Euskal Irrati Telebista – Elixabete Garmendia eta Aritz Ganboa

Elixabete Garmendia eta Aritz Ganboa –

Elixabete Garmendia eta Aritz Ganboa
Euskararen aldeko politikak eskatzeko manifestazioa, Gasteizen. MONIKA DEL VALLE/FOKU

Arratsalde on, guztioi!

Zer esan bere hastapenean, euskaldunon artean, hainbeste ilusio eta gogo piztu zituen Euskal Irrati-Telebistari buruz.

Lausotu egin dira Euskal Irrati-Telebista publikoaren sorrerako helburuak. “Haizeak eramana da euskarazko telebistaren hasierako asmoa” zioen Anjel Lertxundik. EITBren telebista-kate eta irratietan gaztelerazko programa eta edukiek hartu dute nagusigoa eta erreferentzialtasuna, euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan edo bazterrean geratu direlarik.

Marko espainiarra gailendu da EITBn. “Ez da hizkuntza kontua bakarrik, mundu erreferentzial kontua ere bada” zioen Maialen Lujanbiok. “ETB2ko lehiaketan aurrera egiteko, adibidez, jakin behar duzu “cómo se dice en Murcia…” edo bi aukerotan zein den zuzena: “Belen Esteban o Kiko Rivera (…). Mundua ez dela Euskal Herrian bukatzen esango didate, ireki egin behar dela mundura. Eta ados, zabal gaitezen, Kanadara, Madagaskarra, Indiara… mundura! Ekar ditzagun elkarrizketatuak mundutik, ez baitago gauza itxiagorik mundu Espainiari deitzea baino. Eta EiTBk
Euskal Herriko erdaldunei mundua euskaraz edo euskararantz behintzat erakusten ari ordez gehiegitan ari zaigu euskaldunoi, mundua delakoan, Espainia erakusten.”

Audientziek agintzen dute Euskal Irrati-Telebistan. Baina telebista publikoak itsu-itsuan audientziei egin behar al die jaramon? EITB hedabide publikoa izanik, libre egon beharko luke audientzien morrontzatik. Finantziazio publikoak aske egiten baitu. Ez baitzen sortu inguruko irrati eta telebista komertzialekin audientzietan lehiatzeko. ETBri kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzea, balio hezitzaileak, euskara eta euskal kultura sustatzea dagokio.

Audientziei jaramon egin beharko zaie, baina norabide estrategikoa aldatu gabe, helburu estrategikoak baztertu gabe. Telebista publikoa helburu batzuekin sortu bazen, helburu horiek adierazi behar digute bidea.

Telebista publikoa izaki, euskara, kultura, kalitatea, doakotasuna, zerbitzu publikoa bide horren marra gorriak behar dute izan, gaindiezinezkoak. Onargarria litzateke telebista publikoak telezaborra eskaintzea? Onargarria litzateke telebista publikoa doakoa ez izatea? Bada, ez da onargarria ere, audientzien lehia horretan, euskara eta euskal kultura bigarren mailan uztea. Goazen helburu estrategikoek markatutako bidea egitera, goazen audientziak hobetzera, baina bidetik atera gabe, helburuetatik aldendu gabe.

Juan Mari Torrealdairen hitzak ekarri nahi genituzke gogora: “AUDIENTZIA VS EUSKARA?: Telebista euskaldunari aurpegira beti egozten zaion zorioneko audientzi-eskasiaz hitz pare bat egin nahi nuke. Audientzi-irizpideen aurrez-aurre zerbitzu publikoaren kontzeptua dago, ez euskara. ETB, gogora dezagun, telebista publikoa da; zerbitzu publikoa, beraz. Eta honegatixe bere izan-arrazoian eta bere helburuetan oinarritzen da, eta ez audientzi-neurketan. Audientzia eta zerbitzu publikoa ez dira elkarren ukatzaile, kantitatea eta kalitatea beti eta berez ez diren bezala elkarren kontrako. Baina ez dira nahitaez betiere ondo moldatzen elkarrekin. ETBk audientzia behar-beharrezkoa du, bizi ahal izateko, eta horren bila moldatu beharko ditu programa batzuk. Baina ETBk diferente izateko obligazioa du, eta zerbitzu publiko dela demostratu beharra. Elementu bereizle horietan, zerbitzu publiko izatean egiaz eta benetan, hortxe dago bere
legitimitatea.”

Hizkuntzarentzat zerbait estrategikorik bada, Euskal Irrati-Telebista indartsua izatea da. EITBri dagokio herritar guztiei euskarara sarbide unibertsala bermatzea, herritarrak euskaran eta euskal kulturan osoki murgiltzea. Euskal Irrati-Telebista sendoa behar dugu, euskararen normalizazioaren ardura nagusia bere gain hartuko duena, euskara hizkuntza nagusia izango duena, euskal kulturan ardaztuko dena, euskarazko sorkuntza eta ikus-entzunezkoen benetako motorra, herria kohesionatzeko balioko duen prestigiozko hedabide publikoa, eraberritua, erakargarria, hezitzailea, herritarrentzat erreferentzia nagusia izango dena, eta euskarazko programazio oso, kalitatezko eta orekatua eskainiko duena.

Urgentziazkoa da, beraz, EITBk, bere euskarri eta lehio guztietarako, euskarazko sorkuntza, kultura eta ikus-entzunezkoen eskaintza zabal eta erakargarria osatzeko lanei ekitea, jakitun baikara kultura eta ikus-entzunezkoen eskaintzak berebiziko garrantzia dutela hizkuntza biziberritzeko eta hizkuntza estandar informala eraikitzeko. Beraz, ezinegon sakona eragiten digu EITBren egungo programazioa aztertu eta ikusteak euskarazko sortzaileek ez dutela beharko luketen tokirik, eta euskarazko fikzioaren eskaintzarik ez dagoela. Euskararentzat kuotak ezarri behar direla deritzogu, urtez urte handituko direnak.

Berreskura ditzagun euskarazko telebistaren sorrerako anbizioa eta asmoa. Berpiztu dezagun euskarazko Euskal Irrati-Telebistaren beharraren kontzientzia.

Izan ere, Euskal Telebista Izango da euskaraz, ala ez da izango!

Mila esker

Elixabete Garmendia eta Aritz Ganboa  Elixabete Garmendia eta Aritz Ganboa  Elixabete Garmendia eta Aritz Ganboa

Hainbat eragilek bat eginik Eusko Jaurlaritza eta EiTBri zuzendutako kanpaina jarri dugu abian, kultura eta ikus-entzunezko politikak errotik aldatzeko eskatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude