Europa osoko hizkuntza gutxituetako ordezkariek bat egin dute azaroaren 4ko manifestazioarekin
Europa osoko hizkuntza gutxituetako ordezkariek bat egin dute azaroaren 4ko manifestazioarekin –
Europa osoko hizkuntza gutxituetako ordezkariak batzen dituen ELEN sareak euskararen aurkako oldarraldia salatzen duen ebazpena onartu du aho batez bere Batzar Nagusian.
Auzitegietatik emandako sententziak elkarbizitzaren eta demokraziaren aurka doazela salatu dute, eta hainbeste urtetan lortutako eskubideetan atzerapauso nabarmenak ekar ditzaketela ohartarazi dute.
Espainiako Gobernuari eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari deia egin diote euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia eteteko.
Atzo, ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarearen urteko Batzar Orokorra egin du Sardiniako hiriburu Casteddun (Cagliari). ELENek Europar Batasuneko 25 estatutan hitz egiten diren 50 hizkuntza eta 50 milioi hiztun ordezkatzen dituzten 174 erakundetako batzen ditu.
Aurtengo batzarrean Europa osoko hizkuntza gutxituen aldeko erakundeen 50 ordezkari baino gehiago elkartu dira, hizkuntza-politiketako aditu eta akademiko gonbidatu ugarirekin batera. Besteak beste, han izan da euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia, Euskalgintzaren Kontseilua; baita galizieraren aldeko A Mesa pola Normalizacion Lingüistica erakundea; eta katalanaren aldeko Plataforma per la Llengua, Omnium Cultural, Accio Cultural del Pais Valencia eta Obra Cultural Balear.
Arratsaldeko saioan, Batzar Nagusiak aho batez onartu du azaroaren 4an Bilbon euskararen alde egingo den manifestazioari babesa eta atxikimendua emateko ebazpena (Resolution).
Onartutako ebazpenean adierazten den bezala, «Europa osoan, eta bereziki Espainiako Estatuan, hizkuntza gutxituek urteak daramatzate muga politikoak jasaten. Euskararen kasuan, normalizazioaren aurkako oldarraldia ezaguna da, batez ere ipar Euskal Herrian eta aitorpen ofizialik ez duen Nafarroako eremuan. Azken hilabeteotan, berriz, euskararen kontrako oldarraldi judiziala ofiziala den lurraldeetara ere hedatu da, ofizialtasuna zein normalizazio prozesua zalantzan jarriz».
Horren aurrean, «ELENeko erakunde garen aldetik gure kezka sakona adierazi nahi dugu euskararen normalizaziorako neurriak eta prozedurak, eta beraz, milaka pertsonen eskubide zibilen betearazte osoa, baliogabetzen dituzten epai judizialen uholdearen aurrean» esan dute.
Halaber, justizia «gehiengoaren borondate demokratikoaren eta botere legegilearen gainetik pasatzen ari den hizkuntza-politika murriztaile eta atzerakoi bat zuzentzen ari dela» salatu dute. Izan ere, ELENen ustez, «gaur egun epaitegietan hartzen ari diren erabakiak elkarbizitzaren eta demokraziaren aurka doaz, eta hainbeste urtetan lortutako eskubideetan atzerapauso nabarmenak ekar ditzakete».
«Horregatik guztiagatik», adierazi duten ELENeko kideek, «Espainiako Gobernuari, eta bereziki Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari deia egiten diogu, gai honen inguruan neurriak har ditzan, eta behin betiko amaitzeko euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldia. Berdintasun, justizia eta gizarte kohesio kontua da hau. Funtsean, eskubide zibilen kontua».
Egoera honen izaera kezkagarria ikusita, giza eskubideak erdigunean jartzeko eta kolektiboki gure desadostasuna, ELENek «Euskalgintzaren Kontseilua antolatzen ari den manifestazioaren alde egiten du eta pertsona eta erakunde guztiak animatzen ditu azaroaren 4an Bilbon egingo den protestan parte hartzera, lege honen aurka, baina batez ere euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde, gainontzeko hizkuntza gutxitu guztienarekin batera» adieraziz bukatu dute.
Europa osoko hizkuntza gutxituetako ordezkariek bat egin dute azaroaren 4ko manifestazioarekin