Euri-langarra
Euri-langarra –
Euskaltegien inguruan Txerra Rodriguezen 10 galderei egin beste hamaika galdera eta komentario, esker onez.
Baga: Euskalduntzearen azken helburua zein da? Zein izan beharko litzateke? Zer gertatzen da euskara ikasi bai, baina titulurik nahi/behar ez duten horiekin
Garai batean Euskal herria euskalduntzea esaten zen eta egun: euskaldunak lehenbailehen ateratzea euskaraz bizi ahal izateko edo antzeko zerbait esango genuke, mamian aldaketa handirik ez dela. Honi beste galdera egingo nioke nik: euskaraz bizi bai, baina NON? Azalpenak hurrengo erantzunean.
Eta zer gertatzen da titulua atera bai baina euskara ikasi (‘???) nahi/behar ez duten horiekin?
Biga: Euskalduntzean itzelezko eragina du hiztunon komunitatean txertatzeak, hau da, euskaran sozializatzeak. Zer egin beharko lukete euskaltegiek hori sustatzeko?
Euskalduntzeak ez du inongo zentzurik sozializatze prozesu horren baitan ez bada eta euskaltegiek urte asko daramate horretan. Euskalduna soilik euskal komunitate batean izango da euskaldun edo ez da izango. Galdera da, non dago –egoera soziolinguistikoen aldeak gorabehera- komunitate hori? Hor aipatzen den soziedadea –hau denok dakigu zer den- ez dago euskaraz bizitzeko diseinatua erdaraz baizik. Hizkuntza politika guztiak horretarako eginda izan dira. Urteetako hizkuntza politika maltzurren ondorioz egun erdaraz goxo bizitzeko soziedade besterik ez dugu. Ikasleek ez dute lekurik aurkitzen. Ikasle ez garenok ere ez.
Higa: Zelan piztu euskara ikasteko desioa? Zelan elikatu desio hori euskalduntze prozesu osoan zehar?
Eta noiz arte segitu behar dugu norbanakoari desioa, ilusioa, ahalegina, heroizidadeak eskatzen. Trikimailua ez da makala: Herri honetan euskara bizi ahal izateko inolako biderik ez du ireki horretarako ahalmena zuen-duen agintari jendeak eta horretarako batere borondaterik izan ez eta norbanakoari eskatzen diote ilusio, desio, ahalegina… okerrena da estrategia maltzurra ondo errotuta dagoela soziedadean. Jendearen inplikazio pertsonala behar-beharrezkoa da baina alferrikakoa da euskaraz bizi ahal izateko hizkuntza politika sendo bat abian jarri gabetanik
Laga: Txillardegik aspaldi aipatu zuen, eta berriki Iñaki Iurrebasok ere aipatu du. Dagoen gaitasunerako erabilera altua da. Zer lan egin beharko lukete euskaltegiek gaitasun hori areagotzen? Zelan mantendu indartsu gaitasunaren lantegiek?
Egia da dagoen gaitasunerako erabilera altua dela,agian gaur egun, Txilardegiren garaian baino gehiago. Dagoen gaitasun hori neurri batean euskaltegian lortzen da baina ikasprozesua eten egiten da ondoren soziedadean sartzean .
Nire ustez oker handia da soziolinguistikatik etorri zaigun EZAGUTZA eta ERABILERA modu horretan bereiztea. Baleko ezagutza batek beti izango du erabilera oinarri eta aldi berean, erabilerarako ezagutza minimo beharko da, askotan euskaltegian lortutakoa, bestetan kalean edo nork bere kabuz. Ezagutza handitzeko bidea erabilera da eta ezagutza handiagotuta errazago erabiliko dugu. Ez dago bata besta gabe ulertzerik Bien arteko uztardura estuan dago gakoa. Euskaltegikumeei soziedadean erabiltzeko modurik ez aurkitzeak ezagueraren murriztea dakarkie eta aldi berean ezaguera murriztuak arazo gero eta handiagoak dakarzkie erabiltzeko unean.
Boga: Zein izan beharko litzateke euskalduntzearen arrakastarako metodologiarik egokiena? Zer oinarri izan beharko luke metodologia horrek?
Metodo hori aspaldi dago asmatuta urteetan eta modu kolektiboan. Ez da eskuliburua itxia, dabilen harria baizik: aldaketarako eta moldaketarako beti pronto dabilena. Oinarriak azalduta geratu dira gorago nik uste: eskola da baina kalerakoa –bizitzarakoa- da kalea –bizitza- ere eskola delako , edo hala izan beharko luke, nahiz eta ez den. Hor dago hutsa. Hizkuntza ikastea bonbardaketa besterik ez da. Hitzen bonbardaketa. Nork bere burua euskaldundu ahal izateko etengabeko euri-langarra behar da. Langarra, guztia bustitzen duena, konturatu orduko bustita zaude. Norbera bai, baina baita beste guztiak ere . Kolektiboa da, kontua. Euskaltegian badago euri-langar hori baina kalera (taberna, lagunak, pantailak, administrazioak…)atera eta langar hori erdarazkoa da eta askoz tematiagoa gainera, hor bai mela-mela eginda bukatu. Ikasle gaixoak, hortaz, bilatu egin behar du eta bilatze lan hori latza da, oso. Krudelak izan dira agintariak bere burua euskalduntzeko senperenak eta bi egin dituen herritar gixajoarekin. Agintari haiek bazeukaten gixajo haien mugen berri. Beraiek jarritakoak ziren eta, esanez bezala: “segi ezak, gixajo hori, ez haiz oso urruti ailegatuko eta!” Hau balorazio politikoa da, edo izan liteke, eta euskalgintza deituriko mundu horrek badu garaia, nire ustez, balorazio politikoak egiten hasteko.
Sega: Zer leku izan beharko luke euskal curriculumak euskalduntzearen barruan?
Euskal curriculuma esaten dugunean hizkuntzaz beraz gain, euskal literatura, historia, kantu bertso, ospakizun eta abarrez ari baldin bagara, euskaltegiak izan dira, euskal curriculuma ondoen eta sakonen sortu, garatu eta hedatu dutenak
Zai: Euskalduntzearen periferian dauden hainbat egitasmo (euskara planak, Aldahitz eta hari lotutako metodologiak, mintzapraktika egitasmoak, …) zelan integratu beharko litzateke euskalduntzearen erdigunean?
Egitasmo horiek ez daude, euskalduntzearen periferian; euskalduntzearen muinean eta zuztarrean baizik. Kalean ez zegoena -ez dagoena- antolatu, sortu beharra zegoen -dago-, ikasleei emateko. Hor aipatzen diren horiek aspaldiko ernamuin horien fruituak dira, nik uste.
Zoi: Zer gertatzen ari da Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan euskalduntzearekin? Zer irakaspen ekarri beharko lirateke EAEra?
Eta zer gertatzen ari da EAEn euskalduntzearekin? Esan liteke Iparraldean eta Nafarroan euskaltegira joaten diren gehien-gehienak euskaldun izan nahi hutsak bultzatuta joaten direla ibilbide erromantiko, epiko eta heroiko bati hasiera emanez. EAE berriz B1, B2, C1 eta F5 ateratzera doaz denak edo ia denak halako edo halako lanetan sartu ahal izateko. Hor titulua da beharrezkoa ez euskara eta titulu horrek zer bermatzen duen ere oso-oso dudatan jartzekoa da. Titulua beharrezkoa da lanean sartzeko baina behin hasita, kasu askotan, euskararen beharrik ez da lan horretan aritzeko eta desagertzen da mundutik, soziedadetik. Iruzurra ez da makala.
Bele: Badira han eta hemen euskara ikasteko metodo “informalak” (online bidezko tresnetako auto-ikaskuntza, euskara ikasteko bide autogestionatuak gaztetxe batzuetan, barnetegi autogestionatuak, …). Horietatik ba al dago zer ikasirik?
Ikasteko modu guztiak baliagarriak izan daitezke betiere komunitate bizi bat baldin bada, komunitate horren baitan eta komunitate horretarako arituz gero bertan bizi ahal izateko. Horregatik jarri diote komunitate horri giltzarrapo guztiak bertan itolarria eragiteko eta suntsitzeko. Horretarako, elkarbizitza, tolerantzia, aniztasuna, elebitasuna, eleaniztasuna eta…bezalako izen pozoitsuak jarri dituzte dantzan botere-guneen hemisferio horietatik.
Beste aldetik denak izan dira noizbait metodo infomalak, aukeran nahiago formalak baino.
Arma: Eta atzera begira jarrita? Zer erreskatatu dezakezu eta zer lurperatu 70 eta 80ko hamarkadetatik?
Garai hartan komunitate euskaldun batean euskaraz bizitzeko nahia ba ote zegoen zaila da esaten, garbi dagoena da orduan abian jarri ziren instituzioek ustezko nahi horri bidea ireki beharrean euskarazko izan zitekeen komunitatea itotzera jo zuten. Emaitzak hor dira: gizarte erdaldun bat Euskal-herri puskatu batean non euskara norbanakoaren eremu murritzean gelditu den eta norbanakoaren borondatearen araberako garapena izango duen, hau da hutsaren hurrengoa.
Euri-langarra Euri-langarra Euri-langarra