Euskara, itxuraz mendre, barnetik gotor. Bitoriano Gandiaga

Euskara, itxuraz mendre, barnetik gotor. Bitoriano Gandiaga – 

Hizkuntzak eta hizkuntzak daude. Denak komunikazio-baliabide, nola ez, hizkuntzak diren aldetik. Halere, hizkuntzak eta hizkuntzak daude. Batzuk komunikazio tresna huts baino ez. Bestetzuk, aldiz, hori baino gehiago, askoz gehiago. Ez berez hizkuntza batzuk bestetzuk baino duniagotzat jo behar ditugulako. Besterik da kontua. Norberarekin hizkuntzaren batek duten loturak markatu du hizkuntza dena delako horren zer-nolakoa. Batzuk tresna, baliabide baino ez ditugu izango. Bestetzuk, are batzuetan ama-hizkuntza izan gabe ere, gertu-gertuko izan ditzakegu eta gure eguneroko harreman sozial zenbaiten komunikazio bitartekari ezinbesteko. Baina, oroz gain, ama-hizkuntza dugu, edota baten batzuetan jatorriz hala izan gabe ere, oso geurea den hizkuntza dugu, gu geu garen hori, geure burua bera, izanarazten duena. Azken hauei, hizkuntzak bainoago, mintzairak deitzea gustatu zait niri beti.

Euskararen aldeko borrokan, apaitu balioespen bereizte hau hartu beharko da oso aintzat. Hala beharko luke, euskara onik aterako bada. Bere minorizatu egoerak horri erreparatzera eraman beharko gintuzke. “Eta euskarak zertarako balio du” entzun eta entzun ari gara une oro, eskuarki erdaldunen ahotik, ezin uka. Tamalez, halaxe ari gara. “Zertarako balio du euskarak?, erdaraz denok baldin badakigu”, edota, baita, finean elabakarrak izateari nezkez utziko dioten erdaldun ernegante horien ahotik, “ikastekotan, hobe ingelesa askoz praktikoagoa da-eta” eta antzekoak. Bada, praktikotasun huts eta itsuz, euskarak ez du ezertarako balio mundu maialako hizkuntza handien aldean. Baina ez gaitezen engaina, praktikotasun utilitarista huts eta hotzez, hemendik gutxira agian ezta gaztelaniak ere inglesaren aldean.

Gurea baina besterik da. Monetarizatu daitekeen parktikotasun hotz eta arima gabeko horretaz harago doa euskararena. Halaxe ikusi beharko genuke. Bestela, berandu baino lehen, euskararenak egingo du. Bada, Gandiagaren pentsamenduan topatu uste ditut esandako honen testigantzak. Segidako lerro hauetan testigantza horien berri azkar eman nahiko nuke.

Euskara eta Euskal Herriaren artean lotura estu-estua zegoela zioskun Gandaigak. Beraren ikusian, euskara komunikazio tresna huts ez eta euskal nortasun eta arimaren isla eta hezurmamitzea da. Euskaran errotua dago Herria. Hori adierazte aldera, izadiaren irudiak, zuhaitzenak, arkaitzenak…erabili ohi ditu oso maiz bere olerkietan, eta, horretara, euskara eta euskal jendearen arteko lotura eman nahi izan du aditzera:

Banintzan elorri-jaio-barri bat lez. Geroak iratzarri ninduan txikitako arantzen lotatik. Arri ta lur latzeko joran zaar baten seme…”. (Elorri, 124. zenbakia)

Lur zakar eta arritsuan ernatutako elorriaren irudian ikusten du Gandiagak euskara, euskal lurra eta Euskal Herriaren arteko lotura eta konexioa.

Euskarak euskal kulturara garamatza: Bere ustetan, euskara, euskal kutura islatu ez ezik, bera berorren sortzailea ere bada, eta belaunalditik belaunaldira kultura euskarak transmititu du. Euskararen baitan gure herriaren aspaldi zaharreko jakinduria ikusten du Gandiagak, berorretan gure arbasoen historia, euskal baloreak, oroimen kolektiboa, gure amonen sehaska kantak…Ahozko tradizioa oso aintzat hartu zuen Gandiagak:

“Amonek, zekitenaz, ezagutzen zutenaz, pentsatzen zutenaz baliatu ziren beren kantuak sortzeko eta ontzeko. Ezagutzen zuten sehaska, ezagutzen zuten sehaska-ren hotsa, ezagutzen zuten sehaskan zetzan haurra eta, sukaldeko argitzalean, erdi-ilunean, altzarien ingurua ezbaikoa zen hartan, erraz pasatzen ziren zurezko sehas-karen hotsetik kunkunera, kunkunetik kuttunera, lurru-nera urrunera, begitazio, aierupen, oroitzapen, irudipen, fantasia eta pentsamendu edotariko berealdikotara”. (SARRIUGARTE, Iñaki, Hitz lauz idazten, 46. or)

Euskara erresistentzia iturria ere bada, Gandiagaren ikusian. Euskarak historikoki pairaturiko jazarpen egoera aintzat harturik, erresistenzia baliabidea ere bada. Hitz lauz idazten idatzian argi aiderazten du ideia hori: euskara bizirik atxikitzea, asfixia egoera batean arnastea bezalakoa da. Euskarari eustea gure nortasunaren lekukotza ematea da, beste kulturen aldetiko jazarpenaren aurrean:

Euskara bera salbatzearren ere idazten genuen guk, euskara salbatuz, euskara baino zerbait gehiago ere salbatuko genuelako ustetan. Euskara setiatua, erasoa, beldurtua eta lotsagarri jarria genuen geure begien aurrean. Gainera, guztian mendean harturik ginduzkaten, kateetan eta zigorpean, ezertariko ez ezertarako askatasunik gabe. Baina ez gintuzten zeharo arnas-hustu eta guk ahal genuen neurrian arnasari eutsi nahi izan genion, gutxi eta eskasik bazen ere, euskaldungoaren birika izateari ekinez”. (SARRIUGARTE, Iñaki, Hitz lauz idazten,  143. or)

Euskal paisaiaren indarra eta erresistentziarekin lotzen du euskara Gandiagak, sufrimendu asko jasan duen paisaiarekin, eta, halarik ere, ederrra izateari inoiz utzi ez dionarekin:

“Baso galduen erdian,
kare-arrizko mendiak
gorri, aizto ta mutur, iparrak
melar zorroztu sarriak.
Lur aitu baten azurki
penagarri ta larriak…
Labandutako gantzu ondarrez,
azpitik, zerbait bustiak.
Zeatu zitun aldiak,
lasatzen ditu euriak.
Noizbait, asperen gisan, egozten
ditue elorri urriak.
Miñaren erreinu eder,
maite deutsudaz zauriak:
Iretargiak maite ditun lez
abar urratu ta autsiak”
(GANDIAGA, Bitoriano, Elorri. 14. zenbakia)

Euskaraz gero eta gehiago jardutearen alde egiten du Gandiagak, egunerokotasunean, eguneroko egitekoetan, egunetik egunera gero eta egoera eta egiteko gehiagotan, arian-arian geure buruari aurrez mugarik jarri gabe. Horren harian, maisulanak idazteko euskaraz aritu ziren idazleak miretsi zituen Gandiagak. Egunerokotasunean aritzeaz gain, giza pentsamendua ere, berau bere sakonean, jorratzeko ere erabili behar da euskara, ausardiz eta lotsarik gabe. Axularren Geroari dagokionez, esaterako, jarraiko hau esan zigun Gandiagak:

Euskerak inoiz bete banau, euskerak inoiz harrotu banau, liburu hau irakurtzean izan da. Hemen bai ez dala euskera huts hori urria, urrea baino. Liburu hortan barna, euskera hizkuntza zabal bat dala, iruditzen zaio bati. Goi ta behe, nahi ta gai guztietarako gauza dan hiz-kuntza bat”. (SARRIUGARTE, Iñaki, Hitz lauz idazten, 40. or.)

Kontuak horrela, euskararen erabilpenari dagokionean, lotsa, ausardia eta anbizio falta kritikikatu zituen Gandiagak. Horren harira, sormenera beren burua ematera deitzen ditu euskaldunak, kreatiboak izatera, hizkuntzarekin jolastera, eta, oro har, euskarak bere baitan duen potentzial espresibo guztia baliatzera:

“Hitzenganako eta ohiko haien joskerarekiko beldurretan hazi eta heziak garela eta hartan etsiak…  betelutik oparo aritzeari baino antzuolan agor izateari, legorretan bizirik ihartzeari amore emateraino, ia ezinbesteko beldurrez”. (SARRIUGARTE, Iñaki, Hitz lauz idazten, 47. or.)

