Euskara eta euskal kultura ardatz

Euskara eta euskal kultura ardatz –

Jexux Larrañaga Arriolak ARGIAn.


Euskara oinarri-oinarrian duen hezkuntza sistema eleanitza da gurea, baina eleaniztasuna ulertzeko moduak ez dira askotan bat etortzen. Izan ere, euskaran oinarritzen den eleaniztasuna ulertzeko eran, bada ideia xalo bat, hizkuntzen arteko harremanak era idealistan ikusteko joeratik elikatzen dena, diglosia egoera eta hizkuntza gutxituaren errealitate soziolinguistiko hauskorra saihestuz, eta hizkuntzen arteko botere harremanak ezabatuz, hizkuntzen elkarbizitzaren kontzeptu lausoagoan urtzen dena.

Euskara eta euskal kultura ardatz
Arg: Hermann (Pixabay)

Baina, euskaldunena bezalako hizkuntza komunitatearen kasuan, berebizikoa da hizkuntza gutxitua barne hartzen duen eta hizkuntza gutxituaren kontzientzia galdu ez duen hezkuntza komunitatearen hizkuntza jarrera iraunkorra eustea, gaur egun ere. Zeren euskara hizkuntza gutxitua dela aintzat hartu gabe, nekez egingo dugu aurrera hezkuntza bidezko euskalduntzea areagotzeko jauzian. Hargatik, hizkuntza gutxituaren erabilera sustatuko duen eleaniztasunaren ulerkera da guri interesantzen zaiguna, curriculumaren euskal dimentsioa indartuta, hizkuntza eta kulturaren auzia, hezkuntza sistemaren erdiguneko ezaugarri oinarrizkoena dela berretsita.

Egoera soziolinguistiko hauskorrean dagoen hizkuntzak berariazko trataera konpentsatzailea behar-beharrezkoa du. Baliabide gehiago eskainiz gutxiagotasun egoeran dagoena orekatzeko

Euskal dimentsio barnearen azken xedean, hizkuntza gutxitua erabili nahi eta erabiliko duten ikasle eleaniztunak sortzea dugu helburu. Baina berezko hizkuntzaren hiztunik gabeko eleaniztasunaren ulerkera, zalantzazkoa suertatzen zaigu behar besteko zehaztapenik eman ezean, zeren egoera soziolinguistiko hauskorrean dagoen hizkuntzak berariazko trataera konpentsatzailea behar-beharrezkoa du. Baliabide gehiago eskainiz gutxiagotasun egoeran dagoena orekatzeko.

Euskarak eta euskal kulturak curriculumaren euskal dimentsioa asebetetzeko saiakerak hizkuntzaren ekologiaren printzipiotik edaten du, hortan datza hizkuntzen arteko elkarbizitzaren bermea, eta horren arabera zentralitate osoa eman behar zaio hizkuntza gutxituari, errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuz eta neurri zehatzak adostuz, hots: norabidea ezarriko duen hizkuntza plangintza bat, esku hartzerako estrategia sendo bat, hizkuntza gutxituaren biziberritzerako prozesu iraunkorra bermatuko duen egitura, eta giza baliabideen nahikotasuna.

Curriculumaren euskal dimentsioak identitate atxikimendua indartzeko bidea egingo du ikasle hiztunak sortuz, hizkuntza gutxituaren jabetasunaardura eta kontzientzia izango dituenak; eta hori kulturaren zein hizkuntzaren atxikimendu nahikotasunetik erdietsi liteke bakarrik, hizkuntza gutxitua erabiliko duten hiztun berriak sortzeko bidean. Eta, era berean, euskaratik ez ezik, ezinbestekoa dugu euskal kulturatik hezi, euskara eta euskal kultura eskutik doazela ondo jabeturik, eskuz esku isurian daroagun erronka erraldoi horren luzerako bidean, jauzi urratzailea eragingo badugu.

Hezkuntzako lege berriak euskal kulturaren transmisioa bermatzeko baliabideak eman beharko lizkiguke

Euskal dimentsioaren garapenerako bidea bada, hezkuntza sistemak izango duen euskal kulturaren transmisio gaitasunean dago, hiztun berrien atxikimendu sendo/egonkorra birsortzeko ahaleginean, hizkuntzari darion kultur testuinguraketa osoa transmititzeko hezkuntza ahalmenean, eta euskalduntasun abegikor, sustraitu eta bizigarria suspertzeko atxikimenduzko jauzian, hots: euskal kulturaren transmisioa erdiguneratu eta indartuta.

Hezkuntzako lege berriak euskal kulturaren transmisioa bermatzeko baliabideak eman beharko lizkiguke, alajaina, beharrezko adostasunak lortuta, aukera errealak bezain bideragarriak eskainita hezkuntza bidezko euskalduntzea areagotzeko arduran, euskal kulturaren transmisioa hezkuntzaren arduratik garatu ahal izateko. Euskal kultura ardatz izango duen curriculuma sakontasunez garatu eta euskal kulturgintzaren transmisiorako plan integral osatua hezkuntza sare osora zabaltzeko.

Euskara eta euskal kultura ardatz Euskara eta euskal kultura ardatz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.