Euskalgintza bidegurutzean
Euskalgintza bidegurutzean –
Sare sozialak dira XXI. mende hasiera honetako agora berria. Bertan trukatzen dugu informazioa eta egiten ditugu eztabaidak. Agora zaharragoekin konparatuta, informazio truke horrek eta eztabaida horiek kantitatean irabazi arren kalitatean galdu egin dutela uste dut. Hala ere, hori da duguna eta horri bizkarra ematea jada ezinezkoa da.
Orain dela egun batzuk Twitterren bota nuen txio batek piztu zuen agora berri horretan eztabaida. Horrela zioen txioak: «Euskalgintzan zabaltzen eta normalizatzen ari da Ordezkapen Handiaren marko neonazia». Egia esan, txioa bere horretan gordina zen. Eta, gordina izaki, erantzun asko sortu zituen. Baina agora berrian ganorazko eztabaidak egitea zaila denez, egunkariek luzatzen diguten agora zaharragora jo dut eztabaidaren maila igotzen saiatzeko.
Edozein nazionalismori naziotasuna zoru sendoan oinarritzea gustatzen zaio. Gurean, XX. mende erdialdetik aurrera oinarri sendo hori hizkuntzak eman digu, nagusiki. Hala ere, oinarri horrek «benetakotasunaren» bedeinkazioa ematen zion errelatoa behar, eta erlatibismo linguistikoaren hipotesian aurkitu genuen azalpena. Erlatibismo linguistikoak diosku bakoitzak bere hizkuntzan pentsatzen dugula. Hizkuntza partikularrek, beraz, pentsamendua moldatu eta sortu egingo lukete, beroriek dituzten baldintza kultural eta historikoetatik abiatuz.
Kontzientzia nazionala eta euskararen prestigioa hutsaren hurrengoa ziren momentuan, elkartze horrek euskarari harrotasuna ekarri zion. Abertzaletasunari, berriz, estrategia nazionalistak erabiltzen duen diferentziaren logika oinarritzeko faktore objektibo sendoa. Aurrerago azalduko dudan moduan baina, euskara eta naziotasuna lotzeko erabili den bide horrek baditu bere arriskuak. Baina segi dezagun urratsez urrats.
Bestalde, bai euskalgintzan eta baita mundu mailako soziolinguisten artean ere, hizkuntza-ordezkapenaren azalpena guztiz zabalduta eta onartuta dago. Azalpen-marko horren arabera, hizkuntza menderatzaileak eta menderatuak leudeke eta diglosia-egoeretan, hizkuntza menderatzaileak hizkuntza menderatuari esparru diferenteak jango lizkioke.
Erlatibismo linguistikoaren hipotesia ederra da gurea bezalako hizkuntzentzat eta hizkuntza-ordezkapenaren azalpenak, berriz, euskararekin gertatzen ari dena azaltzeko balio digula uste dut. Hala ere, printzipioz bi kontakizun hauekin zerikusirik ez duen ordezkapenaren errelato bat ari da zabaltzen Europan. Faxismoa ideologikoki berrarmatzen ari den Ordezkapen Handiaren teoria. Errelato horrek diosku migranteak direla-eta Europako «berezko» identitatea arriskuan dagoela. Europan haziz doan mugimendu identitarioak, adibidez, Ordezkapen Handiaren teoria bere egiten du. Hori du bere ekite politikoa pentsatzeko markoa.
Eman ditudan azalpen guztiak eman eta gero, txioarekin esan nahi nuena argiago ulertuko dela pentsatzen dut. Euskalgintza hipernazionalistak, erlatibismo linguistikoaren bitartez, hizkuntza identitatea identitate nazional bilakatu du. Horregatik, ordezkapen linguistikoa berezkoa omen dugun identitate nazionalaren ordezkapenarekin berdintzera eramaten ari da bat baino gehiago. Horrek Ordezkapen Handiaren markoan kokatu ditu bete-betean. Horren froga da gero eta gehiagok euskarak duen arazo nagusia seinalatzerakoan migrazioaren kontua modu naturalean aipatzea.
Azaldu dut, nire ustez, Ordezkapen Handiaren markoa zein zirrikitutatik ari den sartzen euskalgintzaren diskurtsoetako batean. Orain, askori harridura eragin arren, diskurtso hori zergatik ari den euskalgintzan normalizatzen eta zabaltzen azalduko dut.
Azken hamarkadetan, euskalgintza ere instituzionalizatu egin da. Euskalgintzaren eskaerak gero eta gehiago mugatu ditugu indarrean dagoen legedira. Horrek zer dakar? Instituzionalismo hutsak, ikusten ari garen moduan, kontzientzia euskaltzalea sortu eta zabaltzeko balio ez izateaz gain, ez gaitu euskararen normalizaziora gerturatzen. Euskararen normalizaziora «gehiegi» gerturatzen diren legeak bata bestearen atzetik indargabetzen dituzte juezek. Horregatik, gero eta euskaltzale gehiago ari da ondorioztatzen bide instituzionalak eman duela eman zezakeen guztia. Inpotentzia horrek ezinegona sortzen du euskaltzale askoren artean. Normala da.
Artikuluan azaldu dudan moduan, badago euskalgintzaren diskurtso instituzionalaz gain marko neonazian sartzen ari den euskalgintzaren diskurtso hipernazionalista. Esan genezake, gainera, gaur-gaurkoz diskurtso hori dela euskalgintza instituzionalizatuaz gain euskalgintzan bertan dagoen beste errelato nagusia. Horrela, instituzionalismo hutsak sortzen duen ezinegona euskaltzale bat baino gehiago euskalgintza hipernazionalistara bultzatzen ari da. Politikan hutsuneak momentuan hor bertan dagoenak betetzen baititu, ez egokiena litzatekeenak.
Bizi garen mundu kapitalista honetan migrazioak ekidinezinak dira; marko neonazia, berriz, ekidin genezake. Arazoa ez dira migranteak, arazoa euskararen normalizaziorako baliabiderik ez izatea da. Euskara lehenetsiko duen Estatu propioa izan arte mirariak egitera kondenatuta gaude. Horregatik euskalgintzak ezin du marko neonazira gerturatu, bazterrekoa izan nahi ez badu behintzat.
XX. mendean euskarak aurrera egin zuen borroka sozialekin lotu zelako. Nagusiki Espainiatik etorritako gure guraso eta aitona-amonak borroka diferenteen bitartez bertako sentiarazi genituelako. Zabaltzen ari den euskalgintzaren diskurtso hipernazionalistak ez du hori ahalbidetzen. Indartu nahi badu, euskalgintzak ere ezinegonari erantzuten dion ezkerreko markoan kokatzen den eta euskal errepublika espresuki eskatzen duen konfrontaziorako diskurtsoa behar du. Euskalgintza bidegurutzean dago, beraz.
Euskalgintza bidegurutzean