Euskara batua. Dena ona? Denona?
EUSKARA BATUA, DENA ONA ? DENONA ?
Pasa den astean euskalkiei buruzko, edo hobeto esanda, mendebaldeko euskalkiari buruzko hitzaldi batera bertaratu nintzen.
Hizlariak lagunarteko edo arlo pribatuko jardunetara mugatzen zuen bizkaieraren erabilera; bere ustez, gure euskalkiak ez ditu bizitza modernoko eskakizunak betetzen eta. Berbaldiaren osteko eztabaidan batzuok bizkaieraren arlo guztietarako egokitasuna defendatu genuen, euskara batua beharrezkotzat jo arren.
Mintzalariak orubetzat hartzen du euskara batua, denok ekarpenak egiten dizkiogun lursaila. Baina, nire ustez, euskara batua jada ez da orubea, eraikina baizik, eta eraikitzerakoan bizkaieraren adreiluak erabili bazituzten ere, bakan batzuk izan ziren.
Agian ausarkeria izango da euskaran aditua ez den batek gauza hauek idaztea, baina nire iritzi eta hautemateak adierazi nahi ditut, beste asmorik gabe.
XX. mendearen erdian Bizkaiko landa-eremuetako herrietatik euskaldun asko etorri ziren Bilbo ingurura industria lanpostu bila. Nik Algortaren kasua ezagutzen dut. Bertan galduta zegoen euskara. Hori zela eta, etorritako baserritarren betiko hizkuntzak haien artean berba egiteko besterik ez zuen balio eta bertakoekin hitz egitean, bai beren gaztelania kaskarra bai beren ahoskera, iseka egiteko arrazoia ziren askorentzat.
Baina gero fandangoaren buelta etorri zen. Euskararen aldeko mugimendu handia hasi zen. Algortarrek ikastolara bidali zituzten seme-alabak. Orain, aitita-amamak direnez, ikastolara edo eskolara biloben bila joaten direnean ez dira gauza haiekin euskaraz egiteko. Besteak (herri euskaldunetatik etorritakoak) bai, noski. Baina, zer pasatzen da? Beraien euskara eta beraien biloben euskara ez da berbera eta honelako gauzak entzun behar dute:
– Aitite, txarto esaten duzu, ez da “deutsut”, “dizut” da.
– Amama, “elurra” esan behar duzu, ez “edurra” (dirudienez “Edurne” guztiak “Elurne” izango dira).
Eskerrak oraindik aitita-amamak diren eta ez aitona-amonak edo….
Beraz, lehen gaztelera zeukaten kaskarra. Orain euskara ere bai? Ez da harritzekoa Bizkaiko betiko euskaldun askok “batua” maite ez izatea.
Erabiltzen diren euskara guztiek errespetua merezi dute. Eskualde bakoitzean “geurea” daukagu. Erronkariko euskalkia hil zitzaigun. Babes ditzagun, zain ditzagun eta landu ditzagun bizirik dirautenak.
Esandakoa esanda, nire ustez, aurrerago aipatu bezala, euskara baturatua beharrezkoa da eta hura gauzatzea ez zela erraza izan ziur nago. Akatsak ateratzea askoz errazagoa, noski. Sekulako lana egin zen, baina beti dago hobetzeko abagunea. Oraindik badaukagu “Batua” eraikina eraberritzeko aukera, bizkaieraren eta, nola ez, beste euskalkien adreiluak ere erabilita.
Beharbada “Geurea” eta “dena ona” ez da izango, baina GUREA eta DENONA bai.
EUSKARA BATUA, DENA ONA ? DENONA ?
Iñigo Bilbao jauna,
Haguitz interessant iruditu çait çure articulu hau.
Hitzaldi horretan neure emazte Maite eta bioc içan guinen, çure aurrean amiñi bat ezquerretara. Neu ere arguiro minçatu nincen Euskara Batua autoicendatzen den horreçaz.
Phocic emanen nuque neuc elkarte horretan hitzaldi bat euscal classicoen facsimil eta digitalizationeei buruz cein bait da viciqui interessatzen çaitan gaia.
Bessarcada handi handia Algortatic.
Ni ere aspaldi nator bat zurea lako kezkez. Baita ere Labayru Fundazioa edo Mendebalde Kultura Alkartea ere, eta nire ustez ere merezi alorra astentzen segitzea…, arrazoi duzulako (nire ustez).
Bittor
“– Aitite, txarto esaten duzu, ez da “deutsut”, “dizut” da.
– Amama, “elurra” esan behar duzu, ez “edurra””
Baina, haur horiek non ikasi dute hitz egiten, eskolan ala? Txikitatik aiton-amonen moduan hitz egiten ikasiz gero, eskolan hasitakoan konturatuko dira hizkuntzak erregistro eta dialekto desberdinak dituela, bat etxekoa eta beste bat eskolakoa, munduko hizkuntza gehienetan gertatzen den bezala, eta naturaltasun osoz ikasiko dute bien artean salto egiten. Arazoa, nonbait izatekotan, aiton-amon horien segurtasun faltan egongo litzateke, eta hor kokatuko nuke nik beste mezu batzuetan aipatu den alfabetatzearen beharra.