Hizkuntza gutxituen aldeko eragileen sareak «euskarak eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan» dagoela adierazi du gaur goizean, Bilbon egiten ari den urteko batzarrean. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, ELin H-G. Jones ELENeko presidenteak eta Davyth Hicks sareko idazkari nagusiak eman dute ebazpenaren berri.

Larrialdi egoera horretara eraman duten hainbat faktore aipatzen ditu adierazpenak, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan hamarkadetan izan den susperraldian antzemandako moteltze zantzuetatik ikusita.

Zenbaki absolutuetan hiztun kopurua handitzen doan arren, «aurrerapen horren ahultasuna agerian uzten duten gertakariak» daudela aipatu dute, eta iaz plazaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoan jasotako batzuk ekarri dituzte gogora: «Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa apalduz doa oraindik, Nafarroan hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesu guztian, Euskal Autonomi Erkidegoko gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago direla».

Datu bat nabarmendu du sareak: hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak». Ahultasun horrek euskararen eta euskal hiztun komunitatearen estatusarekin duen loturan jartzen du fokua, euskararen ofizialtasuna ukatuta baitago euskararen lurraldeko eremu zabal batean, «Ipar Euskal Herri osoan eta Nafarroako zati handienean».

Euskara hizkuntza ofizialetako bat den eremuan, halaber, «euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren» ebazpen judizialak aipatzen ditu ELENek. «Oldarraldi horrek badu dimentsio politiko eta mediatikoa ere, eta, tamalez, euskara eta euskal hiztun komunitatea minorizaziotik ateratzeko neurriak diskriminazioarekin lotzen dituzten diskurtsoak ugaritu egin dira, adostasun sozial zabala urratuz», adierazi dute sareko ordezkariek.

Euskararen normalizazioak, gainera, beste erronka bat du aurrean, globalizazioarekin lotuta. Azaldu dutenez, «mugikortasunak eta errealitate sozio-demografikoaren bilakaerak erronka berriak ezarri dizkio biziberritze prozesuari». Horren ondoan, bizitzaren digitalizazioa eta merkantilizazioak marrazten duten agertoki berrian jarri dute begirada: «globalizazioren eta bizitzaren digitalizazioaren eraginez hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta hizkuntza minorizatuak are eta zaurgarriago».

Eta orain zer?

Egunotan Bilbon egiten ari den ELENeko urteko batzarra eztabaidarako eta hausnarketarako espazioa izaten ari da hizkuntz gutxituak ardatz hartuta hainbat esperientzia eta ikuspuntu aztertzeko. Larrialdi linguistikoari buruzko ebazpen hau urrats sendo berrien abiapuntua izatea nahi dute, eta «ez arrangurarako deia».

Auzia agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea da  helburua, eta deia «instituzio, agintari, eta, oro har, eragile politiko eta sozialei» helarazi diete. Herritarrei, berriz, «euskararen normalizazio eta biziberritzea lehentasunezko ekinbidetzat hartzea» eskatu diete, «egun zeharkatzen gaituzten osterantzeko larrialdi sozial eta politikoak bezala» euskararen egoera ere «konpromiso zibikoen» artean egon dadin.

Adierazpen honek ekarriko dituen urrats berriez galdetuta, Eskisabelek aipatu du ELENek bere lanarekin jarraituko duela, hizkuntza komunitate ezberdinekin eta arlo ezberdinetan hainbat lanketa eginez, eta zehaztu du ekinbide juridiko bat dagoela abian bai Estatu espainolean zein kanpoan gertatzen ari diren oldarraldi juridikoei aurre egiteko.

Gogoetak partekatzea eta ekinbide berriak diseinatzea izango da hurrengo urratsetako bat. «Euskal Herriari eta euskalgintzari dagokionez», azpimarratu du adierazpen honen helburua ez dela «inola eer arrangura horretan geratzea, ezta atzera begira jartzea ezta ardurak ez erruak» bilatzea. «Uste dugu halako prozesuetan atzera eta aurrera eramaten duten faktoreak konplexuak, askotarikoak eta, gainera,  aldakorrak direla eta gaur dugun egoera honetatik abiatu eta aurrera begirako lanketak nola egin izango da proposamena», gaineratu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Euskalgintzako eragileen artean gogoeta sakon bat egitea izango da lehen ariketa, eta gaiari «benetan lehen mailako jauzi politiko moduan heldu behar diogu, hau da, guztion arduretan kokatzea da lehendabiziko urratsa», azpimarratu du Eskisabelek.

Euskara «larrialdi linguistikoan» dagoela adierazi du ELEN hizkuntza gutxituen sareak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude