Euskaldun harrera herria?

Euskaldun harrera herria? –

Aritz Arrieta, ARGIAn.


Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute, eskerrak eman behar dizkiet iritzi desberdinak onartzeagatik).

Euskaldun harrera herria?
Arg: Auñamendi

Duela ez asko aldizkari horretan argitaratutako eta euskalduna den harrera herria defendatzen zuen iritzi bat irakurri nuen. Iritzi hori guztiz errespetagarria iruditu arren, guztiz ados ezin naitekeela egon onartu behar dut, eta gustatuko litzaidake zergatia azaltzea. Euskalduna den harrera herriaren nozioak defendatzen du etorkinak onartzen dituen eta, aldi berean, euskaraz bizi den nazioa. Alabaina, horrelakorik existitu ahal denik ez nago batere ziur.

Euskal Herriaren historiari erreparatuz, euskararen beherakada XIX. mendean hasi zen. Zergatik? Industrializazioak egindako eta batez ere Espainiatik zetorren immigrazio masiboagatik. Hau da, Espainiako alde guztietatik langileak zetozen Euskal Herriko fabriketan lan egitera, langile horiek ez zuten euskara ikasteko beharrik ikusi eta, ondorioz, euskararen beherakada hasi zen. Gaur egun ere, Euskal Herriko mapa linguistikoari begiratzen badiogu, ikusiko dugu industrializazioagatik immigrazio gehien jaso zituzten hiriek (Bilbo, Gasteiz, Barakaldo, Portugalete, Irun…) euskara maila askoz ere baxuagoa dutela industrializatuak izan ez ziren beste herriekin konparatuz. Iparraldean gaur egun gertatzen ari den zerbait da; inkesta soziolinguistikoek euskaldunen kopurua gora doala adierazten badute ere, ehunekoak ez du gora egiten eskualdeak jasotzen duen immigrazioa euskararen igoera baino handiagoa delako.

Datu horiek azpimarratzea ez da faxista. Honek ez dauka zerikusirik etorkinaren azal-kolorearekin, baizik eta hizkuntzarekin. Are gehiago, nik ez ditut etorkinak errudun ikusten, beren lekuan jartzen naiz: beste herrialde batetik Euskal Herrirako bide luzea eta arriskutsua egin dut eta, hona ailegatuta, lekuko hizkuntza ikasi behar dut lekukoekin komunikatzeko, lanbidea aurkitzeko… Aitzitik, Euskal Herrian bi hizkuntza daude (euskara eta gaztelania edo euskara eta frantsesa, lekuaren arabera); beraz, bien artean aukeratu behar izango dut. Zein izango da erabilgarriagoa niretzat? Ze hizkuntzarekin komunikatu ahal izango naiz jende kopuru handienarekin? Ze hizkuntza erabiltzen da beste herrialdeetan ere, berriz emigratu behar badut, horietako herrialde batera joateko aukera izateko? Erantzuna erraza da Pirinioen bi aldeetan: Hegoaldean espainola da eta Iparraldean, frantsesa. Bi hizkuntza horiek euskarak baino hiztun gehiago dituzte, beste herrialdeetan ere hitz egiten dira eta, halaber, ikasteko baliabideak aurkitzea askoz ere errazagoa da. Ondorioz, Euskal Herrira datorren migranteak hizkuntza handiena aukeratuko du, euskararen galerarako.

Esan gabe doa, hori orokortzea da, badaude euskara ikastea erabakitzen duten migranteak. Hala ere, gutxienekoak dira. Bilboko metroa hartu eta han dauden migrante guztiek erabiltzen duten hizkuntzari erreparatu, zenbat euskara entzungo duzu? Baionako kaleetatik paseatu eta gauza bera. Immigrazioa, masiboa denean eta lekuko hizkuntza gutxituarekin integratzeko saiakerak ez direnean egiten, hizkuntza gutxituen galerarakoa dela dirudi.

Beraz, galdera aurkezten dut: nola izan dezakegu euskalduna den harrera herria? Agian euskararen nagusitasuna bermatu beharko genuke harrera herria izan baino lehen, etorkinek euskara hizkuntza nagusia dela ikusteko eta ikastea erabakitzeko. Ezin dugu, baina, hainbeste itxaron, migrazio larrialdia orain gertatzen ari da. Gaur egun ari dira gero eta migrante gehiago etortzen Euskal Herrira, euskarak hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen duenean. Horregatik, berriz galdetzen dut: nola izan dezakegu euskalduna den harrera herria?

Galdera horri buruz eztabaida bat izan behar dugu eta euskara gehiago gutxitzen ez duen migrazio eredua bilatu beharra dago. Oso polita da errepikatzea “Euskal Herria harrera herria da” eta migrazioarekin etor daitezkeen  arazoei ez ikusia egin. Oso zaila da, aldiz, eztabaida hau aurkeztea norbaitek arrazista edo faxista zarela esan gabe. Horregatik, egoera berean jarraitzen dugu eta arazoa ez da konpontzen. Has gaitezen aztertzen nola izan gaitezkeen harrera herria eta, aldi berean, nola indartu euskara. Eztabaida hau izan behar dugu gizarte moduan, elkarrekiko begirunez eta iritzi desberdinak errespetatuz.

