Euskara burbuila?
Euskara burbuila? –
Erika Lagomak Gaur8 hedabidean.
Euskaraz ulertu, hitz egin, irakurri edota idazteko ahalmena duten biztanleen kopurua asko hazi da azken lau hamarkadetan. Aldiz, EAEn lehen hizkuntza euskara dutenen kopurua ez da apenas igo. Hazkunde ia osoa lehen hizkuntza izan ez duten euskaldunen ekarpenari zor zaio. Hamarkada hauetan euskalduntzeko gune nagusia bat izan da: eskola. Berau lehen mailako sozializazio eragilea da familia eta haren ingurunearen ondoren.
Txepetxek, hizkuntza gutxituen berreskurapen prozesuari buruzko teorian, hizkuntzaren jabekuntzan bi bide aipatzen ditu: naturala (erabileratik sakontzeko motibaziora) eta kulturala (motibaziotik erabilerara). Euskara bigarren hizkuntza gisa eskolan ikasi dutenek, aldiz, beste abiapuntu bat dute; hasierako motibazioa ez da norberarena, gurasoena, sistemarena, soziala baizik. Euskara erabileratik ikasiko dute, baina erabilera murriztua izango da, gehienbat eskolara mugatutakoa, akademikoa. Hori da ikasle askoren errealitatea. Baita irakasle askorena ere. Iratxe Retolazaren hitzak dira honako hauek: «Euskal kulturaren transmisioaren etena hain sakona izan da, ezen hezkuntzan ere transmisio lan hori egingo duenak ez baitu horretarako gaitasunik».
Iñaki Iurrebasori irakurri diot geldotzearen aroa izan dela 2001etik 2021erakoa. Sei ardatz nagusi aurkezten ditu hizkuntzen osasun egoera aztertzeko. Nik hizkuntza atxikimenduari, gaitasunari eta erabilerari erreparatu nahi diet. Irakasle jardun dut azken 10 urteotan Batxilergoan eta DBHn, eta bilakaera argia da: hizkuntza atxikimendua apaltzen joan da, Retolazak aipatzen duen euskal kulturaren eten hori nabarmena, eta ikasleek gero eta okerrago irakurtzen, idazten eta hitz egiten dute. Arrazoiak hamaika izango dira, eta hausnarketa sakona beharko dutenak. Durangaldeko nire egunerokoaren lagin orokortua da hau. Galeraren aroan ez ote garen sartzen ari.
Ez dugu hizkuntza atxikimendua indartzen asmatu. Euskara zaindu behar dugun altxorra delakoarenak ez du funtzionatzen. Ez dute mamurik ikusten. Korrikan parte hartu dutela espainolez konta diezaiekete ikaskideei.
Euskal kultura tradizioa da haientzat. Egun euskaraz sortzen dena gutxi ezagutzen dute eta, oro har, ez zaie erakargarri egiten. Apenas lantzen da hizkuntzaren dimentsio sortzailea gela barruan. Haien gazte identitatearekin komunean ezer gutxi duten kultur erreferentzien hartzaile huts bihurtzen ditugu gehiegitan. Miren Artetxek Iparraldeko bertso eskolen esperientzian oinarritutako bere tesian ondorioztatu duenez, «gazte identitatea euskaraz garatu ahal izateak ahalbidetzen die gazte izatea euskaraz». Aho-korapilo arrunt argigarria.
Gaitasuna nabarmenki kaltetu da, ahozkoa zein idatzizkoa. Lexiko murritza dute, ez da bakarrik gramatika eta sintaxia guztiz ez menperatzea. Azken ikerketek erakusten dutenez, euskararen erabilera oraindik ere oso lotuta dago hiru faktore hauekin: etxeko hizkuntza euskara izatea, euskaraz ongi moldatzea eta euskaraz hitz egiteko aukera izatea. Olatu bat bezala sartu da gaztelania gelan. Kanpo espaziotik karrajuetara egin du salto, eta karrajuetatik gelara.
Hizkuntzaren dimentsio sozial eta kulturala ahantzi dugu irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan, burbuila batean sartu dugu, eta ezinbestekoa da horietan kulturaren ardatza txertatzea. Hizkuntza kulturaren baitako elementua da, garrantzi handikoa, baina ez isolatua eta hori argi izan behar dugu burbuila lehertuko ez bada.
Euskara burbuila?
«Euskal kulturaren transmisioaren etena hain sakona izan da, ezen hezkuntzan ere transmisio lan hori egingo duenak ez baitu horretarako gaitasunik».
“Ez dugu hizkuntza atxikimendua indartzen asmatu”
“Hizkuntza kulturaren baitako elementua da, garrantzi handikoa, baina ez isolatua…”
Diagnostiko seio batean, hiru aipamen hauek garrantzia dute. dago.
Diagnostiko serio batean, hiru aipamen hauek garrantzia dute. Barkatu.
Sarritan gai hauetan sartzen baitut muturra, esan nahi dut artikuluan ageri direnak askotan jorratu izan ditugula, era batera eta bestera moldeztuak. Motibazioa ez norberarena, hizkuntzen ikaskuntzaren inguruko hiru faktoreak… Txepetxen aipamenak edo Txepetxek azaldutakoan aipamenak. Bada bat, ordea, gutxitan adierazten dena, baina hori ere garrantzi handikoa; eta berdin balio diguna hizkuntzarentzat eta honek eskutik daraman kulturarentzat. espazio sinbolikoa, muin sinbolikoa.
Hori bera dugu aspaldi elikatu gabea, hori dugu kolonizatua… eta ez soilik Gaztelaniak edo Frantsesak, Ingelesak baizik. Orohar, hizkuntzei ez diegu duten tamaina edo magnitudea ematen, gizakion sormenaren emaitza gorentzat, eta kontzeptua erabat murriztua daramagu egunez egun. Horretatik, hainbeste center eta hainbeste playof eta basque eta hainbeste ergelkeria. Ez diogu geureari duen balioa aitortzen, sozialki. Ez diogu garrantzirik ematen gizarteetan aitzindari direnei, politikari zein bestelakoei, berek ere hizkuntzari ematen dioten ala ez dioten neurria.
Ez diogu, Mendebaldean garen hizkuntza indoeuroparren aurreko hizkuntza berreskuratzeak planetako zibilizazioen bilakaeraren baitan, Europa modernoko txoko gutiziatu honetan izan lezakeen garrantzi historikoa antzematen…
“Euskaraz ulertu, hitz egin, irakurri edota idazteko ahalmena duten biztanleen kopurua asko hazi da azken lau hamarkadetan. Aldiz, EAEn lehen hizkuntza euskara dutenen kopurua ez da apenas igo.”
Horretarako kontuan izan behar dira honako faktoreak:
Inguru lingustikoa: Herriko giroa erdalduna edo euskalduna den. Herritarren arteko harremanak eta herriko ekimenek hizkuntza ohiturak bideratuko ditu.
Gurasoek duten euskara maila: Natiboak edo ondo ikasiak diren ala ez. Horrek trasmisioa etxean berma dezake.
Euskara kontsumitzeko aukera izatea: Kalitatezko telebista, internet, liburu edo bestelako edukiak izatea. Horrek hizkuntza-maila hobetuko luke.
Lana (normalean astero gure denboraren %23a ematen dugu lanean – 40 ordu astean -): Lan-hizkuntzak hizkuntza ikasteko eta menperatzeko motibazioa pizten du.
Eremu erdaldunean normalean hauxe da egoera:
Inguru erdalduna, familia erdalduna edo euskaldun hartzailea, erdarazko kontsumoa (askotan militantzia ezaren ondorioa) eta lan-hizkuntza erdalduna.
Horrela ezinezkoa da lehen hizkuntza euskara dutenen kopurua handitzea.