Euskara eta talentua

Euskara eta talentua –

Paulo Alberdi, URIOLAn.


Euskara eta talentua

Kutxabankeko presidenteak inguruetako hauts guztiak harrotu zituen martxoan: Bilbon eskainitako hitzaldi batean esan zuen euskara oztopoa dela atzerriko talentua erakartzeko eta, horren ildotik, alternatibak eskatu zituen euskara ardatz duen hezkuntza-eredurako. Tamainako gogoeta entzunda, ez da harritzekoa Euskal Herri osoko euskaltzaleak berotu izana.

Artean amorru bizian, egun gutxiren buruan jakin genuen Kutxabankek 536 milioi euro irabazi zituela iaz. Negozioaren egoera sendoa ikusita, bestalde, bankuko arduradunek adierazi zuten datozen hiru urteetan 100.000 bezero gehiago lortu eta 450 langile kontratatzeko asmoa dutela.

Euskarak eta talentuak lan-deialdi horretan izango duten lekuari buruz ez dakigu ezer, baina ez dago baikorrak izateko tarte handirik. Askok oraindik gogoan dugu Mikel Cabiecesen fitxaketa galaktikoa (5.783€ hilean). Auzi hartako epaiketan, Kutxabankeko orduko presidenteak aitortu zuen telefono-dei batzuk jaso ostean kontratatu zuela Portugaleteko alkate ohia: urte erdiko espetxe-zigorra jaso zuen lehenak eta urtebetekoa bigarrenak.

Ez euskara eta ez talentua, Mikel Cabiecesek ez zuen ez bata ez bestea; kontaktu onak zituen. Horri buruz Kutxabankeko presidenteari ez diogu txintik aditu. Datozen urteotako hautaketa-prozesuan bankuan jarraituko duten hizkuntza-politikari buruz ere ez. Arazoa beste bat omen da: atzerriko langileak hona datozenean, euren umeek euskaraz ikasiko dutela eskolan. Marka da gero!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude