Euskañolaren kontra

Euskañolaren kontra –

Josu Lezametak, Baga, biga, bloga! blogean.


Hasi baino lehen, galdera bat: Azken egunotan, gaur barne, euskaraz aritu zarenean, zenbat gaztelera sartu duzu tartean? Hitz solteak, makuluak izan dira, ala esaldi osoak?

Bankuan gertatu zait:

-Ta, dirutxu hauekaz zer ein ahal dogu, hainbaten gorde-edo?

+Bueno, zeuk diñozuna ez dau txarto, baina estos otros productos financieros te van a dar más rentabilidad a medio plazo y también a largo. Ahora las cosas son diferentes, hau da gaur egun dauena, esto es lo que hay. Baina igual zuk gurozuna da una inversión más sólida. Zelan ikusten dozu acercarnos al sector inmobiliario, que también tiene sus cosas, eh?

Lagun artean:

-Hau kotxe hau pentzau dot erostea.

+Politxe da, baina no te renta, tio. Karue da eta hay otros modelos que tienen más motor, prestaciones, maletero más grande… Mírate una furgo, si no; orain umeakaz beharko dozu. Ya te mando una web superguapa de furgos y eso eta esango dostezu si ves algo que te cuadre.

Tabernako terrazan:

-Non gurozu jesarri?

+Hementxe. Aquí, que no hay viento. Es que no puedo con el viento, benetan.

Euskañolaren kontraBloga berpiztu egin dut -aurreko sarrera 2020koa da!!-, lagunok, euskañolaz hitz egiteko. Gaizki hitz egiteko. Inoiz entzun baitut hortik euskañola euskararen salbazioa ere izan litekeela, ahalbidetzen baitu askorik ez dakienak ere nolabait euskarazko kodean hitz egitea. Eta ez. Uste baitut, gainera, euskañolaz gehien aritzen direnak euskaraz soilik primeran moldatuko liratekeela. Nahi balute.

Hona gogoeta desordenatu batzuk euskañolaz, Euskal Herriko hegoaldean bizi den oinezko moduan behatu ditudan egoeretatik ondorioztatu ditudanak:

  • Euskañola ez da hizkuntza maila eskasagatik, ezinean, halamoduzko euskara erabiltzea. Euskañola da euskaldun oso, alfabetatu, euskarazko produktuen kontsumitzaile (eta sortzaile, askotan) askok aukeratzen duten eredua: %20 euskara, %80 gaztelera.
  • Euskañol hiztunen jardunaren ehunekoetan, euskara bigarren: euskañol hiztuna konbentzituta dago hitz isolatu, lagungarri, tarteko batzuk sartzen dituela berbaz ari dela (en plan, como…); konpletiba aldrebesak, agian (esan du que…). Baina egin ezazue kale ikerketa soil bat, zuen ondo-ondoko inguruaren behaketa: gaztelerazko zatia gehienetan jardunaren hiru laurdenera edo gehiagora heltzen da. Askotan euskarazko hitz gutxi batzuk erdarazko itsasoan, “euskaraz” ari garela markatzeko balio nahi duten hitz gakoak.
  • Behatu dudan inguruan, euskañolaren erabilera txikiagoa da batuaz-edo hitz egiten dutenen artean. Zenbat eta euskalki edo sukalkiago, orduan eta euskañol gehiago. Erreparatu zuen inguruari ea berdintsu gertatzen den.
  • Gaztelania (dei diezaiogun espainola, hala da eta) erabiltzen da grazia egin nahi dugunean, adierazkortasuna, txispa sortu nahi dugunean. Eta gai baten inguruko gure ezagutza, gure nagusitasuna, gure estatusa erakutsi nahi dugunean. Hitz potoloak espainolez. Hitz batez, kultuak garela, aizu; euskaraz gain, inporta duten gauzez aritzeko hizkuntza hegemonikoa ere menperatzen dugula.

Euskañolaren erabiltzailea -gu denok, ez pentsa neu ere libre naizenik- konturatu barik sartzen da zurrunbiloan eta halako batean Iparraldera doa eta bertako bati ideia konplexu bat ulertarazi nahi dionean, ohartzen da preso dagoela, ez dela gai espainola erabili gabe ezer ganorazkorik esateko. Izan ere, lehen ere esan dugunez, euskañol hiztuna fikzio batean bizi da: bere buruaren barruan, espainolezko berba gutxi batzuk baino ez ditu erabiltzen bere jardunean, euskara hutsean -ustez- ari denean.

Euskañola barrutik jaten ari zaigun harra da.

Amaitzeko, erronka bat proposatuko dizut: egin aproba, euskaraz ari zarenean, ez duzu espainolezko ezein hitz, makulu edo esaldi zati erabiliko, bat bakarra ere ez. Euskaraz arituko zara zure solaskideak gaztelaniarik batere jakingo ez balu bezala, espainolezko hitz bat entzun orduko, ulertu ezinean, muturra okertuko balizu bezala.

Aurreratzen dizut sufritu egingo duzula.

.

Post scriptum: Zer dela eta idatzi dut hau? Mendigatxaren sindromeagatik, horrexegatik.

Disclaimer: Adibideak asmatuak dira, baina segur naiz zeuek ere izan dituzuela antzekoak zientoka zuen ondoan. Bestalde, blog honen kudeatzaileak ziurtatu nahi dizue inolako euskaldunik ez dela zaurituta suertatu burutu diren kale-behaketetan.

Euskañolaren kontra Euskañolaren kontra

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude