Euskal musikariak Nafarroako ikastetxeetara eramateko programa, bertan behera

Euskal musikariak Nafarroako ikastetxeetara eramateko programa –

Juan Kruz Lakasta Zuberok Euskalerria Irratian.

Euskal musikariak Nafarroako ikastetxeetara eramateko programa bertan behera utzi du Hezkuntza Departamentuak.

Euskal musikariak Nafarroako ikastetxeetara eramateko programa, bertan behera
Musikariak Ikastetxean programaren aurkezpena, 2018an. (Argazkia: Nafarroako Gobernua).

Euskara Atala desegiten ari direla eta D ereduko ikastetxeak babesik gabe uzten ari direla kritikatu du LAB sindikatuak

Eleaniztasun zerbitzuburu Ignacio Catalanek menpeko langileak “txikitu” egiten dituela salatu dute

Musikariak Ikastetxeetan programa bertan behera utzi du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Joan den ostiralean, hilak 23, programa kudeatzen duen enpresari posta elektroniko bidez jakinarazi zioten 2023-2024 ikasturterako adosturik zegoen Musikariak Ikastetxean programa bertan behera utziko zutela, erabakiaren zergatiaren inguruko inolako azalpenik eman gabe.

Programa horren eskutik, euskal musikariek A eta D ereduetako ikastetxeetara euskal kultura daramate ikasleekin topaketak eginez, sormenaz mintzatzeko zein musika zuzenean jotzeko. Esku hartu duten ikastetxe guztiek hurrengo ikasturteetan berriz egin dute, irakasleen zein ikasleen balorazioa oso ona izan baita beti.

Egitasmoa 2018an jarri zuten martxan. Elhuyar Fundazioko koordinatzaile Jon Abrilek ekimena goretsi du Twitterren: “Aitzindaria izan zen Nafarroako Gobernua programa honekin, sortzaileak ikasgelan sartuz. Kulturaren transmisioak horrelako programa gehiago behar ditu”.

LAB sindikatuak azalpenak eskatu ditu ohar baten bitartez: “Hezkuntza Departamentuari exijitzen diogu lehenbailehen eman ditzala egoera horren inguruko azalpenak. Halaber, euskararen kontrako erasoek jarraitzen duten bitartean aurrean izango gaituela argi utzi nahi dugu berriz ere”.

.

“D ereduko ikastetxeak babesik gabe geratu dira”

Euskara Ataleko buru ohi Marian Antoñanak Twitterren gogor kritikatu du erabakia: “Euskararen etsai porrokatuak zarete Hezkuntza Departamentua eta Maria Txibite”, idatzi du.

Nolanahi ere, Eleaniztasun Zerbitzuaren funtzionamenduaren aurkako kritikak ez dira berriak eta ez dira Musikariak Ikastetxean egitasmora mugatzen. LAB sindikatuak berak, maiatzaren 19an karrikaraturiko ohar batean, salatu zuen Ignacio Catalan zerbitzuburua Euskara Atala edukiz husten ari dela: “Zuzendaritzak aspalditik erakusten duen euskararekiko mespretxuak lanpostu tekniko batzuk kentzea ekarri du, eta orain, horri gehitu behar zaio geratzen zen lanpostu tekniko bakarra ataletik kanpo atera dutela”.

Sindikatuaren arabera, “D ereduko ikastetxeek aholkularitza eta laguntza ona zuten orain arte, Euskara Ataleko langileen ezagutza profesional handiari esker, baina azken aldaketa horien ondorioz, gaur egun batere babesik gabe geratu dira”.

.

“Zerbitzuburuak menpeko langileak txikitzen ditu”

Euskara Ataleko teknikari ohi Ana Unanuek Serranok Twitterren salatu duenez, “Catalan ez da ez euskaltzalea ez euskarafoboa: bere nagusiek agintzen diotena da. Eta bere menpekoak matxakatzen ditu, errukirik gabe”.

LAB sindikatuak bat egiten du salaketa horrekin. Maiatzeko oharrean gogor kritikatu zuen Catalanen jokaera, zehazki, “errespetu-faltak, arbitrariotasuna eta gaitzespen publikoak, bere menpeko langileen aldartean, osasunean eta lan egiteko moduan eragina dutenak”.

LABen arabera, jokaera hori “guztiz autoritarioa” da: “Ez du biderik ematen taldearen ekarpenak, iritziak, irizpide desberdinak edo proposamenak jasotzeko. Langileek jasotzen duten tratuak ere ez ditu pertsonen arteko harreman onak sustatzen, elkarri laguntzea mugatzen duelako eta diskriminazioa eragiten duelako gune edo elementu komunitarioak erabiltzeko orduan”.

LABen arabera, Euskara Ataleko langileek Prebentzio Atalak egindako Arrisku Psikosozialen Ebaluazioan parte hartu dute, eta emaitzak guztiz kezkagarriak izan dira.

Euskal musikariak Nafarroako ikastetxeetara eramateko programa, bertan behera

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.