Euskara ikasten
Euskara ikasten –
Euskaraldian bete-betean sartuta gauden honetan, euskara ikasten hasi diren bi pertsona ditut inguruan. Biak guztiz desberdinak, biak gure hizkuntzan aritzeko hautua egin dutenak.
Bata pisukidea, Mallorcakoa. Zortzi urte daramatza Euskal Herrian eta euskaraz taberna batean zerbait eskatu baina gehiago egin nahi du, garaia iritsi dela eta aitzakiak agortu dituela dio. Gainera, berari ere eragiten dion jaioterriko hizkuntza txikituekiko sentsibilizazio handia du. Eta beraz, euskara ikasten hasi da.
Doktoretza bekak dituen lau urteak agortuta ostalaritzan ibili da “gehiegi” luzatu zaion ikerketa bat aurrera atera nahian. Irailean langabetuentzako dohainik eskaintzen diren euskara kurtsoetako batean matrikulatu eta goizero-goizero lau orduz joaten da euskaltegira. Guztia arrotzegia egiten zaiola esaten digu eta gauzei zergatia bilatzen dioenean zoratu egiten dela. Euskaraz oraindik ez da trebatzen baina behintzat euskaltegian ligea aurkitu du. Duela pare bat egun, lana aurkitu du eta kezkatua dago, ez dakielako oraindik nola uztartu ahal izango duen euskaltegiarekin.
Bestea, lankidea. Salamancako gurasoak dituen hernaniarra. Izatez bizia, azkarra, berritsua. Euskara nahiko ulertzen badu ere, hura hitz egiten hasi eta bizitasuna galtzen duena. Noizbait bere euskaragatik lotsa sentitu duen hainbat eta hainbatetakoa. Alabek erderaz egiten diotelako haserretzen hasi da eta horrela jarraitzen badu senarrak dibortzioa eskatuko diola esan izan dit barre artean. Aurreko urtean belarriprest izan zen eta aurten euskaltegiko irakasleak ahobizi txapa eman diolako emozionatu egin da. Lanaren arabera astearte eta ostegun arratsaldetan joaten da euskaltegira. Lana, amatasuna eta euskaltegia uztartu behar ditu, ahaleginak merezi duela esaten badu ere.
Euskara ikasteak eskatzen dien esfortzu, denbora eta baliabideen gainetik ikasteko duten gogoa eta nahia asko miresten dut. Tamalez, ez da hori beti horrela gertatzen, eta gustuko litzaioken jende askok ezin du euskaltegira joan. Behintzat, nik zera eskatzen dut: ez dadila aspektu ekonomikoa traba izan.
“…gogoa eta nahia asko miresten dut”, “…ez dadila aspektu ekonomikoa traba izan”… ohiko esaldiak. Esaldi guzti hauekin ez al dugu aditzera ematen euskara geure barne-barnean, aukerakoa eta bigarren mailakoa jotzen ditugula. Orain idatzi artikulu bera baina euskara ordez jarri española. Uste al duzue españolek horrela pentsatzen zutela? Aspektu ekonomikoa… ze aspektu ekonomikoa? Nola ikasi dugu española euskaldunok? Ez españoltegirik eta ez dirurik, egur garbiarekin baizik. Ni ez naiz poztuko inork euskara ikasi duelako, bere betebeharra zen.