Euskara, abertzaleen fokotik urrun?
Euskara, abertzaleen fokotik urrun? –
Ainara Argoitiak, Elgoibarko Barren hedabidean.
Herritarrek hala erabakita, orain arteko abertzaleena izango da Eusko Legebiltzarra, jokoan zeuden 75 eserlekuetatik 54 eskuratu dituztelako indar abertzaleek. Hala ere, jendeaurrean egin dituzten agerraldietan oso gutxitan entzun ditugu euskararen arazoez berbetan. Euskara galga zaio abertzaletasunari?
Gai hori izan zuten, hain justu ere, eztabaidagai Elgoibarren martitzenean, Elgoibarko Izarrak eta Udalak ‘Zergatik eta zertarako euskaldun?’ programaren baitan antolatu zuten ‘Euskara eta abertzaleak, bidegurutze berean? izeneko saioan.
Eskutik al datoz euskara eta abertzaletasuna?. Abertzaletasunaren diskurtsoa pizgarri ala galga da euskararentzat? Euskarak ematen al du botorik? Zer harreman behar da euskararen eta estatugintzaren artean? Galdera horiei erantzun zieten Jose Manuel Odriozola soziolinguistak eta Julen Zabalo EHUko Soziologia eta Gizarte Langintzako irakasleak martitzenean. Ainhoa Larrañaga abokatu eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak gidatu zuen saioa, baina hein handi batean, bi iritzi kontrajarri nabarmendu ziren hasiera-hasieratik; bi ikuskera abertzaletasunaz; bi ikuskera naziogintza edo estatugintza ulertzeko moduaz. Batetik, Zabalorena, zeinak defenditzen duen posible dela Euskal Herri abertzale bat izatea, hizkuntzari-euskarari- lehentasunezko lekua eman barik, eta bestetik, Odriozolarena, zeinak arrazoi bakarra ikusten duen gaur eta hemen abertzale izateko: gure ondare edo kapital linguistiko, kultural eta identitarioa babesteko eta bultzatzeko izatea. Edozelan ere, biak ala biak bat etorri ziren esatean azkeneko hauteskundeotan euskararen arazoak oso lausoan baino ez dituztela aipatu indar abertzaleek, eta boto-emaile askori euskarak azkurea eragingo dien beldur, edo nahiago bada, euskaratik urrun egon daitezkeen perfilak erakargatzeko, kanpainako fokotik kanpo laga dutela euskara; alegia, isildu dituztela euskararen aldeko mezu garbiak.
“Euskararen arazoek ez dute ia arretarik jaso indar abertzaleen aldetik, eta alderdi espainolen aldetik euskara modu bidegabean tratatua izan denean ere, politikari abertzaleek ia ez dute erantzun”, aipatu zuen Odriozolak. Haren ustez, euskarari, euskal kulturari, identitate euskaldunari eta Euskal Herriari “bizkarra emanda” bizi dira abertzaleak oro har, euskaldunek eta Euskal Herriak duten “arazo existentzial nagusia” euskara eta euskalduntasuna direnean, “pertsona eta herri gisa euskaldun egiten gaituena euskara delako”.
Odriozolak garbi ikusten du politikari abertzaleentzat euskaldunen ongizatea eta zoriona ez daudela lotuta nazio euskaldunaren egoerarekin edo justizia nazionalarekin; ez daudela lotuta, alegia, hizkuntza, identitate eta kultura eskubideekin, baizik eta justizia sozioekonomikoarekin, eta “etikoki zalantzagarria” irizten dio Katalunia edo Euskal Herria moduko nazio garatuetan nazionalismo soziekonomikoa lehenestea. “Justizia sozialak zergatik izan behar ditu muga nazionalak? Muga nazionalak bukatzen diren puntuan bukatzen al dira eskubide sozialak? Ez da zilegia. Etikoki onartezina da”. Bere ustez, nazionalismoaren balio moral eta politikorik handiena gizateariaren aniztasun linguistikoa, kulturala eta identitarioa zaintzean datza.
Alderdi abertzaleek euskararen arazoak lauso aurkeztu izanari bere logika ikusi dio Zabalok, eta nazionalismoa ulertzeko moduarekin lotzen du. Mugimendu politiko moduan defenditzen du abertzaletasuna, helburu politiko batzuk lortzearekin, eta ez euskara edo identitate euskalduna salbatzearekin, edo ez behintzat horrekin bakarrik. Bigarren hori euskararen aldeko mugimenduaren egitekoa ikusten du gehiago eta uste du “alderdiei horrenbeste konpromiso eskatu ordez” mugimendu horrek autonomia handiagoa hartu beharko lukeela euskara indartzeko balioko duen politika berriak martxan jartzeko.
“Mundu globalizatuan bizi gara, eta aniztasuna gero eta handiagoa da. Hori dena kudeatzea gero eta zailagoa da eta abertzaletasunaren helburu nagusia euskal estatua edo estatu independentea lortzea izanda, politikariek erreparatu behar diote errealitate horri. Konbentzitu egin behar dute jendea euskal estatua sortzeko, eta oso ondo ulertzen dut diskurtsoa gauza batzuetan apaltzea, euskararekin interesatua ez dagoena ere erakartzeko”, esan zuen Zabalok. Naziometroaren urteroko neurketan bildutako erantzunak ekarri zituen, gogoratzeko independentismoaren kontra agertzen diren askok oso bestelako erantzuna ematen dutela gizarte zerbitzu hobeak bermatuta egonez gero euskal estatuaren alde egingo ote luketen galdetzen zaienean. Horri lotuta, euskal nazionalismoaren definizioa bera ere aldatzen ari dela nabarmendu zuen Zabalok logika hori arrazoitzeko. Hala, orain, erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dela gogoratu zuen eta eskubide horren baitan herritarrei ematen zaiela -edo ez- estatua eraikitzeko ahalmena. “Orain estatuak ez dira eraikitzen aurretik eraikita dagoen nazioaren arabera, baizik eta erreferendum batean herritarrek esaten dutenaren arabera”.
Odriozolak ez du sinisten euskal abertzaleen euskal estatuan eta ezta haien independentzia ereduan ere: “Euskal Herri deseuskaldundu batek zer irabaziko luke euskal estatu baten jabe izanda, euskalduntasunari dagokionez? Irlandan lortu zuten independentzia, baina nortasun nazional gaelikoa galdu zuten”. Haren ustez, independentzia behar dugu nazio euskalduna eraikitzeko, baina euskaraz funtzionatzen ez duen estatu batek ez digu balio. Euskal estatua sortzeari barik euskal nazioa eraikitzeari ikusten dio lehentasuna Odriozolak eta dio euskalduntasunean bizitzeko baldintzak sortzeko independentzia ez dela helburua, baizik eta bidea.
Euskara, abertzaleen fokotik urrun? Euskara, abertzaleen fokotik urrun?