Euskaldun harrera herria?  Euskaldun harrera herria?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

7 pentsamendu “Euskaldun harrera herria?”-ri buruz

  • Bete betean asmatu duzu, eskerrak zure modukoak oraindik ere badirela!!!

  • otxo apellidos pues 2025-01-28 11:47

    “Bilboko metroa hartu eta han dauden migrante guztiek erabiltzen duten hizkuntzari erreparatu, zenbat euskara entzungo duzu?”

    Ai, Bilboko metroan euskara gailen zen hamarkada ahaztezin horiek, non ote dira…

  • Oso iritzi zentzuduna plazaratu duzuna. Baina bistaratzen den eszenatokia oso oso ezkorra da. Euskal Estaturik ez denez ezin da hizkuntza politikarik egin eta, halaber, ezin da migrazio politikarik egin. Frantzia eta Espainia artean salduta gaude, betiko legez (haien legez).

    Bestetik, hizkuntzaren hautua pragmatismora lotu duzu batez ere, baina ezin ahaztu daiteke ez dela pragmatismo kontua soilik, diglosia kontua ere bada. Euskaldunak bortxaz ikasi behar izan du erdara fase historiko ezberdinetan zehar, bai HEHn zein IEHn ezarri diren lege eta dinamika ideologikoei esker. Eliteen hizkuntza espainola edo frantzesa izan da hainbat mendeetatik hona eta hori izan da inposatu dena, baliozkoa dena; beste guztia patois, dialekto edo beste motatako gaitzespenak izan dira, nekazarien hizkuntza, goi-mailako zereginetarako edo modernitaterako baliorik ez duena… debekuak, isunak, jurisprudentzia andana… ez dezagun guzti hau ahantzi. Erabilera ez da soilik gehiengoak markatutako zerbait, gauzei emandako balioak markatutako zerbait ere bada.

    Bestetik, errespetu, utzikeria eta mediokritate arazoak ere tarteko dira, zeinak gauzen eta hizkuntzen balorazioari oso lotuak doazen. Pentsatu nahiko nuke Kataluniara doan HEHtar batek, gaztelera jakin arren, katalanez ikasiko lukeela, halaber galiziara joatekotan. Edo IEHtar batek breizhera, hara joango balitz, segurenik frantzesa dakien arren. Baina, hiztunbakarra eta nolabaiteko kultur gailentasun konplexua duen mediokre batek ez du nehoiz ere horrelakorik egingo, bere denbora bertako kulturarekin aberastu ordez errazen zaiona egingo du eta: hizkuntza nagusia ikasi (ikasi behar izatekotan), hori baita bere funtzio apalenak betetzeko behar duen komunikatzeko tresna bakarra eta hori delako bere burmuin gutxituak egin dezakeen bakarra. Hortik kanpo dagoena arrotza eta ezdeusa irudituko zaio kanpotik heldutako mediokreari, berau masaren ezdeusa eta ordezkatzen erraza izan arren. Barneko mediokreez beste egun batean hitz egingo dugu.

  • otxo apellidos pues 2025-01-28 13:21

    EnekoBat “Pentsatu nahiko nuke Kataluniara doan HEHtar batek, gaztelera jakin arren, katalanez ikasiko lukeela, halaber galiziara joatekotan.”

    Eta zergatik pentsatu beharko genuke hori? Kataluniara joan gabe, HEHtarren gehiengoari eta gure hizkuntzaren erabilerari begiratu besterik ez dago.

  • Otxoa jauna,

    Pentsatu nahiko nukeena eta zinez pentsatzen dudana gauza ezberdinak direnetz galdetu beharko zenioke zeure buruari, lehenbizi, eta, bestetik, lehenengo pertsona bigarrenarekin ez nahastea.

    Dena den, zuri arrazoia emateko beharrean aurkitzen naiz. Bai, HEHtarrez ezin da gehiegi espero, beraz, euskaldunetaz hitz egingo bagenu, hobe. HEH/IEHtarrak ez du zertan euskalduna izan behar, baina, orduan zein punturaino lirateke Euskal Herritar? Horra hor gure herritartasunaren ausiabartzea, hizkuntzatasun izatetik lurraldekeria soilera igaro baita. Ironikoki, hau izango da gure identitatearen likidotzearen azken faseetako bat eta, azkenean, lurruna baino ez.

  • Hizkuntzaren hautua pragmatismoa eta diglosia… baina batez ere derrigorrezkotasunarekin lotuta dago.

    Zenbat milaka pertsonek EZ zuten gaztelania ikasiko derrigorrezkoa ez balitz? Jadanik hizkuntza geto handiak egongo ziren, Bilboko San Frantziskon besteak beste.

  • Are gehiago, gaztelania derrigorrezkoa izateari uzten dionean herri batzuetan urte gutxitan ahaztuko da gaztelania, Ondarroan adibidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude