Euskara: aurrera ala atzera goaz? Kontu ikuspegi ezkorra zabaltzearekin!
Euskara: aurrera ala atzera goaz? Kontu ikuspegi ezkorra zabaltzearekin! –
‘Euskara: aurrera ala atzera goaz?’ da Argia aldizkariko Larrun azken gehigarriaren izenburua, Iñaki Iurrebaso soziolinguistari eginiko elkarrizketa honen 1.500 orrialdeko doktore tesiaren harira: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa.
Aspaldiko partez, nahikoa ikuspegi baikorra zabaltzen du Iñaki Iurrebasok azken 60 urteetan euskaldunok berrabiatua dugun hizkuntza ahalduntzearen inguruan. Askotan elkarrizketatzaileen harridurarako itxuraz. Horrela galdetzen zaio Iurrebasori (Larrun 6. or.): «[O]ndorioztatu duzu “euskararen ezagutzari begiratuta indartsu gaude, baina erabileran ahul” azken hamarkadetako uste orokortua okerra dela. Zergatik?» Aipatzen den ‘azken hamarkadetako uste orokortu oker’ hori da azken hamarkadotan ‘ezker abertzaleari’ lotutako ‘euskalgintzak’ interesatuki zabaldu duena, EAEn oso bereziki ‘beste abertzaleei’ aurpegiratzeko eta aurre egiteko.
Eta egia da asko falta zaigula oraindik iritsi nahi dugun hizkuntza ahalduntze osoa eskuratzeko, baina bidean goaz azken 60 urteotako ahalegin sinestezinari esker, munduan eredugarri. Ezagutzaren mirarizko zabaltzeaz gain, erabileraren areagotzea, eta batez ere, euskararen lehen hizkuntza transmisioaren eta familia hizkuntza erabileraren haziera azken 30-50 urteotan. Are dira positiboki interpretagarri, uste dut, bertan ematen diren datu ezkorrak ere. EAEn euskaraz espainolez bezain ondo edo hobeto mintzo garen euskaldunon kopurua %45 hazi dugu azken 30 urteetan –VII. Inkesta Soziolinguistikoaren laburpen datuetatik–, eta ez galdu, nahiz eskoletan euskaldundu euskaldun ‘berri’ kopuru guztiaren aldean proportzioa txikiagoa izan. 2000. urtetiko haur txikien lehen hizkuntza kontuan, datuak ezin positiboagoak dira (Hegoaldean), bertan jaiotako gurasoen seme-alabak kontuan. Datuak epeltzen dira 3. belaunaldiko etorkin uholdearen seme-alabak kontuan, noski, baina datuak bereizi behar dira. ‘Euskarak irabazi eta galdu dituen hiztunak’ aztertzeko erabilitako irizpideek gehiago dira ‘Euskarak irabazi zitzakeen hiztunak eta benetan irabazi dituenak’, baina irabazi ditugunak, ez galdu.
Beti begiratu lekioke botila erdi beteari alde betetik edo alde hutsetik. Zenbat lortu dugun betetzea edo oraindik zenbat falta zaigun betetzeko. Baina zalantza gabe ari gara betetzen, non gehiago eta non eskasago. Eta nahiz beti jarri behar diegun arreta berezia dauzkagun eta dauzkakegun jarioei.
Baina, kasu zabaltzen ditugun mezuei!
Oztopo guztien gainetik egiten ari garen ahalegin guztiaren ondoren,
• Zabaltzen dugun ezkorra (eta gezurra) bada, ‘galtzen ari gara’, ondorio subliminala da: ‘Ez du merezi egiten ari garen ahaleginak’. ‘Ez du merezi gehiago egiten jarraitzea’.
• Aldiz, zabaltzen dugun mezua, egia izateaz gain, baikorra bada, ‘irabazten ari gara’, ondorioa da: ‘Merezi du egiten ari garen ahaleginak’. ‘Merezi du jarraitzea eta are gehiago egitea’. ‘Badugu irtenbidea’. ‘Eta nik egiten ez badut, atzean geratuko naiz’.
Zein mezu zabaldu nahi dugu? Nori interesatzen zaigu mezu ezkorra zabaltzea?
Goazen euskaldun bihotzekoak! Hitz bat ere ez espainolez EAEn!
Intsumisio linguistikoa!
Konflikto linguistikoa piztu nonahi!
Konflikto linguistikoa eragin nonahi!
Euskara: aurrera ala atzera goaz? Kontu ikuspegi ezkorra zabaltzearekin!
Aspaldi aspaldi dakigu mezuak garrantzizkoak direla; aspaldi ikusi ahal izan dugu diskurtsoa aldatu beharra dugula, zeren eta bestela, ez baitugu urratsik egiten. Beti gurpilaren itzulian trabatuta. Honako eztabaidetan sarri baino sarriagotan ikus dezakegu ez dakigula nola atera gurpil zorotik…
Mezuak orotarikoak baditugu; ez dakit mezu ezkorrak ala baikorrak igorri hautatu behar dugun… baditugu batekoak eta bestekoak…
Txepetxek bere tesian plazaraturiko eskemak balio badigu (nik ontzat emana daukat jaso nuenetik) hiru elementu edo aldagai ditugu hizkuntzen inguruan, beti elkarri lotuak eta bata bestearen akuilari: motibapena, ezagutza, erabilpena. Sinplekeria iruditzen zait ezagutza eta erabilpena (erabilera diote orain) aipatzea, eta motibapena isilean gordetzea. Ez baita posible ezagutza bat lortzea motibapenik gabe, edozein dela, eta ez baita posible hizkuntza erabiltzea ezagutzarik gabe.
Ezagutza urteetan barrena handitu bada, azken hamarkadetan, eta handitu zitekeen baino askoz gutxiago handitu da, nire ustetan, ez da izan motibapenagatik… ez behintzat norberaren motibapenari esker. Sobera dakigu hemen bertan, hezkuntza sistemari egozten zaiola, asko pentsatu gabe behintzat, euskalduntzearen lana edo ardura. Batzuren -hots, eskola umeen edo gazteen- ezagutza handitu bada, ez da izan haien beren motibapenari esker, baizik eta besteren -gurasoen, administrazioaren (?)- motibapenari esker, edo beren erabakiari esker.
Txepetxek ez zuen, nik dakidala, hiru faktore horien subjektuen bereizketa egin. Alabaina, belaunaldi batek bestearentzat erabakitzen duenez, erraz asko ditugu Euskaraz eskolatze -euskalduntze, esan beharko genuke, baina efektibotasuna ez da aski- datu handiak.
Eta motibapena da, izan ere, garrantzitsuena, hizkuntza bat ikastekoan, zein hizkuntza erabiltzekoan. Eta motibapena, ene ustetan, espektatibekin lotu beharra dugu. Uste badugu hizkuntza erabiliko dugula, erabili beharko dugula, gure ondorengoek erabiliko dutela, geure baitan espektatibak sortuko ditugu, eta horien arabera hizkuntzaz jabetu beharra usmatuko; espektatibarik sortzen ez badugu, alferrik eta nekez abiatuko gara “ni naiz, hi haiz…” ikastera.
Eta egia esatera, egun “ofizialki” zabaltzen diren mezuak, ez doaz, zoritxarrez, espektatibak sortze aldera.
Hizkuntzaren balioespenari dagokionez, tamalgarria da Rozalen kantari espainiarrak mezu baikorragoak zabaltzea una batean Euskal Herriko administrazio askok lauzpabost hamarkadatan baino.
Euskarafoboei eman omen die erantzun edo lezio handia; zoritxarrez, gure arteko “Euskarazale” askori ere eman die…
1906- 2021 urte sasoiko Iurrebasoren laneko(bikain cum laude epaitua) haurren euskara transmisioaren datuak kontuan hartuta, uste irmoa dut 36ko gerra ez bazen galdu eta PCUSek asmatu izan balu Sobietar Batasunaren esperientziarekin ,gaur egun EHn euskararen erabileran %80 aren bueltan arituko ginela.
Baina ez da ezta gauza bat ezta bestea gertatu eta historia ezin da aldatu, etabar.
Eta Bittor Hidalgoren jarrera dela eta, nerabe baten jokaeraren antza nahiko hartzen diot.
Eta loratze- bizi berri baten aukera irekia dagoela…eta euskara gauza oso ederra dela…etabar.
Sentitzen dut “cum laudeak” zapuztera etorri beharra baina beldur naiz gure soziolinguistika, zientziaren irizpideetatik urrundu samar ez ote dabilen. Bi adibide baino ez ditut aipatuko. “Ezaguera mailak gora egin du” dioskute behin eta berriz alai asko, ezaguera maila igotzea zer den inoiz definitu gabe. Beren burua behar bezala adierazteko hankamotz geratzen zaien euskara txirotuan hitz egiteko gauza diren milaka batzuk gehiago izateari esaten diogu “ezaguera maila igotzea”? Beldur naiz baietz. Zer du zientifikotik hiztun berrien euskara maila neurtu gabe, ezaguerak gora egin duela esateak? Deus ere ez. Eta bigarrena: Berrogei urte daramatzat entzunez ezaguera mailatik sortzen dela erabilera eta benetan kokoteraino nago errealitateari begi bat estalita begiratze horretaz. Erabileratik sortzen da ezaguera, erabileratik (errealetik, ez sinbolikotik) zolitu eta narotzen da ezaguera. Euskara museorako nahi dutenek ordea ez ikusiarena egiten jarraituko dute, orain arte bezala, bidebatez inguru osoa kutsatuz tesi herren horiekin. XVI. mendean Elizak Astronomia nola, gure egungo soziolinguistika ere, agintearen dogmen espetxean ikusten dut. .
Juan Inazio: erabat ados, erabat ados. Telebistan behin eta berriz ikusiko eta entzunen ditugu kirolariak, politikoak, ikusle elkarrizketatuak, batzuetan erdaraz, beste batzuetan “euskaraz”. Erdaraz luze, aise eta zuzen; erdaraz aldiz, motz, ezinean eta huts gramatikal alimalekoekin. Ezagutzan ongi gaudela? Agerikoa ukatzen ari dira hori esaten dutenak. Agerkoa dena ukatzen badugu, zer nolako esperantza izan dezakegu? Hidalgo jauna, egiarekin aitzina egin dezakegu, baina gezurrarekin… gezurrak hanka motzak ditu
Irakurtzeko modukoa Larrunen monografikoa. Bat nator mezularitza sozialari buruzko Bittorren ikuspegiarekin. Erdi hutsik edo erdi beteta ikus dezakegu botila, baina erabilerarena da egiaren froga: datu gordina eta neurri nagusia. Horixe hartzen da kontuan esfera digitalean negozio erabakiak hartzeko irizpidetzat, hala nola Googlek. Bat nator zurekin, Juan Inazio.
Artean, XIX. mendean Ipar Euskal Herrira heltzen ziren funtzionario frantsesek euskaraz ikasi eta euskaraz pentsatzen zuten hilabete gutxi batzuetan, premiazkoa zutelako, garai hartan norbaitek (atsekabez) gogora ekartzen zuenez. Premia hutsez, ez zuten uste hura munduko hizkuntza zailena zenik ere. Ikusi ditugu ere azken belaunaldiko etorkin (migratzaile…) batzuk euskalduntzen.
Ezagutzaren aurrerabideak balio digu geure buruari esateko aurreratzen ari garela. Barka inpertinentzia ere, baina bat etorriz Juan Inazioren iruzkinarekin, zein ezagutza mailez ari gara? Donostian, hezkuntzan irakasle dabiltzan lagun batzuek nekez amai dezakete elkarrizketa bat euskaraz, eta hezkuntzan ez dabiltzan beste lagun euskaldun aktibo batzuek ohiko oinarrizko hizkuntza “paketearekin” mugitzen dira (1500-2000 hitz?).
Vocento edo haren osteko korporazioa (edo dena delako espainiar hedabidea) hor dugu zain, estatistika gogorrak noiz aterako. Gehiago esaten dute gordetzen dutenagatik benetan esaten dutenagatik baino, baina jada pista batzuk ematen dituzte beren hedabideetan nondik joko duten. Ez naiz aztia, baina euskararen diru laguntzak eta profil sistema hankaz gora jartzeko estatistikak ateratzea denbora kontua besterik ez da.
Bitartean, El Correok esanda, eta hauxe bai egia, Arartekoak kezka agertu du etorkinen D ereduko matrikulazioengatik. Eta hor motibazioren egiaren froga sartzen da jokoan. Zertarako (Txepetxen motibazioa)? Beharrezkotzat ez dute jotzen kasu gehienetan, Espainiara baitatoz, non eta ez den arlo jakin batzuetan aritzeko. Epaileak lagun dituzte, eta badakite. Zein da etorkinen bertako hizkuntza eta kulturari buruzko harrera programa Euskal Herrira, besterik ez bada EAEra, Espainiarako duten bezala? Pertsona edo elkarte jakin batzuek tokian-tokian egiten duten harrera/pedagogia, gehienez ere. Metodo erreaktibo-kirurgikoarekin jarraitzen dugu, partxeatze sistema indarrean, eta estrategiarik ez, ez herri gisa.
Nik espektatiba erabili dut, motibazioa Txepetxen hitzetan hizkuntzaren oinarrietako izanik, nolabait esan teorikoagoa baita. Esaterako, umeek hizkuntza berenganatzen dutenean, motibazioa badago, baina naturala, gorputzak (garunaren garapenak) eskatzen diona: bide naturala. Besterik da bide kulturala, helduongan eman daitekeena, eta motibapen horren eta praxiaren arteko lotura, espektatibak dira. Guraso gazte ikastolan edo D ereduko eskolan ikasitakoek, sarritan seme-alabak datozelarik hurbiltzen dira euskaltegira “berreuskalduntzera”.
Bide artifiziala da, inguruneak ekartzen dituen espektatibak zio badira ere.
Mezu ezkor zein baikor, azken finean Euskarazko komunitatea eraiki, berreraiki edo osatzeko saiakera da mezuok zabaltzean xede duguna. “Euskara salbatu”, molde sinplean esanda. Baina eta, zertarako salbatu Euskara, zer zaigu Euskara? Ez bada gure baitako zerbait, ez bada herriaren bihotza, zer dela-eta ahaleginak egin Euskara erabil dezagun?
Zorionez, Larrungo lan horren izenburuak ez dio “Euskara: aurrera ala atzera DOA?” baiik eta GOAZ…
Larrun hori da aspaldian euskarari buruz irakurri dudan artikulurik interesgarriena, eta horren aurretik Malores Etxeberriari egin ziotena, hori ere Argian. Bejondeiela Argiakoei eta doluminak Bingen eta konpainiari, jada prest baitzuten beren inkesta ospatzeko festa, eta dena pikutara joan zaie!
Ez dut uste Iurrebasok adierazi duenik gaitasunean ondo gaudela.
Nik behintzat, oso bestela ulertu ditut bere hitz hauek:
“Euskaraz hobeto moldatzen diren 195.000 hiztun dauzkagu (%7), bi hizkuntzetan antzera moldatzen diren 222.000 (%8) eta beste guztiak, 2.230.000 (%85) soilik erdaraz dakite edo erdaraz hobeto moldatzen dira. Egoera, gainera, datu horiek erakusten digutena baino larriagoa da. Izan ere, euskaraz errazago moldatzen diren ia guztiek beste herdara ere badakite, baina beste multzoko gehienek ez dakite euskaraz. Desoreka ikaragarria da.”
Ondokoak ere Iurrebasok Larruneko elkarrizketan esanak dira:
“Orain arteko sailkapenaren logikak esaten zuen indartsuago
dagoela hizkuntza gaitasuna erabilera baino, eta beraz, gure ahulgunea erabilera eta gure indargunea gaitasuna dela. Hori esateko egiten zen kopuruen alderaketak ez du zentzu handiegirik. Toki eta hizkuntza guztietan da beti handiagoa ezagutza erabilera baino.
Zoaz Kataluniara eta ezagutza %80 inguruan dago, erabilera
%40an….”
“Bai, euskaraz hobeto moldatzen diren %7 hori handitzeak lehentasuna beharko luke. Izan ere, azken 30 urteotan igo egin da euskara dakitenen kopurua, hori garrantzitsua da eta zoragarri. Baina bien bitartean,
euskaraz erdaraz baino errazago egiten dutenen multzoa ez da igo,
duela 30 urteko maila berean dago. Eta benetan leiala den hiztuna, euskaraz aritzeko berezko joera indartsua duena, eta praktikan gehien
erabiltzen duena multzo hori da.”
Niri oso zuzen ari dela iruditzen zait, gauzak diren bezala azaltzen (eta berritasuna da hori). Oso elkarrizlketa mamitsua iruditu zait, arretaz irakurri beharrekoa. Hona lotura: https://www.argia.eus/astekaria/docs/2818/azala/larrun_283.pdf
Euskaradun guztiak ze hizkuntzatan moldatzen garen hobekien neurtzea ez du zentzu askorik kontuan izanik euskaradun gehienok eremu erdaldunean bizi garela.
Euskararen neurgailua ez da Karrantzan, Kripanen edo Bilbon erabili behar. Kalitatearen neurgailua eremu euskaldunean jarri behar da, ez erdara jaun eta jabe den eremuan.
Euskararen lehentasuna eremu euskalduna linguistikoki indartzea da. Eremu erdaldunean bizi garenon erritmoa ezberdina da eta baita hartu behar ditugun neurriak.
Ados Jonjo eta Hegorekin
Egiazko eremu euskaldunak existitzea eta hauek bizirauteko behar diren neurriak hartzea ezinbestekoa da beste eremuetan bizi diren euskaldunek adorea ez dezaten gal eta beren eremuei dagokien neurriak har ditzaten.
Bai, eremu euskaldunak zaintzea hil ala bizikoa da. Eta hiztunen gaitasun erlatiboan eragitea, Iurrebasok proposatu bezala, baita ere. Elebidun gehienak, oso konpromiso handiko euskaltzaleak ez badira, erdaraz mintzo dira erdaraz askoz erosoago aritzen direlako, tartean erdaldunik ez dagoenean ere.Eta neurri asko dira balekoak, eremu euskaldunetarako bezala eremu erdaldunduetarako ere.
Adibidez, Euskarazko programazio askoz duinagoa eta oparoagoa EiTBko kate guztietan, edo neurriak hartzea streaming plataformetan euskarazko eskaintza askoz oparoagoa izan dadin, edo D eredua akabatu ordez, indartzea, edo eredu eman behar luketen erakundeak (Eusko Jaurlaritza berbarako) euskalduntzea, eta abar luze bat.
Hegoaldean hauteskunde batzuen atarian gaude. Une egokia izan daiteke bozka eskatzaileei aldarri batzuk helarazteko.
Ene ustez euskara eta euskaltasuna ezbairik gabe beti bizirik eta sendo legokeen eremu bat egon ahal izaitea, tipia ere ez du inportantziarik bederen nahikoa esanguratsua bada, zinez erabakigarria litzateke existitzeko gure borrokan.
Guretzat lehenik eta beste guzientzat ere betikotz garaitua ez garelako froga litzateke. Euskal ereremu horrek baluke funtzio edo balio sinboliko erkaezina.
Izan ere, betiko garaitu eta galdutzat jotzen diren populuak zorigaitzez ahantziak dira eta ez dira gehiago errespetatzen ere; gehiago dena haien azken lekukoek, jasandako injustiziaz saiatzen badira sobera luzaz kexatzen, asperdura eta nazkaz osaturiko erreakzio bat ere eragin lezakete besteengan. Jada hori ikusten da dagoeneko inbadiaturiko Lapurdin.
Historia errukigabea da garaituentzat!
Ados, Beñat.
Euskaraz erdaraz bezain ondo edo are hobeto moldatzen diren 417.000 hiritar ditugu beraz. Gaitasun hori, noski, beraiek aitortuta eta inork inola ere egiaztatu gabea.. Zertarako? Txanogorritxuren ipuina zapuzteko? Hari honetan iruzkingile gabiltzanon artean hori sinesten duenik bada? Gaitasun mailaren kopurua hiztunen aitorpenaren arabera ipintzea zientifikoa da? Horren ajeak ez al ditugu ba aspaldidanik sobera ezagutzen? Zer demontretan gabiltza oraindik honela?
Nik ez ditut aurkitu oraindik Euskal Herri osoko datu bateratuak, et zuk badiozu, J.I., 417.000 hiztun garela euskaraz erdaraz bezain ondo edo are hobeto moldatzen garenak hala izango gara. Zalantza jarri nahi duzu hiztun horien gaitasun autobaloratua. Izan liteke. Baina zenbat ginen 1991n hala autobaloratzen ginenak? Gehiago? Gutxiago? Hobetu dugu? Okertu?
