Euskal Herrian Euskaraz, ateak irekiz
Euskal Herrian Euskaraz, ateak irekiz >
Euskal Herrian Euskaraz trantsizio unean aurkitzen da, eta ideia sorta berria jarri dute mahai gainean. Planteamendu berrien inguruan sakon, luze eta zabal mintzatu gara Urko Aierbe bozeramailearekin, eta hurrengo astean jarriko dugu elkarrizketa ZuZeun.
Hala ere, aurrerapen txiki hau egin nahi genuen larunbata baino lehen. Zergatik? Bada bihar bertan izango delako Euskaraz Bizi egun nazionala Arrasaten.
Adi elkarrizketari datorren astean, badauka eta aski mami.
Aurtengo Euskaraz Bizi eguna testuinguru berezian datorkigu. Bai berreuskalduntze-prozesuak egun bizi duen apaldiak, bai mundu mailan zein Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketek EHEn eragin dute bete betean. Horregatik, krisi integral honi erantzuteko, azken urtean, “IZAN EGIN ERAGIN” gogoetan murgildurik ibili gara. EHE goitik behera berrikusi eta eguneratu nahi izan duen gogoeta.
EHEko kide eta kide ohiez haratago, irekia egin dugun eztabaida. Batzar ezberdinetan parte hartuz, bide ezberdinetatik zabaldutako galdetegiak erantzunez, osatu dugu “EUSKAL HERRI EUSKALDUNARI ATEAK IREKI” izeneko dokumentua.
Martxoaren 18an Arrasaten egingo dugun Euskaraz Bizi egunak, euskararen normalizazioa helburu duen jarduera, fase berri batera eramateko eredu izan nahi du. Euskararen alde gaudela argi eta ozen esatetik harago, Euskaraz bizitzera goazela erakusteko eguna izango dugu.
Hemendik, hortaz, euskaldun eta euskaltzale guztiei dei egiten diegu, Martxoaren 18an Arrasatera hurbildu, eta Euskal Herri Euskaldunari ateak irekitzen joateko.
Egitarau zabala prestatu dugu Martxoaren 18rako:
• 10:30 Txupinazoa
• Artisauen azoka
• 11:00 Umeentzako jolasak, tailerrak eta puzgarriak (karpa inguruan)
• 12:30 “EUSKARAZ BIZITZERA GOAZ EKITALDIA” (kulturaten)
• 14:30 Herri bazkaria Azoka plazan 15 euro
• 17:00 “THE HANS BLUES BAND
• 18:00 Bertso saioa “Alaia Martin, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jon Maia (karpan)
• 19:30 SAKATU elektrotxarangarekin “Mural kalejira”
• 21:30 kontzertuak (karpan) “Dirty Brothers, Willis Drummond, Ezten Giro erromeria
• DJ jo ta txo gaztetxean
• EGUNEAN ZEHAR: Kilikien kalejira, Txorbela abesbatza, txalapartariak, trikitilariak, dantzariak, Portaloiko abesbatza, txistulariak, Jasan eta Txuaren kontzertuak….herriko kaleetatik barrena.