Euskaldunek ez dute euskal kultura kontsumitzen
Euskaldunek ez dute euskal kultura kontsumitzen –
Izenburuko esaldia izaten ari gara hizpide azken egunotan. Baina egia ote? Nik ez dut sinesten behinik behin. Gatozen izenburuarekin itxuraz zer ikusi handirik ez duen argazkira. Demagun ezkerrekoa Claudius Terencianus dela, V. mendeko erromatar legionarioa, militarren bizimoduari buruz idatzi zuen gutun ospetsu batengatik ezagun dena latindar filologiaren esparruan. Eskuinekoa berriz, gure Don Joxemiel Barandiaran da, Ataungo seme euskalduna, apaiz, arkeologo eta antropologo jakintsu handia. Biek ala biek latina ikasi zuten, batek eskolan besteak apaiztegian, biek ala biek egunero egiten zuten latinez, batek bizitza normalean, besteak meza ematerakoan, baina horrek ez gaitu nahasmendura eramaten eta otu ere ez zaigu egiten Donjoxemiel erromatarra zenik esatea. Erromatarra Caius Terencianus zen. Donjoxemiel euskalduna zen.
Bi modu daude herritartasuna definitzeko: Hizkuntzaren arabera eta lurraldearen arabera. Bi irizpideok gauza bera diotenean ez dago arazorik. Biak kontrajartzen direnean ordea, hautua egin behar da derrigor bata edo bestearen alde. Kolonizatuta gauzkan kulturak, bere kideko gainerakoek bezala, lurraldearen arabera esleitu ohi dute herritartasuna. Horregatik mexikarrak espainolez mintzatzen diren jende batzuk dira, lehenago aztekeraz mintzatzen baziren ere, bavariarrak alemanez mintzatzen dira, tribu zelta bat zen arren, prusiarrak ere alemanez, berez eslaviarrak ziren arren, … Lurraldearekiko lotura dela eta, izenari eusten zaio, izana goitik behera aldatzen bada ere, izan zaharretik arrastorik geratzen ez denean ere.
Irizpide hau, esan bezala, hautu kulturala da, eta hautu kulturala den heinean, onartu egin daiteke edo baztertu eta gaitzetsi egin daiteke. Ikus dezagun zer gertatzen den gaitzesteko bidea hartu eta beste irizpidea hobesten badugu.
Demagun beraz, lurraldeari ez, baizik eta izanari lotzen diogula herritartasuna. Betidaniko izan jatorrari lotuz gero, euskalduna, (vasco, vizcaíno, navarro espainiar tradizioan) soziolinguistikoki euskaldun denarentzat gorde beharko dugu, alegia, osorik edo nagusiki euskaraz bizi denarentzat. Irizpide honek ezinezko bihurtzen ditu gaur egun gure artean hain eguneroko bihurtu diren hainbat nahasmendu, apurka-apurka normaltasun osoz irensten ohitu garenak: esate baterako erdaraz emititzen duen “euskal” telebista edo erdarazko edukia nagusi duten .eus web orriak, besterik ez aipatzearren. Irizpide honen arabera ez dugu izenburukoa bezalako albiste “harrigarririk” izango, irakurtzeko garaian euskaraz erdaraz baino erraztasun gutxiago duenari ez diogulako euskalduna esango. Niri ingeles inork esaten ez didan bezala, ingelesez mintzatzen badakiten arren. Donjoxemieli inork erromatar esango ez liokeen bezala, latinez jakin eta egunero pixka bat, egin ere, egiten zuen arren.
Edozeri eta edonori euskalduna/vasco esateari uko egiten badiogu, lurraldetasunaren irizpidea baztertu eta izan soziolinguistikoaren irizpidea hobetsita, orain arte euskalduna/vasco esan diogun hainbat nori eta zerari izen berriak ipini beharko dizkiegu. Adibidez, vascolono esan lekioke bertan bizi eta euskaraz inoiz ikasi ez duenari eta euskolono, euskaraz jakin arren, euskararen galbidera eta erdararen nagusitzera daraman ohitura soziolinguistikoak dituenari.
Bitxia da nola irizpide eta hiztegi aldaketa xume batzuk zenbateraino alda dezaketen errealitatearen pertzepzioa eta egoeraren azterketa. Zenbat gara euskaldun irizpide honen arabera? Zenbat euskolonok dihardu apurkako kolonizazio lan isilean? Bietako zein irizpidek bihurtzen du errazago gaur gertatzen ari zaiguna ulertzea? Horren araberakoa izan beharko lirateke gure hautua eta hobespena.
“Euskaldunek ez dute euskal kultura kontsumitzen” eta sekulako matraka idatzi duzu. Laburtuz, esan nahi duzuna: zeri deitzen diogu euskalduna? Ulertzen dizudanez, euskal kultura kontsumitzen duenari deitzen diozu euskalduna, beraz, euskaldunen ehuneko ehunak kontsumitzen du euskal kultura. Bingo! Errealitatea ezkutatu nahian, buruari buelta gehiegi emanez zeure burua engainatu duzu. Ez dago hainbeste buelta eman beharrik: euskaldunak ez du euskal kultura kontsumitzen, euskara bera ere ez du hitz egiten. Une jakin batzuetan, komeni zaionean, ondo datorkionean soilik aldarrikatzen du euskalduntasuna. Gaur Tolosako kaletik nindoala, taberna atarietan zurrutean zeuden hogeitagutxiko gazteek zer hitz egiten zuten behatu dut: espanola. Zalantzarik ez dut denek zekitela euskara. “Nik oraintxe zergatik ez duten euskaraz hitz egiten galdetuko banie” pentsatu dut, denak nire aurka altsako ziren ziuraski. Hala ere ziur nago han tabernan gaia suertatuz gero, Espainiataz, fatxetaz, PPtaz sekulakoak botako zituztela… euren ustez horrela ondo gelditzen direlako, hori tokatzen delako. Korrikan ere ziuraski aterako dira eta beste inork baino kilometro gehiago egingo dituzte gainera.
Eskerrik asko esan ez dudana ulertzeagatik, errealitatea ezkutatzen saiatzen naizela eta nire burua engainatzen dudala ohartarazteagatik eta gehiegizko gogoeta alferrekoa dela abisatzeagatik. Ah eta barkatu matraka. Hurrena kasik etzazu irakurri, ez du merezi eta.
Euskolono eta Vascolono. Googleek vascolono idazterakoan “vasco lobo” bihurtu dit. Hitzek horiek garbi. Baina…
Juan Ignazio, eta Euskal Herria zer izanen litzateke? Lurralde bat edo beste zerbait?
Eta 7 probintzien batasuna edo zenbaitek Nafarroa edo Nabarra deitzen duten hori?
Eta gehienok Nafarroa deitzen dugun hego aldeko zatiari, Espainiaren menpean dagoenari?
A-ri ta besteari: Euskal herria zer den edo zer ez den eztabaidatzen duzuen bitartean, Tolosako gazteek ebropeeraz jarraituko dute. Fin berriz ere JUaninaxio.
Errealitate soziolingusitikoari begiratuz gero, zalantzarik gabe esan daiteke ZUZEU.COM lurralde fisikorik gabeko plaza birtualak mereziago duela “Euskal Herria” izena gure herriko hainbat tokik baino. Gogorra egiten da onartzea agian baina itsuak ere ikusteko moduko zera da. Gainerako galderak berriz, oso interesgarriak dira, aldatzen ari den errealitate bati, desegoki bihurtu diren izen zaharrak baztertu eta orainari doiago egokitzen zaizkion berriak asmatzea beti arras interesgarri den heinean. Koldo Zuazok euskalkiekin Bonaparterena gaurkotu zuen bezala, noizbait ere ekin beharko diogu gure errealitate politiko eta soziolinguistikoa doiago irudikatuko duen mapa bat asmatzeari. Euskolono eta vascolono aprobetxagarri izan daitezke lan horretarako. Ea Google-k ikasten dituen.
Ba kolonoen gehiengoari espainiol deitzen badiezu, ez dute ondo hartzen, askok sutan jartzen dira, ta ez dakit zergatik, kolonoa bazara, zara, ez? Gertatu izan zait leku batera joan, nik euskaraz bestea gaztelaniaz ta zergatia galdetu didatenean, txantxetan bera espainiola delako erran ta. Oye tu.
Ta bitxia da nola euskara ez dakienari ta ikasteko inoiz esfortsu minimo egin nahi ez duenari euskalduna ez dela erran, ta baztertuak ta irainduak sentitzen dira.
Ta nik beti, berdin zait non jaio zaren, nortzuk ziren zure arbasoak…. Euskara ez badakizu, berdin du zure errua den edo ez, ez zara euskalduna.
Kotxea lapurtzen badidate ta atzerrian saldu, jada ez da nirea, ta gutxiago, berreskuratzeko ez duzunean ezer egiten. Euskararekin berdin.
Bai, normala da. Konkistadoreek eta kolonoek oso jenio txarra izan ohi dute beti eta nonahi, aurka egiten bazaie, hitzez eta apal egindakoan ere.
Euskolonoak, Vascolonoak baino kaltegarriagoak dira.
Mendebaldean lanari beharra esaten diogu. Alegia, beharrak bultzatuta egingo ez zenukeena iharduera da beharra/lana (biharra gure herrian). Printzipio orokorra da. Fisikako grabitatearen legea bezela. Beharrik ez bada ez da gorputza ez eta adimena bera nekatzen. Gurean bada esaera” gorputza alferra da” Alegia, akuilurik gabe etzanda egotera jotzen dugula. Hain xinple eta hain gordin. Ba gauza bera hizkuntzarekin: beharrik ez dagoen artean ez dugu ikasteko “biharrik” egiten, Kitto! Ondorioa zein da? Elebakarrek euskera ikasteko beharra izan arte ez dutela ikasiko (salbuezpen estimatuak salbuetsita) eta beraz behar hori erakarriko duten eremu, egoera, lege (Estatu) erakunde,enpresa,ikastetxe,lagunarte,hedabide…-ak sortu behar ditugula. Bertan euskera ez dakienak deserosotasuna sentitu(akuilua) eta bere burua energia-kopuru bat gastatzera beharko duena.
Bai, ados. Baina zu han eta hemen beharrak sortzen hasi orduko euskolonoak agertzen dira “inposaketa” dela esanez eta herria anitza dela goraipatuz.
Eta zer egingo du ba euskolono batek ba berea defendatu baino? Alegia euskera ikasteko inbertitu behar duen energia-kopuru handi edo txikia beste zereginetan erre. Gurea zer? gurea euskera ikasten gastatzera BEHARTU. Legez kanpokoak (desobedientzia), tartekoak eta legezkoak erabili baino ez dugu. Izan ere batzuk badarabiltzagu. Gehiago sortu eta garatzea da bidea, tartean Estatu berria.
Hartsuagaren definizioaren arabera Euskolonoa, euskalduna da, bere jarrerarekin kolonoei kolonizatzen laguntzen diena. Gaizki ulertu duzu. Nik horiei buruz idatzi dut. Vascolonoek, noski dakigula zer egingo duten.