ZuZeuko aurreko sarrera batean (https://zuzeu.eus/euskara/gauzak-nola-kontatzen-diren/) egiten nuen datu horren balorazioa EAEn (Argian tranpati emandako titular baten arabera). Horrela:
“Kontua da, Argiako datu tranpatiari dagokionean, EAEn 1991n ginen 419.221 euskaldunetatik %34,6k baldin baginen errazago egiten genuenok euskaraz espainolez baino, 145.050 ginela. Orain aldiz 680.629 euskaldunetatik %27,4k baldin bagara errazago egiten dugunok euskaraz espainolez baino, 186.492 garela, orduan baino 41.442 gehiago, %28,6 gehiago. // Eta begiratzen badiogu euskaraz erraztasun handiagoa edo erdaraz besteko erraztasuna dugun euskaldun kopuruari, 1991n 260.755 ginen eta 2021ean aldiz 379.110, 118.355 gehiago, hau da, %45,4 gehiago.”
EAEn beraz 2021ean 1991ean baino 118.355 gehiago euskaldun gara “gaitasun hori gerok aitortuta eta inork inola ere egiaztatu gabea” aitorzen dugunok. Gezurti gehiago gara orduan EAEn 2021ean 1991ean baino… %45,4 gehiago… Euskal Herri osoan ere… Gora gezurtiok.
Kontuan hartu behar da gainera Inkesta Soziolinguistiko hauek 16 urtetik gorako herritarrok hartzen gaituztela kontuan. 2-16 urteko ume-gazteak kontuan, datu horiek askoz hobeak dira oraindik EAEn, are Nafarroa Garaian, eta are Iparraldean ere ald bakoitzen bere tamainan.
Baina gauza bat da jakitea, aitortzea eta munduari jakinaraztea euskaldunok erabat gutxietsiak gaudela gure lurraldean, ez dagoela demokrazia linguistikorik guretzat, batere ez Iparraldean, oso gutxi Nafarroa Garaian, eta oso eskas oraindik ere EAEn (eta zer esan epaitegietako azken eraso gurutzadaren inguruan), eta beste gauza bat da gaizki irakurtzea (irakurri nahi izatea?) azken 60 urteotan egiten gatozen ahaleginaren emaitza eta bidea.
Irabazi nahi badugu, eta nik irabazi nahi dut, azterketa zuzenak ditugu ezinbesteko, aurrerako bidea ahalik eta eraginkorren diseinatzeko. Azterketa okerretatik abiatzen bagara, orduan eta nekezago izango dugu aurrerako bide eraginkorrenak asmatzea… Horregatik nire seta datuen interpretazioen gainean… Txarrak balira txar, baina onak ere txartu nahi izatea, nornahi suizidiora bultzatzeko bide ote den… Eta eztabaidak merezi du nire uste. Ez da nerabetasun kontu! Ondo izan denok!
Irabazi nahi dut. Ez bakarrik kexatu. Zuek ere bezala, ziur naiz.
Ez dut ezkorretik deus ere, agian sarritan kontrako inpresioa eman badezaket ere. Esate baterako, oso pozik eta baikor ikusten dut euskararen egoera hainbat arlotan hobetzen, bizi naizen eskualdean. Eta irabazteko moduko borroka dugula uste dut zinez. Ez nago beraz etsita ez da inondik ere. Baina borroka irabazteko oinarri sendoetan izan behar ditugu zangoak ondo jarrita, eta esango nuke ohituraren poderioz oharkabean barneratuegia dugula errealitatea itxuraldatzeko koloreetako betaurrekoak jantzita ibitzea. Egoeraren azterketa zientifikoa egitea eragozen duten aurreritzi metodologiko-ideologikoak ez ditut inoiz izan gustuko. Eta aurreritzi horiek urtez urte azken hogeita hamar urteotan errepikatzen ikusten ditudanean, ba, sutu egiten naiz azkenean. Ezkorrago naiz euskal soziolinguistikarekin euskararen egoerarekin baino.
Ni ere maiz sutzen naiz hainbat interpretazio soziolinguistikorekin. Euskaldunok ez daukagu samur Euskal Herrian, eta benetan uste dut guretzako demokrazia linguistikoa lortuko badugu Euskal Herrian, legeetan eta eguneroko jardunean, euskal herritar guztiek euskaraz jakin beharraz gainera, euskaldun bihotzekook egunero sustatu behar dugula GATAZKA LINGUISTIKOA, INTSUMISIO LINGUISTIKOA, eta bereziki legeak jadaneko ‘nahiko alde’ daukakegun EAEn eta Nafarroa Garaiko eremu euskaldun eta eta mistoan… Zuri ere, Juan Inazio, pozik irakurtzen nizkizun antzeko iradokizunak jada hamar urte ere Argian (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2438/juan-inazio-hartsuaga), eta bide hori bultzatzen, besteak beste, Kontseiluak, eta oso bereziki EHEk jokatu zezaketen / beharko luketen paperaz. Segi dezagun bide hori zabaltzen! Ondo izan!
Horrela segituko dugu hutsik egin gabe, ezin bestean. Ondo izan zeu ere!
Inkestek zalantzarako tarte handia uzten dute beti, areago gobernuek eginak direnean. Esan ohi da hiru gezur mota daudela: gezurrak, gezur handiak… eta inkestak!
Baina iruditzen zait Iurrebasoren lana ez datorrela inkesten balioa baieztera, kopuruak eta ehunekoak zein diren ere mahai gainean gutxitan aipatu ohi diren eta erabakigarriak diren beste eragile batzuk agerraraztera baizik.
Juan Inaziok (eta bestek) aipatutako euskaldun berrienen-eta hizkuntza kalitateari dagokion kezkaz, gogoratu ditut Josep Ruaix gramatikari katalanak (Moià, Bartzelona, 1940) eginiko hainbat adierazpen Vilaweb agerkarian eta Argiak jasoak bere garaian gure hausnarrerako ere lagungarri daitezkeelakoan (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2445/josep-ruaix). Ha(ra) hor hasiera:
“- Katalanaren egoerak asko kezkatzen al zaitu?
– Bai, oso kezkatuta nago, baina era berean itxaropen handia daukat. Fabrak [Pompeu Fabrak katalanaren gaur egungo araudia ezarri zuen] esaten zuenari jarraitzen diot: “Inoiz ez dira alboratu behar etxeko lanak eta itxaropena”. Jende asko ari gara hizkuntzaren alde borrokan eta borrokak emaitzak ematen ditu. Bestalde, beste jatorri batzuetako jendeak bereganatu du hizkuntza eta ezin dute guk 40ko, 50eko, 60ko edo 70eko hamarkadetan menperatzen genuen moduan moldatu katalanez. Nolabaiteko bidesaria ordaindu behar dugu: katalan hiztun gehiago izateko maila jaitsi behar da pixka bat.
– Zer esan nahi duzu?
– Italian bizi izan nintzen, eta italieraz hitz egiten nuen, baina ez italiarrek bezala. Haiek oso pozik zeuden italieraz egiten nuelako, baina ezin nuen hitz egin haiek bezain ondo. Hemen gauza bera gertatzen da. Jatorri askotako jendea daukagu (Txina, Latinoamerika, Ukraina, Errusia…). Ez dute guk bezala ikasiko katalana. Gabezia objektibo batzuk onartu beharko ditugu. Katalunian jaio ez diren milioi bat katalan hiztun gehiago nahi baditugu, onartu beharko dugu hizkuntza maila apalagoa izango dutela, ez dira arituko edoski izan balute bezala, ez daukate benetakotasun berdina. Ez naiz ezkorra, jende asko lanean ari delako. Borrokan jarraitu behar da, eta itxaron behar dugu jende horrek hizkuntza bereganatuko duela, maitatuko duela eta hobetuko. Ni alde guztietatik katalana naiz, baina Ruaixtarrak Okzitaniatik iritsi zirela dirudi, ziurrenik XVI. mendean, eta moldatu ziren. Orain gauza bera gertatuko dela itxaron behar dugu: etorri direnak moldatzen joan daitezela, katalan hiztun senti daitezela, hizkuntza defenda dezatela eta ahalik eta ondoen hitz egiten saia daitezela.”
2015ekoak dira adierazpenak.
Zeharo bat adierazpen horiekin, maila apaltze hori aitortu, behin-behingotzat hartu, eta goratzeko ekaia txukun antolatuz gero. Ez ordea patu ekidin ezin modura ahaleza etsiaz onartzeko bada, are gutxiago ez ikusiarena egiteko bada. .