Euskaltegiak ertzengana
Euskaltegiak ertzengana –
UEUko Glotodidaktika Sailaren topaketetan euskaltegiez eta intersekzionalitateaz aritu dira hainbat aditu eta biktima. Ikasleak egon dira erdigunean, pribilegiorik gabeko ikasleak, zapalduak, bazterretan daudenak. Izan ere, genero disidenteek, gorrek, itsuek, gaitasun askotarikoak dituztenek, beste kultura batzuetatik datozenek, espetxeetan dauden herritarrek… euskara ikasteko eta euskaldunon komunitateko kide sentitzeko zailtasunak dituzte.
Gorrek, itsuek edota dislexiaren bat duten ikasleek kontuan har ditzagun eskatu digute, euskara haienganatzeko moduez eurei galdetzeko. Materialak, irakasleen jarduerak, talde dinamikak… egokitu egin behar dira, ikasgelako praktikak irisgarriak bilakatu. Baina, gainera, azpimarratu digute euren ikas prozesua askotan luzeagoa izaten dela, azterketa sistemak hutsune handiak dituela haientzat…
Ikusi dugu, era berean, genero disidente euskaldunek modu bereizian bizi dutela identitate bakoitza (euskalduna eta disidentea). Euskara eta “luma”, adibidez, ez dira bateragarriak izan. LGTBI+ kolektibokoek ez dute “baimenik” euskara “zikintzeko”. Euskaltegiok asko dugu horren gainean hausnartzeko, material didaktikoak berrikusteko…
Askok irudikatu nahi dutenetik urrun, etorkinek ez dute euskara traba moduan ikusten eta euskaldundu nahiko lukete, baina bidea ez da xamurra. Dirua eta denbora dituzte traba nagusi, baina, irakasteko moduak ere ez die gehiegi laguntzen. Askok ez dute irakurtzeko ohitutarik edo ez dute gramatika ezagutza handirik, eta gurean asko dago idatzitik, gehiegi, eta gramatika oraindik ere ardatz garrantzitsua da. Azterketen mamuak ere ez du laguntzen.
Espetxean, gizartearen ertzik baztertuenean, euskaldun askorentzat euskara benetan da territorio libre bakarra. Baina, euskara hain hurbil izan ez dutenek ere euskara oso urrun sentitzen dute han. Hala ere, azken aldian besarkadekin eta musuekin lotu dute, begirada ilunen eta bortizkeria handiko ezleku horretan. Gainera, euskarak ere behar ditu hango biztanleak, berrikuntza lexiko eta aberastasun iturri oparoa baitira edozein gizartetan.
Ertzetako hiztunek belarritik tiraka esan digutenez, diskurtsoetatik praktikara pasatzeko unea da, izan ere, “jendea bazterrean geratzen ari da, eta hori ezin da onartu”. Baina, gainera, komunitatea aberastera datoz, eta hizkuntza bera ere bai. Sarrik topaketan esan bezala, arautik kanpo geratzen den guztia behar du hizkuntzak. Arauak, sarritan gure hizkuntza eta gure sormen aukerak mugatzen ditu, sorkuntza gehiena arautik kanpo egiten baita.
ARGIAn argitaratua