Euskaldunekiko arrazakeria instituzionalaz

Euskaldunekiko arrazakeria instituzionalaz –

Errefuxiatuentzako ONUren bulegoaren arabera arrazakeria mota ezberdinak daude.

Arrazakeria etnozentristak, adibidez, talde baten ustezko nagusitasun kulturala du oinarri, beste talde batzuk mehatxu kulturaltzat jotzen direlarik. Arrazakeria mota horretan ez dago berdintasunerako eskubiderik, eta uste izan ohi da, norbere taldekoak ez diren gizaseme-alabek talde ustez nagusiaren mende egon behar dutela. Hala, beste talde horien hizkuntzak, ohiturak, sinismenak… arbuiatzea oso ohikoa da halakoetan.

Arrazakeria sinbolikoaz ere ohartarazten gaitu errefuxiatuentzako bulegoak. Arrazakeria molde horren baitan berdinak izateko eskubidearen “alde” egiten ei da, baina erne!… berdinak izateko eskubidea bai, baina soilik eremu edo egoera jakin batzuetan. Adibidez, talde batek nahi duen hizkuntzan bizitzeko eskubidea (gutxi-asko) izan dezake, baina eremu, arlo edota baldintza batzuen baitan, muga jakin batzuen barruan. Ezagun egiten?

Arrazakeria mota biak pairatzen ditugu euskaldunok, zenbat eta ekialderago egin are maila handiagoan. Hau da, Lapurdi-Baxenafarroa-Zuberoan, Nafarroa Garaian baino gehiago, eta Foru Komunitatean EAEn baino gehiago, baina guztietan ere bai. Iparraldeko euskaldunen egoera tamalgarria da, muturrekoa. Liberté, fraternité eta égalité ustezkoak frantses hiztunentzako dira soilik. Euskaldunok etxean eta, ahal denean, kalean baino ezin ditugu gozatu. Debekatuta dugu euskaraz jardutea zerbitzu publiko orotan, baita gure herrietako udaletan ere, eta hauetan euskaraz egitera ausartzen den hautetsiak, frantsesera itzuli behar ditu bere hitzak derrigorrez.

Arrazakeria etnozentrista eta sinbolikoa, biak ala biak ezartzen dizkigute frantsesek “berdintasunaren” izenean. Beharrik ikastolak ditugun gotorleku nagusi.

Nafarroa Garaian ere oso agerikoa da arrazakeria molde horien erabilera.

Batetik, arrazakeria etnozentristak mendetako ibilbidea egina du, lege espainiarrak ezarri zitzaizkigun egunetik bertatik. Indarrean den espainiar konstituzioak ere gaztelania jakiteko derrigortasuna ezartzen digu, euskararena ez bezala. Gaztelera ikastera behartuta gaude Bidasoatik honako euskaldun guztiak. Gazteleradunek aldiz, ez dute euskaraz zertan jakin.

Bestetik, arrazakeria sinbolikoaren ezarpen gordina oso agerikoa da. Lurraldearen heren batean, euskaldunok ere badugu hizkuntz eskubide oinarrizkoen aitortza bat (teorian bederen, errealitatea oso gorabeheratsua baita), baina Nafarroako bi herenetan oso eskubide urriak edo batere eskubiderik ez zaigu aitortzen, eremukatze edo zonifikazioaren bitartez lehenik eta behin, baina baita agintari askoren jokabide zuzenean euskarafoboaren bidez, izan Nafar gobernuan, izan udal askotan ere.

Jokabide horien erantzuleak ezagunak dira. Ez dira ezkutatzen: PSN, VOX, UPN, PP, sindikatu jakinak, patronala eta aipatutako horien agintepean edo agintekide diren beste eragile batzuk.

Baina kezka handiz aitortu beharra dago, PSN euskarafoboak, adibidez, Nafar gobernuan agintzen duela Geroa Bairen bazkidetzari eta EHBilduren babesari esker. Izan ere, euskaldunok jasaten dugun bazterketaren eta zapalkuntzaren aurrean, alderdi abertzaleek ez dute deus egiten, espantuzko keinu bat edo bestez harago.

Arrazakeria molde guztiei egin behar zaie aurre. Etxetik hasita.

Zeren zain gaude? Noiz arte menpeko?

Euskaldunekiko arrazakeria instituzionalaz

Oinezkoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude