Euskara eta euskal memegintza (Instagramean)
Euskara eta euskal memegintza (Instagramean) –
Gure egunerokotasunetik ateratzen den umorea bilatzen dute egun sare sozialetan ibiltzen diren kontu asko eta askok, eta aste honetan, kontu horietako batek (@xalbator) euskal memeen txapelketa bat abiarazi du: igortzen zaizkien meme onenak haien kontuan argitaratuko dituzte. Aktualitatea hizpide izanik, ironia erabiliz irudi eta esaldi burutsuak elkartzen dituztenak dira memeak, eta Twitterreko sare sozialean denak haserre dauden bitartean, guztiak alai eta zoriontsu dauden sare sozialeko memeak ekarri eta komentatu nahi ditut, Instagramekoak, alegia, hauetan euskararen erabilerari buruz hitz egiteko, gure hizkuntzaren eta umorearen arteko auzi korapilatsuari beste korapilo bat gehitzeko asmoz.
2015etik jada Bagera elkarteak ez izan memelo, eta izan memelari lelopean euskal memeak sustatzeko helburuarekin sortutako ekimenen ondorengoak kontsidera ditzakegu hauek, jada ez Twitterren baizik eta publiko gazteago batek kontsumitzen duen Instagram sare sozialean. Izan ere, teknologiak garrantzi handia hartu duen honetan, umorea molde berrietara egokitu da eta guk ere kontsumitzeko modua aldatu egin dugu, txisteak jada ez dira kontatzen, konpartitu edo erakutsi egiten dira. Eta azken urtean irudi zein bideoak txertatzeko plataforma digital honetan euskal memeen kontuek nabarmen gora egin dute. Hau horrela izaki, meme batzuen alderdi linguistikoari buruz hitz egin nahi dut, euskarak hartzen dituen espazioei buruz, hain zuzen.
Interneten bilaketa pare bat eginez gero, mota guztietako euskal meme kontuak topatu daitezke: kutsu kritiko eta politikoa dutenak (@euskal_memegintza_berria, @sinchangang, @maritxu_nora_soas, @t.umorea), parrandarekin (@xolomoganstak), euskararekin (@euskaltzain, @bertsomemek) zerikusia dutenak, historikoak, eguneroko kontuak azaltzen dituenak (@kalekumetzen), eta baita toki bateko berezitasunak (nire auzoa kasu @antiguocity) umorez tratatzen dituztenak. Guztiek antzeko gaiak jorratzen ez badituzte ere, alderdi linguistikoa nahiko antzekoa dutela esan dezakegu, hau da, umorea egiteko hizkera berria sortu balute bezala, forma eta egitura berriekin, freskotasuna ematen diena, baina era berean, beste hizkuntzen presentzia nabarmena duena.
Izan ere, ez dituzte euskal hiztun puruen kritikak saihestu, erderak eta gehienbat ingelesak duen presentzia handiarekin loturiko kritikak jaso baitituzte, eta euskararen bigarren mailaratze hori leporatzen zaie, umore egiteko tresna baino, umorea bera balitz bezala erabilia. Ez dira gutxi kasuak non euskarazko hitza anekdota baino ez den, hitz batek (normalean esanahia aldatuta) testuinguru linguistiko erdaldun batean, bere kabuz grazia duenean, adibidez @xolomoganstak zabaldu duen txirula (highly txirula) hitzaren arrakastarekin, erdal munduan euskarazko hitz batzuek grazia harrigarria egiten dutenaren seinale.
Dena dela, badira euskara hutsean jarduten duten meme kontuak, ergatiboaren erabilerari buruz txisteak egiten dituztenak edota bigarren zentzua erabiliz eta abilidade askorekin, hitz jokoak egiten dituztenak. Horregatik, bakoitzaren testuinguru soziolinguistikoa kontutan hartu behar dugu, ez baita berdina udalerri erdaldun edo arnasgune batetik umorea egitea, eta memeak Internetera igorritako kaleko hizkeraren errealitatearen zantzu txikiak diren momentutik, hizkuntzaren berezitasun propioekin joan beharrekoak dira. Hertsiegiak eta zurrunegiak diren formetatik urrun umoreak hautsi ere egiten duelako.
Kasu honetan ez dut alde edo kontrako iritzi argirik (eztabaidarako espazio izatea nahi nuke), baina inolako ezbairik gabe, Interneten aurkitzen diren euskal memeen kopurua euskara bizirik dugun seinale positiboa dugu, kalean dagoelako, gure hizkuntza zaharrak bide berriak topatu ditzakelako.
Facebooken MEMETZAINDIA: https://www.facebook.com/groups/216589296235493/
Kalea?? Zer da hoi?