Euskadi-txikiko (EAE) Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpenari ohar batzuk
Euskadi-txikiko (EAE) Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpenari ohar batzuk
Adierazpen eztabaidagarri eta eztabaidatu honek baditu zalantza eragiteko moduko pasarteak. Deigarrienak jarraian doazenak iruditu zaizkit, eta horiekin batera, Nafarroa eta Iparraldea aipatu ere egin ez izana, edo Euskal Herria izendapenaren ordez, “euskararen lurraldeak” erabili izana.
“Duela berrogei urte arte gizartean gainbehera zihoan euskara hazkunde nabarian jarri dugu”. EAEn euskararen ezagutza %25etik %35era hazi egin da 40 urteotan, baina erabilera ez aurrera ez atzera dago. Euskaldun elebakarrik ez da geratzen, erdaldun elebakarrak ia %65 direlarik. Euskarazko telebista kate bakarraren gainbehera ikusgarria da (gazteak dira gutxien ikusten dutenak)… Agiriak aipatu ere egiten ez duen Nafarroan ezagutzak ez aurrera ez atzera dirau %10 inguruan, erabilera hutsaren hurrengoa oso herri jakinetan ez bada. eta Iparraldean euskararen ezagutza (eta ospea) gainbehera dator etenik gabe.
“Ingurune jakin batzuetara mugatuta egotetik sekula bereak izan ez dituen esparru sozialetan ere nor izatera pasatu da”
Zein ingurune ez ditu sekula bere izan, eta zeintzuetara hedatu da, jakin badaiteke?
“Europako hizkuntza zaharrena izatetik, hizkuntza modernoa eta gaur egungo gizartera egokitua izatera (pasatu da)”.
Batetik, modernoak dira bizirik dauden hizkuntza guztiak, erabiltzaileentzat erabilgarriak diren neurrian. Eta bi, noiz utzi dio Europako hizkuntza zaharrena izateari? Eta azkenik, zaharrena denentz, zer axola du?
“Euskara bizitzen ari den zabalkundea gizarte osoaren nahi eta ahaleginari esker gertatu da. Gizarte osoak proiektu kolektibo gisa bereganatu izanari esker.”
Nahi bai! Gizartearen parte txiki baten ahalegin handiari, eta parte handi baten laguntza pasiboari esker gertatu da euskararen berreskurapen partzial bat EAEn. Nafarroan eta Iparraldean hori ere ez.
“Konpromiso publiko eta pribatuari esker… Gizartearen adostasunari esker.”
Konpromiso publikoa, zein erakunderena?
Zeri esaten zaio “pribatua”? Herri-ekimeneko ikastolei eta euskaltegiei? Herrietako euskara taldeei?
Zeri esaten diote “gizartearen adostasuna” agiria idatzi dutenek? Eta sinatzaileek?
“Euskarak eta gaztelaniak, erabilerari dagokionez, legezko aitortza berdina dute baina gizartean egoera desberdina bizi dute”
Legezko aitortza ez da berdina, Espainiako konstituzioak gaztelera derrigorrez ezagutu beharreko hizkuntza ezartzen duenez geroztik. Hori bai, gizartean egoera ezberdina bizi dugu oso: euskara gazteleraren azpian dago ia arlo guztietan.
“Hizkuntza-aniztasunaz harro gaudelako”
Hizkuntza aniztasunaz? Gure inguruko gazteleradunak gazteleraz daude harro, oso. Euskaldunok ezin dugu gure hizkuntzaz harro egon? Belaunez belaun herri honek gaurdaino biziraunarazi duen hizkuntzaz? Eta bai, bidenabar hizkuntza aniztasunari gure ekarpena egiten diogu, gazteleradun elebakarrek ez bezala.
“Euskara, … plazan nahi dugu, indartsu eta sendo nahi dugu bere lurralde guztietan”.
Bai? Nafarroan eta Iparraldean ere bai? Agiriak ezkutatzen duen Euskal Herrian?
“Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea: horra gure helburua… Euskara eta hizkuntza-elkarbizitza sendotzeko konpromiso bat hartu nahi izan dugu, nork bere neurrikoa, nork bere ahalaren araberakoa”
Sinatzaile guztiek nahi dute hori? Euskara % zero inguru erabili ohi duten PPk eta PSOEk, UGT-k eta CCOOk? Vocentok? El Mundok? Banco Santanderrek? BBVAk? El Corte Inglések?…
Propaganda kutsuko eta konpromiso zehatzik gabeko adierazpena sinatzea erraza da. Abenduaren 4tik aurrera euskarari eta beraz, euskaldunei bizkarra ematen jarraituko duten eragileekin batera sinatzearen onurak zein dira?
Juan Txolarrea
Begiralea
Salda egon, egongo da behinik bein. Oilo salda hain zuzen.
Hizcunça galcen bada Iphar Euscal Herrian (eta Communitate Foral Naffarroacoan), ez du merecico euscararen alde egoiten seguitzea.
Berçalde, argui dago behar duela euscarac Statu proprioa, Statu naffarra, salva dadinçat, eta halaz ere situatione horretan ere ez legoque bermatua salva ledin, bainan auquera bakarra du. Ez pleini guero galcen bada.
Ondo Juantxo. Gauzak argi, eta elebidun guayak Ebrotik behera!
Segurolari leidu netzan behin: “Gauzak gogorrean eta derrigorrean itotzen ziren lehen; orain gozotik eta onarpenetik egiten dira”.
v. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 2011n Nafarroan 16 urte edo gehiagoko
biztanleriaren % 11,7 elebiduna da, % 7,5 elebidun hartzailea eta % 80,8 erdalduna.
“Elebiduna”=gaztelera ondo dakiena eta euskara ondo edo ez hain ondo dakiela dioena.
“Elebidun hartzailea”= gaztelera ondo dakiena, eta euskara ulertzen duela dioena.
“Erdalduna”= gazteleraz baizik ez dakiela aitortzen duena.