ETB1. Nik ia ez dakit

ETB1. Nik ia ez dakit

Ibon Sarasolaren “Bitakora kaiera” liburuak animaliko eztabaida sortu zuen Zuzeun, eta badirudi antzeko izenburua duen dokumentalak era berean harrotu dituela hautsak, ez edukiarengatik, baizik eta hizkuntzarengatik. Arrazoi bera, finean.

“Bitakora kaierak” ikus-entzunezkoen erakusketa bat izan da, pasa berri den urtean jazotako hainbat gertakari eta ideia jasotzen dituena, eta jende askoren ekarpenekin dokumental bat ere egin da. Horrela laburbiltzen dute Donostia Kulturaren web orrian lan honen nondik-norakoa: “Dokumental honek barne hartuko ditu dozenaka pertsonei egindako elkarrizketak, besteak beste: Fernando Bernués edo Bernardo Atxaga bezalako artistei; Donostiako alkate Eneko Goiari, eta hiriko alkate-ohiei, Juan Karlos Izagirre eta Odón Elorzari; Hiriburutzaren zuzendari ohiei, Eva Salaberriari, kasu; bizitza publikoan azpimarragarriak diren beste izen batzuei, tartean, Donostia Kulturaren zuzendari Jaime Otamendiri edo Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosi; baita kazetari, pertsona publiko eta herritarrei ere, modu zuzenean edo zeharkakoan Donostia 2016n parte hartu dutenak denak”.

ETB1. Nik ia ez dakitAtzo gauean, ETB1-ek dokumental hori eskaini zuen; arazoa da ez zigula “Bitakora kaierak” eskaini, “Cuadernos de bitácora” baizik.

Dokumentalean proiektuan parte hartu duen jatorri ezberdinetako jendea dago, eta entzungo ditugun hiru hizkuntzak euskara, gaztelania eta ingelera dira (gehienbat, bederen). Elkarrizketatuak euskaraz hitz egiten zuenean gaztelaniazko azpidatziak jartzen zituzten; gaztelaniaz mintzo zenean deus ez; eta ingeleraz mintzatzen zenean gaztelaniazkoak!

Euskarazko katea, argi eta garbi, erdaldunei zuzendutako edukiak ematen. Haserrea berehala piztu zen, agerikoa eta arrazoizkoa den bezala. Hauek twitterren ikusi nituen hainbat txio:

(Guztiak gizonezkoak; hori beste egunen batean aztertu beharko dut)

Egindakoa gutxi balitz, 2017aren tendentzia linguistikoa hau izango dela dirudi; zeren eta gaztelania presente egon zen urte-zahar gaueko ETB1-eko telebista saioan.

Beraz, eguneko horrelako egoera esanguratsu bat eskaini digu ETB1-ek 2017an; ea zer tokatzen den gaur.

Asko kritikatu dut ETB1 sarean, baina nire sentitzen dudalako, gurea delako, publikoa eta teorian euskalduna; bere kudeatzaileek egin dutena salatu dut maiz, baina bada aitortu behar dudan zerbait. Askotan sentitu dut zuzendariek hanka sartzen zutela, baina ez fede txarrez; hau da, bat edo beste kenduta, ez zaizkit “euskararen etsaiak” iruditu pentsamoldez, baizik eta beren ekintzak, haiek horrela ez ikusi arren, kalte egiten ziotela euskarari. Atzokoak bi aukera uzten dizkit: bat, fede txarrez jokatzen duen jendea dago ETB1en; bi, utzikeria eta zabarkeria inoiz ikusitakoak baino handiagoak dira.

Amaitzeko Ramon Zalloren aipamen hau, euskaraz ez baina hizkuntzaz asko esaten duena:

“Teleberriak “atentatu kurdua” esaten du, abizenik gabe, ardura herrialde bati emanaz, eta ez talde bati. Pentsatu: atentatu euskalduna, musulmana, ingelesa…?”

Josu Goikoren hitzak nire egiten ditut: nik ia ez dakit.

ETB1. Nik ia ez dakit

 

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

11 pentsamendu “ETB1. Nik ia ez dakit”-ri buruz

  • Neuk ere ikusi nuen. Hain nago gogaituta ETB1en jokabide ustelekin ze, ohitzen ere hasita nago. Sarri egiten ditu halakoak edo antzekoak, euskaldunak bigarren mailako sentiaraziz egun batean bai eta bestean ere bai.
    Galdera da… gure ordezkari abertzale oraindik euskaltzaleek badakite honen berri?
    Ikusten dute ETB1 noizbehinka sikiera?

  • Bittor Hidalgo 2017-01-02 09:52

    Nire semeak piztu zuen tba eta ezin nuen sinistu/eraman.

    Dimisioak egon beharko dute, ezta? Zeinena da ardura? Donostiako alkatearena? Bai. Donostiako ‘kultura’ euskara’ zinegotziarena? Bai. ETBren zuzendariena? Bai. EJko Kultura sailburuarena? Bai. Horrela ez. Horrela ezin da.

    Zuen guztion azalpenen eta kontu emateen eta ardura hartzeen zain…

    Bittor

  • Errotuluak:
    “Zuen patua da, eta zuen patua gure fortuna da”

    Azpitituluak:
    “Es vuestro pato, para fortuna nuestra”

  • Hizkuntza-zuzentzailearen oharra:

    Hobekixeago itzuli beharko litzateke esaldia.
    “Para fortuna nuestra, sois unos patos”

    • Patxi Lurra 2017-01-02 12:47

      Kar, kar, kar! Ahate zortedun asko dago. Eskerrak bestela “Goazen” moduko saioak dagozala… Urte zahar OFF!

  • EiTB, edo euskarazko katearen emaitza penagarriak ezkutatzeko teknikak.
    EiTB.eus-eko goiburua:
    “Lehendakariaren mezuak % 22,6ko audientzia izan du ETB1 eta ETB2 batuz”
    Eta berri luzearen azken lerroetan:
    “Bestalde, lehendakariaren urte amaierako mezuak %22,6ko audientzia eskuratu zuen ETB1 eta ETB2 batuta, azken zortzi urte hauetan lortutako emaitzarik onena, hain zuzen ere. ETB2n ‘Lehendakariaren Mezuak’ %18,4ko audientzia zatia izan zuen eta 135.000 ikus-entzulek jarraitu zuten EAEn eta eragin esparruan. ETB1eko emanaldiak, berriz, %4,2ko audientzia izan zuen eta euskaldunen artean % 9,4koa izan zen share hori.
    .
    Urkullu ETB2n ikusi zutenak zenbatu ditu EiTB.eus-ek: 135.000
    ETB1-en ikusi zutenak ez ditu zenbatu, baina 30.000 inguru izango ziren.
    Bestalde, %4,2 horrek euskaldunen %9,4 baino ez omen litzateke!
    Eta kate biak batuta, ikusleen %22,6 bildu bazituzten, ehuneko horrek euskaldunen %28 biltzen omen ditu.
    .
    Datuak oso esanguratsuak dira.
    Alderdi eta sindikatu espainierazaleek oso pozik egoteko arrazoiak dituzte.
    Alderdi eta sindikatu euskaltzaleek oso kezkatuta egoteko modukoak.
    Baina… badago alderdi / sindikatu euskaltzalerik?

  • Bestalde, %4,2 HORI euskaldunen %9,4 baino ez omen litzateke! (barka)

  • Sharearen % 18,4 (ETB2) 135.000 lagun baziren, % 4,2 (ETB1) 31.000 ziren. Kontuan hartzen badugu ETB2ko ohiko ikusleen heren bi euskaldunak direla, ondorioa da 31.000 euskaldunek jarraitu zutela Urkullu euskaraz, eta 86.000 euskaldun inguruk gaztelaniaz. Horra gure telebistaren tragedia. Eta foro honetan esandakoak esanda ere, egongo da ikusle euskaldunei errua botatzen dienik, euskaraz entzuteko aukera dutelark erdera lehenesten dutelako (jakina, euskarazko mezuaren orduan txikiteoan geunden oraindik).

  • A. Osinalde 2017-01-08 11:14

    Datu zehatzak eta hausnarketa interesgarria Josu, bai zurea eta bai beste guztion ekarpenena, mila esker denoi.
    Nik geroz eta garbiago daukat. ETB2-k eredu erdalduna eta espainiarra lantzen du, eta beraz, soberan dago; ez pentsamendu hori ez dudalako konpartitzen soilik, baizik eta merkatua eredu horretaz leporaino dagoela.
    Nik geroz eta garbiago ikusten dut. ETB2-k desagertu behar du, ETB1-k bizi ahal izateko; eta bai, onartzen dut, askotan Teleberria ikusten dut, zeren eta Gaur Egun jartzen dutenean ez naiz lanetik iritsi edota asteburuan poteatzen nabil oraindik.

    • Galdera bat, ze ia ez dut telebistarik ikusten eta gurasoen etxean noizbait Teleberri ikusi ohi dut: Gaur Egunen ere ematen dute Espainiari buruz Teleberrin agertzen den albiste mordoa?

    • Peru Dulantz 2017-01-09 09:07

      Eta opor-egun hauetan, arratsaldeko programazioan, ETB2n betiko programak, eguneroko aurkezle (Klaudio Landa) eta solaskideekin; ETB1n berriki ikusitako programen errepikapen enlatatuak. Argi baino argiago dago lehentasunak zein diren EITBn.