Lerro hauei buru emate aldera, jada gorago aski esandakoa baino ez azpamirratzea. Euskal Herriaren esentzia-zerizanarekin lotzen du euskara hertsiki Gandiagak. Hizkuntzan kulturaren sustraiak hautematen ditu. Herriaren erresistentzia iturri ere dugu euskara bere ikusian, bai eta etorkizunerako gakoak luzatuko dizkigun baliabidea ere. Baina hau guztiau defendatu eta adierazi ez ezik, bere obraren mamia ere dugu, berorretan baitago ezin hobeki adierazia. Ekintzarako dei bizia dugu bere obra guztia, euskara besarkatzeko aldarria, euskara erabili, landu eta aberasteko deia, bai eta sormenerako eta eraldaketa sozialerako deia ere.

Igor Goitia

Euskara, itxuraz mendre, barnetik gotor. Bitoriano Gandiaga

Euskara, itxuraz mendre, barnetik gotor. Bitoriano Gandiaga

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

2 pentsamendu “Euskara, itxuraz mendre, barnetik gotor. Bitoriano Gandiaga”-ri buruz

  • Mikel Haranburu Atzo

    Txalo beroa artikuluari; iruditzen zait oinarrizko ideiak jarri dituela argitan.
    Soilik lehenengo paragrafoari erreparatuta, bi iruzkin: bata, elebitasunari (edo eleaniztasunari) dagokiona. Hizkuntza bakoitza zer desberdin bat baita norberarentzat; ez baita, dakigunez (!), elebitasun orekaturik irauten duenik. Beti, arrazoi batengatik ala besterengati, alde batera ala bestera makurtzen da balantza, denboran aitzina, harremanak, bizitzaren gorabeherak… Elebitasuna sarritan hartu da helburu gisa, edo eta egoera ideal gisa, baina ezin da luzaro mantendu. Gizabanako batengan eman baledi ere, transmisioa hasten den unean alde batera zein bestera jo lezake (joko luke) egoera horrek.
    Bestea, eskubideei dagokiena. Hizkuntza eskubideak izan badira, baina argi adierazita dago hizkuntza askoz gehiago dela. Neronek sarritan aipatu izan dut euskaldunok Gaztelaniaz egiteko zein Frantsesez, Katalanez egiteko eskubidea badugula, non eta norekin garen ere. Euskaldunontzat hizkuntza eskubidea baino gehiago izan beharra dela. Eskubide gauza eskasa da; eskubidea besterik aldarrikatzen ez badugu, erantzuna izanen dugu berdin dugula eskubidea Gaztelaniaz egiteko, eta gurea sobera dela eta oztopoa… Katalan batek, andaluz batek lanpostua eskura lezake Tolosan Euskaraz jakinki. Baina ez dio batek horregatik andaluz edo katalan izateari utziko.
    Bi aspektu hauetan (gutxienez) formulazioak eta diskurtsoak aldatu beharko genituzkeela uste dut.

  • Igor Goitia Mora Atzo

    Mila-mila esker zure iruzkinagatik, Mikel.
    Elebitasunaren ezina bistan da. Ezin da ukatu.
    Dena den, hor bi maila, edo bi frente, bereiziko nituzke nik. Bateko, norbanako mailan ematen den hori. Hor euskaldunok, are euskaldun huts edo peto-peto izanik ere, erdara ere izan dezakegu oso sarturik geure bihotzean. Nolako harreman izango du bada ama erdalduna duen batek, edota lagun min-min bat erdaraz egin duenean baten batek. Hor tuxri beltzera egindako errealitateek huts egiten digute. Errealitatea bere gordinean…
    Baina, besteko, makro mailan, edo maila soziologikoan egin beharreko hausnarketak daude, eta hor bat-bat nator zurekin. Eskiubide hutsean gelditurik euskaldunona, akabo. Gure eskubidea bermatua izan dadin erdaldunen bete beharra dugu ezinbesteko. Eta gure eskubidearen ifrentzua den obligazioa (gutxienez jakiteko obligazioa) bete ezean…betiko leloa…beraiek normalak eta gu, aldiz, ernegatu batzuk…eta hori onartezina da

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude